Edukira zuzenean joan

Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea

katalogoa

Hitzaurrea

Fabrice Hergott

Izenburua:
Hitzaurrea
Egilea:
Fabrice Hergott
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta FMGB Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
24 x 28 cm
Orrialdeak:
280
ISBN:
978-84-18934-39-1
Lege gordailua:
M-3232-2023
Erakusketa:
Oskar Kokoschka. Vienako errebeldea
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta politika | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Gizarte-kronika | Natura hila | Paisaia | Guggenheim Bilbao Museoa | Musée d'art moderne de la Ville de Paris | Lehen Mundu Gerra | Faxismoa | Nazismoa | Natura | Antzerkia | Londres | Paris | Viena | Adolf Hitler | Idazketa
Mugimendu artistikoak:
Espresionismoa
Artelan motak:
Pintura (olio-pintura)
Aipatutako artistak:
Kokoschka, Oskar

Oskar Kokoschkari atzerabegirako bakarra eskaini zaio Parisen; 1974an izan zen, Musée d’Art Moderne-n, eta grabatuak eta akuarelak bakarrik erakutsi ziren. Garai hartan, artista bizirik zegoen, eta Jacques Lassaigne-k, instituzioaren zuzendaria bera, hau idatzi zuen katalogoaren hitzaurrean: “Gizona gugana etorri da. Gure hiriaren paisaia-erretratu zabalak margotu ditu, eta gauza bera egin du Venezian, Pragan eta Londresen, bihotz-bihotzez margotuz. Artistaren izaera zirraragarriak txundituta uzten ditu harekin topo egiten duten guztiak. Haren izena ospetsua da mundu osoan. Oso altua da, urrutitik nagusitzeko modukoa. Formula deigarrien bidez adierazten ditu bere pentsamenduak, eta polemika sortu izan dute; alabaina, haren obra ulertezinki ezezaguna da oraindik”. Berrogeita hamar urte joan dira ordutik, eta Kokoschka, oraindik ere, Vienako Sezesioko artista nabarmenetako bat izan arren, Gustav Klimt eta Egon Schiele artisten parekoa, haren ospea murriztu egin da —bizi zela, oso famatua izan zen—, eta haren obrak “ulertezinki ezezaguna” izaten segitzen du.

1983an erakusketa handi bat antolatu zen, Kokoschkari eskainia, Bordeleko Arte Ederren Museoan: hori izan zen Frantzian artistari antolatu zaion azken atzera begirakoa, egiazko atzera begirako bakarra ere bai, eta ez zuen ezer aldatu. Kokoschka hil eta hiru urtera izan zen: beranduegi iritsi zen, edo agian goizegi. Egia da 1986an Centre Pompidou-n erakutsi zirela haren lanak, Vienne 1880–1938. L’Apocalypse joyeuse erakusketan, eta haren margolanek arreta handia piztu zutela, “ez baitziren errepresentazio objektibora mugatzen; [aitzitik] artistak bere gaien arima agerrarazteko duen gaitasun miragarriaren lekukotasuna ematen dute”. Baina Frantzian zaila da Kokoschkaren margolanen originaltasun izugarria behar duen neurrian estimatzea, izan ere, nahiz eta haren obra oso garrantzitsua den eta hori ezin den ukatu, bilduma publikoetan ez dago ale bakar bat ere; ahaztu egiten dugu, artistak edo haien lana deskubritzeko orduan, erakusketa oso bat bezain eraginkorra dela artistaren piezak museo bateko paretan erakusgai egotea, aldi baterako bada ere. Batzuetan, absentzia bera da misterioaren jatorria, eta absentzia, zenbaitetan, obrarekin zerikusirik ez duten faktoreei dagokie.

Lehen Mundu Gerraren ostean, Kokoschkak artista aleman gisa aurkeztu zuen bere burua Veneziako Biurtekoan; horrek urrundu al zuen ikusle frantziarrengandik, kontuan hartuta Alemaniako prentsak artista “atzerritartzat” jotzen zuela? Ala, bestela, Frantzian lotura gutxi zituelako izan ote zen? Denboraldi luzeak egin zituen bertan hogeiko hamarkadan eta hogeita hamarrekoaren hasieran, eta Jules Pascin-en eta Brassaï-ren adiskidea izan arren, ez zuen lortu mundu artistikoan txertatzerik. John Berger arte-kritikari britainiarrak atsekabe-izpi batez dioenaren arabera, artistak “ez zuen mintzaira berririk eratu”. Baina hori ez al da hautemate-kontua? Zer da mintzaira berri bat artean? Kokoschkak ikuspegi zabal-zabala zuen artearen inguruan —ondo erakusten dute hori bere idatziek eta, zehazki, 2021ean frantsesez argitaratutako saioek—, eta, hortik abiatuta, ez zuen uste arteak errotik alda zezakeenik gizartea. Hala, Antzinate klasikoaz geroztik margolaritza gutxi garatu zela iruditzen zitzaion.

