Pablo Palazuelo (Madril, 1915) funtsezko irudietako bat da XX. mendearen bigarren erdiko Espainiako artean, baina zoritxarrez bere obrak ez du lortu oraindik nazioartean zor zaion errekonozimendua. Bere obraren inguruko ezjakintasun horren arrazoiak bat baino gehiago dira baina, batik bat, abstrakzioaren ikuspegi linealegia, XX. menderako bidean postinpresionistek izandako esperientzietan oinarrituta eta hirurogeiko hamarkadan Minimalismoarekin azken ondorioetara iritsi zena. Artikulazio teleologiko horren arabera, arte modernoak dituen printzipioen (autonomia eta bisualtasun hutsa) goren unea adierazten du abstrakzioak. Eta egundaino ukatu ez den diskurtso horren hegemoniak eraginda bestelako hainbat praktika eta estetika, arte modernoaren barruan kokatu arren euren printzipioak modu heterodoxo batean barneratu izan dituztenak, ia ez dira aintzat hartu izan. Palazuelo litzateke egoera horretan dagoen egileetako bat.
Azkeneko hogeita hamar urteetako historiografiak abstrakzio idealista gisa sailkatu du bere obra, espiritualtasun-korronteekin eta artistaren eta bere obraren ikuspegi sakratu batekin estu lotua. Artistak, izan ere, pentsamendu-korronte jakin batzuen eragina jaso du esoterismoarekin, kabalarekin, filosofiarekin eta ekialdeko pentsamenduarekin erlazio estua duten korronteak izanik; baina, bestetik, matematika, fisika eta mendebaldeko pentsamendu zientifikoa ere funtsezkoak dira bere lanean. Bere obran, abstrakzioaren garapenak eta geometriaren erabilerak lotura estua dute forma berriak aurkitzean —ez asmatzean— oinarritzen den prozesu analitikoarekin. Bere lana gidatzen duen etengabeko aurkikuntza horrek formen bariazio amaigabeen bidez aditzera ematen den tentsioa dakar berekin.
Zentzu horretan, erakusketa —Manuel Borja-Villel eta Teresa Grandas komisario lanetan izan dituena— ez da ohiko atzera begirako erakusketa gisa planteatu, bere lanaren etapa desberdinak kronologikoki aurkeztuko lukeena. Horren ordez, prozesuaren, egikaritzaren eta erlazionaltasunaren nozioetara hurbiltzen den abstrakzio-mota aurkitzeko egin duen bilaketa-lana agerian uzteari eman zaio lehentasuna. Hainbat gai behin eta berriro aztertzen baditu ere, besteak beste, geometria edo materia, bere lanaren ardatz nagusiak alegia, ez dugu ahaztu behar obraren egitura formalaren eta bere poetikak sorrarazten dituen erreferentzien anbiguotasunaren eta aniztasunaren arteko lotura. Bisualtasun abstraktu modernoaren barruan sartu arren, sinboloekin erlazio handiagoa duten praktikak eta estetikak jorratzen dituen obra da, ikusgai dagoen horretatik abiatuta sortzen diren zirrituko espazioak arakatzen dituena, eta bilaketa eta agerraldi horretan ikusleak esku hartzea ezinbestekotzat hartzen duena.
Palazueloren lanean bateratze berezia sortzen da abstrakzio modernoaren bisualtasun formen eta performance-aren eta antzerki lan-metodoen artean. Hala, metodo horiek bat datoz 1967an Michael Friedek Minimalismoa kritikatzean planteatutako teatraltasunaren nozioarekin, “artea eta objektualtasuna” bere saiakeran (diskurtsoa, performance-ari lotutakoa eta izaera testuala barnean hartzen dituena, arte modernoaren bisualtasun hutsaren, autonomoaren eta autorreferentzialaren aurrean).
Erakusketak helburu hau bete nahi du, artista honen lanaren alderdi ezezagunenak, anbiguoenak eta helezinenak nabarmentzea, aurretik jendaurrean inoiz ikusgai jarri ez diren lan ugari gehituz. 350 obra baino gehiago bildu dituen erakusketa honek marrazki, gouache, pintura eta eskultura ugari barne hartu ditu.