Edukira zuzenean joan

Pierre Huyghe: (Titulurik gabea) Giza maskara

Film & Bideo

Pierre Huyghe: (Titulurik gabea) Giza maskara

Izenburua:
Pierre Huyghe: (Titulurik gabea) Giza maskara
Erakusketa:
Pierre Huyghe: (Titulurik gabea) Giza maskara
Gaiak:
Gizakia | Artea eta psikologia
Artelan motak:
Bideoinstalazioa
Aipatutako artistak:
Huyghe, Pierre

Guggenheim Bilbao Museoaren gune hau mugimenduan dauden irudiei eskainita dago modu iraunkorrean, eta azken hamarkadetan bideoarteak eta bideoinstalazioak arte garaikidearen garapen eta osaeran jokatu duten papera nabarmentzen du.

Pierre Huyghe-k 2014. urtean sortu zuen (Titulurik gabea) Giza maskara, Japoniako sake-etxe tradizional batean bezeroez arduratu eta haiek entretenitzen zituzten etxekotutako bi tximinoren benetako historia ezagutu ostean. Huyghen filmaketa inguru mortu batean kokatzen da; gertatu berri zen tsunamiak eta Fukushimako hondamendi nuklearrak eraitsitako etxeak bereizi ditzakegu bertan. Nonbaitetik iristen zaigun emakume ahotsak bere momentuan jendeari hondamendiaren gertutasunaren berri eman zioten abisuak gogora ekartzen dizkigu, baina guk entzuten dugun ahotsa beste ezbehar baten iragarpena da, akaso. Eraikin goibel baten barruan zehar biztanle bitxi bat dabil: antzerki-maskara japoniar tradizionala, emakume- ileorde bat, alkandora zuria eta eskolako uniforme baten antzeko soineko ilun bat daramatza soinean. Haren ibilera arraroak eta gorputzeko ilajeak tximino bat dela adierazi arren, jarrera arretatsu eta irrikatsuak, bai eta gorputz-hizkerak ere, akaso ikasia den gizatasun anbiguo bat dakarkigu gogora, jantziek eragindako efektu hutsa ez dena. Maskarak emakume-mamu bat iradokitzen digu, noh teatroko arketipo nagusietako bat, hain zuzen.

Izaki horren lehen planoen gainjartzetik abiatuta eraikitzen doa narrazioa. Tximinoaren mugimenduak are eta urduriagoak dira: leihotik begira, norbait ote datorren entzuteko geldi, edo ekaitz baten durundaren eraginez sukaldea artega arakatzen. Lokala hutsik egon arren, animaliak zalantzarik egin gabe burutzen ditu ikasitako eginkizunak. Horrela, hutsik dagoen mahai ilun batean ezpainzapiak arretaz jartzen eta botilak zerbitzatzen ikus dezakegu, edo jatetxeko bezeroei barrea eta harridura eragiten zien itzulipurdi berberak egiten. Maskararen higiezintasunak are gehiago azpimarratzen du animaliaren alienazioa; izan ere, animalia horrek gogoeta eta zalantza egiten du, larritu egiten da, bere ingurua antolatzen du eta neurri batean baino ulertzen ez dituen beste espezieekin batera existitzen da. Maskararen beraren mailan existitzen al da emoziorik, maskara horrek nolabaiteko mamu-barnekotasuna garraiatuko balu bezala? Animalia bat da eszenako protagonista, eta jokaera bat imitatzen ari da; horrek geure buruari aktorearen figura giza kulturaren eremutik haratago zabaltzen ote den galdetzera garamatza. Huyghen bideoak modu erradikalean jartzen gaitu galdera horiekin aurrez aurre, ez soilik ikusle bezala, baita espezie bezala ere.