Gainera, 1914. urtea baino lehen Vienan sortutako artea oso gutxi ezagutu zen Frantzian Bigarren Mundu Gerrara arte, eta hortik aurrera apurka-apurka eman zen ezagutzera. 1986an Centre Pompidoun egindako erakusketa izan zen Frantzian lorturiko aitortzaren gailurra; nolanahi ere, erakusketa eta bilduma nazionaletan ez dago garai horretako lanen funtsik. Egoera guztiz bestelakoa da beste herrialde batzuetan, hala nola Austrian, noski, baina baita Alemanian, Herbehereetan, AEBn eta Britainia Handian ere: herrialde horietan erakusketak antolatu dira, aldizka, Kokoschka hil eta gero, eta hango museoek, haren obraz ondo hornituta egoteaz gain, harro erakusten dute.

Hitlerren erregimenetik ihesi zihoala, Ingalaterran hartu zuten Kokoschka —Austrian gerra aurretik baino hobeto hartu zuten, egia esan— eta britainiar herritartasuna ere eman zioten. Ernst Gombrich historialariak hantxe ezagutu zuen, lagunak egin ziren, eta hainbat aldiz Kokoschkaren artea zein izaera goretsi zituen: artistak bazuen independentzia berezi bat, guztiz bat zetorrena ingelesen izaerarekin. Londresko Tate Gallery-n gordeta dago berrogeiko hamarkadan Kokoschkak egindako obra politiko guztia, eta han dago, orobat, artistaren azken autoerretratua, margolan txundigarria: Time, Gentlemen Please.

Kokoschkaren bizitza sutsua izan zen, alderdi pertsonalean zein ikuspuntu sozial eta historikotik begiratuta, eta oso nomada ere bai. Gertaera suntsigarriak bere hezur-haragitan pairatzea egokitu zitzaion, bai gerra bai amodioaren pasioa, eta, hala, soberan asetu zuen behaketarekiko eta ikuspegiarekiko zuen zaletasuna. Bizitza luzea izan zuen, eta, horri esker, XX. mendeko obrarik liluragarrienetako bat sortu zuen, baina haren lanaren muina bere gaztetako ekoizpenaren jarraipentzat hartu izan da; ziur aski hautemate-akats horrek zerikusia du errealismoarekiko zuen loturarekin.

Haren erretratuen antzekotasuna harrigarria da, eta halako lanek artistaren begirada zolia erakusten dute; arte modernoko erretraturik erakargarrienetakoak dira. Egiaren errepresentazioaren bilaketan, Kokoschkaren jarduna bat dator Karl Kraus-en formula honekin: artearen gezur handiak egia esatea lortzen du.

Natura hilen eta paisaien (hirikoak zein bestelakoak) erretratu nabarmenak egin zituen Kokoschkak, eta margolan historikoak ere sortu zituen; gainera, amodio-pasioaren margolaririk onenetako bat izan zen —ondo ikusten da hori Alma Mahlerri buruzko sailean—, eta artista politiko kementsua. Gizartea izan zen bere gai zentrala, baina margolan alegorikoak ere egin zituen, askatasun handiz. 1937an, “Artista degeneratu” baten autorretratua (Selbstbildnis eines “entarteten Künstlers”) margotu zuen, Hitlerrek arte modernoaren aurka antolatutako propaganda-erakusketari erantzunez, eta lan horrek erakusten du Kokoschkak ez zuela asmorik bere independentziari uko egiteko. Bere bizialdiaren erdian margotu zuen mihise hori, arrisku goreneko une batean; margolan horrek artista baten autokontzientzia baieztatzen du, modu baketsuan: norbanakoari eskainitako ereserki bat da, aldi berean sentikorra eta harria bezain sendoa, artistak margotzeko zein ikusteko zeukan artea bezalaxe.

Bere artelanak itzelak dira, bai, baina ezin dugu ahaztu erraldoi intelektual bat izan zela Kokoschka, eta oso presente egon zela era askotako konpromisoetan, bere existentziaren mailan: zurrunbilo bat amildegiaren gainean. Bere bizitza luzeak zalantzan jartzen du, ezbairik gabe, harako premisa hori, zeinaren arabera, hain maila gorenean hasita, artistaren obra ezin izango baitzen hain urrutira iritsi. Kokoschka, bizialdi bateko artista ez ezik, bizitzaren artista zen, eta existentziaren oparotasuna erakutsi nahi zuen kosta ahala kosta. Horrez gainera, pintura ez zen aski berarentzat. Margolanak eta lan grafiko ikaragarriak egiteaz aparte, antzerkigile emankorra, idazlea, hizlari nabarmena eta arte-irakasle bikaina izan zen. Mein Leben (Nire bizitza) eta Spur im Treibsand (Arrastoa harea mugikorretan) liburuak ditugu inoiz artista batek bere buruari buruz idatzitako testurik interesgarrienetako batzuk; gainera, Kokoschkaren zenbait idatzi frantsesera itzuli dira duela gutxi, eta horri esker are gehiago aberastu ahal izango dugu gizonaren eta obraren gainean dugun ikuspegia.

Bere pintzelkadak seguruak dira batzuetan, eta beste zenbaitetan, berriz, dardartiak; gainera, koloreen tratamendu aberatsa erakusten du, eta bi ezaugarri horiek direla medio bere garaiko artista barroko nagusitzat har genezake. John Bergerrek, adibidez, Peter Paul Rubens-ekin alderatu zuen, justizia osoz; munduari buruzko ikuspegi bera izanik, sinbolismoa sortzeko gai ziren biak, gaitik urrundu gabe. Bi artisten arteko antzekotasunak modu sinesgarrian zerrendatu zituen Bergerrek, eta, azkenik, zera gehitu zuen: Rubensek bezala Kokoschkak ere, “lorategi bat balitz bezala margotzen du giza haragia, eta pintzelkada bakoitza loratze bat balitz bezala”.

Gaur egun, artistek eta publikoak etorkizunera begiratzen dute, eta artearen iraganean bilatzen dute norabide egokian jotzeko modua. Horretarako baliagarriak dira Kokoschkaren lanak. Zergatik? Bada, ziur aski, suntsipena gertutik bizi izan zuelako, pairatu ere pairatu zuelako, eta ondoren hura konjuratzeko modua izan zuelako. Haren lanek ausart eta aske izatea proposatzen digute, esatea eta ikustea, gutxitan lotzen diren bi ahalmen. Oso bat datoz autobaieztapenarekin: norberak munduan duen existentzia fisikoa baieztatzea dekadentziaren eta ahanzturaren aurka.

Erakusketa hau hainbat aldiz atzeratu da 2020an eta 2021ean, pandemiaren ondorioz, eta ezin izango genuen egin gure bazkide eta lagun ugarien egonarririk eta babesik gabe. Lehenik eta behin, Oskar Kokoschka Fundazioa, Vevey hirikoa, erreferentzia iraunkorra izan da erakusketa antolatu bitartean. Jakina, Europako eta AEBko museo nagusi gehienak ere aipatu behar ditugu, Kokoschkaren lan askoren jabe baitira, eta ia beti erakusgai izaten baitituzte; gogoan ditugu, halaber, hainbat bilduma garrantzitsu, egundoko artista honen margolaritza azkenean Parisen eta Bilbon erakusteko beharrezko urratsak eman dituzte-eta.

Erakusketa honen abiapuntua sinple-sinplea da: Paris Frantziako hiriburua izan arren, eta Kokoschka artista guztiz garrantzitsua, hari buruzko erakusketa gutxi egin dira hirian. Proiektuaren katalizatzailea, dena den, duela ia 10 urte Dieter Buchhart-ekin izan nuen elkarrizketa bat izan zen. Hark bi erakusketa gogoangarri sortuak zituen, elkarren segidan, Musée d’Art Modernen: bata Jean-Michel Basquiat-i buruzkoa, eta bestea, berriz, Keith Haring-en gainekoa. Bizi-bizi aritu ginen hizketan, erakusteko moduko beste artista interesgarri batzuen inguruan. Kokoschka aipatu nuenean —betidanik gustatu izan zait artista hori, baina Frantzian ez da oso ezaguna—, hau azaldu zidan Buchhartek: haurra zela, Kokoschkaren erakusketa bat ikustera joan zen bere gurasoekin, Vienan; horri esker deskubritu zuen arte modernoa, eta erakusketa-komisario izan nahi zuela konturatu zen.

Eskerrak eman behar dizkiot ideiari jarraipena emateagatik eta gauzatzen jarduteagatik, Anna Karina Hofbauer-ekin batera eta Cedric A. Huss-en laguntzarekin. Erakusketa hau ez litzateke posible izango Parisko komisario Fanny Schulmann gabe —Musée d’Art Moderneko kontserbatzaile burua—, zeinari asko interesatzen baitzaizkio Europako abangoardiak: horren erakusgarri da 2016an Musée d’Art et d’Histoire du Judaïsme museoan antolatutako Arnold Schönberg. Peindre l’âme erakusketa bikainari egin zion ekarpena. Eskerrak eman nahi dizkiot, halaber, Anne Bergeaud-i, Hofbauerrekin batera proiektu zirraragarri hau kudeatzen aritu baita; orain, zenbat hilabete geroago, egitasmoaren bigarren etapa abiatu da, Guggenheim Bilbao Museoan. Eskerrak eman nahi dizkiet Parisko Musée d'Art Moderne, Paris Musées eta Guggenheim Bilbao Museoko lantalde guztiei, bai erakusketa antolatzeagatik bai katalogoa argitaratzeagatik; izan ere, katalogoak, kolaboratzaile guztien lanari esker —autoreak, diseinatzaile grafikoak, Paris Musées-eko argitalpen-zerbitzua—, begirada berri bat eskaintzen du obra gero eta biziago baten inguruan.

Fabrice Hergott

Parisko Musée d’Art Moderneren Zuzendaria