Edukira zuzenean joan

Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz

hezkuntza-edukia

Kronologia

Oraingo honetan, Tarsila do Amarali (1886–1973) buruzko Didaktikak artistaren ibilbidearen inguruko kronologia labur bat aurkezten du, baita ikus-entzunezko bat ere, artistaren gertukoen testigantzak, grabazioak, gutunak eta artxibo-argazkiak biltzen dituena: Tarsilaren bizitza pertsonalaren eta profesionalaren gaineko begirada iradokitzailea, bere sorterriaren —Brasil— eta Parisko arte-giro biziaren artean igaro zituen urteak ardatz hartuta.

1886

Tarsila do Amaral irailaren 1ean jaio zen Capivarin, São Pauloko estatuan, kafe-plantazioak zituen familia batean. Haurtzaroa familiaren etxalde aberatsean igaro zuen eta eliteko prestakuntza jaso zuen bertan: pianoa jotzen zuen eta frantsesa ikasi zuen bere etxe-andereño belgikarraren eskutik.

1904–13

18 urte zituela, André Teixeira Pintorekin ezkondu zen, amaren lehengusu urrun batekin, eta 1906an alaba bat izan zuten: Dulce. 1913an banandu ziren eta Tarsila São Paulora joan zen. Han, pintura ez ezik, musika ere lantzen jardun zuen buru-belarri.

1916–21

Pedro Alexandrino eta Georg Elpons margolari akademikoen pintura-eskoletara joan zen. 1920an Parisera joan zen bizitzera, han Académie Julian ikastegian jaso zituen eskolak lehenengo, eta, ondoren, Émile Renarderen estudioan. Garai hartan, bere alaba Dulce Londresko barnetegi batean zegoen.

1922

Otsailean, Arte Modernoaren Astea egin zen eta gertakari horrek modernismoari hasiera eman zion São Paulon. Ekainean, Tarsilak Bosten Taldea sortu zuen Anita Malfatti, Paulo Menotti del Picchia, Mário de Andrade eta Oswald de Andraderekin batera; azken hori bere bikotekidea bilakatu zen. Klaxon hilabetekarian parte hartu zuen, hau da, arte modernoari lotutako lehen argitalpen brasildarrean. Parisera itzuli zen abenduan eta Oswald hurrengo hilean elkartu zen berarekin.

1923

Tarsila André Lhoteren eskoletara joan zen; udazkenean, Fernand Léger eta Albert Gleizesen estudioetan aritu zen. Udan, Italiara bidaiatu zen eta abenduan Brasilera itzuli zen.

1924

Rio de Janeiroko inauterietan izan zen, eta Minas Geraisko hiri historikoak bisitatu zituen. Martxoan, Manifesto da Poesia Pau-Brasil argitaratu zuen Oswald de Andradek, eta Tarsilak bat egin zuen harekin. Uztailean, Gobernu zentralaren aurkako altxamendu militarra gertatu zen, eta, horren ondoren, armadak São Paulo bonbardatu eta okupatu zuen. Irailean, Parisera joan zen Tarsila, eta Oswald azaroan elkartu zen harekin. Hurrengo urtean, berriz ere Brasilen, Parisen egitekoa zen erakusketa-proiektu batean gogor jardun zuen lanean.

1926–27

Otsaila eta maiatza bitartean Grezia, Turkia, Ekialde Hurbila eta Egipto ezagutu zituen, eta, geroago, Erroma bisitatu zuen. Ekainean, Tarsilak lehen bakarkako erakusketa inauguratu zuen Parisko Percier galerian. Abuztuan, Oswald eta biak São Paulora itzuli ziren, eta urrian ezkondu egin ziren. Bikoteak Santa Tereza do Alto etxaldean igaro zuen 1927 urtea.

1928

Tarsilaren Abaporu margolanak mugimendu antropofagikoa inspiratuzuen, eta maiatzean mugimenduaren manifestua argitaratu zuten. Artista Europara itzuli zen, eta Percier galerian jarri zuen bigarren bakarkako erakusketa.

1929

Irailean, Tarsilak bere koadroak Rio de Janeiroko Palace Hotelean eta São Paulon erakutsi zituen. Azaroan, New Yorkeko burtsaren beherakadaren erruz, bere etxaldea hipotekatu zuen. Urte amaieran, Tarsila eta Oswald banandu egin ziren.

1930

Pinacoteca do Estado do São Pauloko arte-arduradun kargua bete zuen Getúlio Vargasek azaroan estatu-kolpea eman zuen arte. Martxoan, Tarsilaren eta beste hainbat margolariren lanak Gregori Warchavchik arkitektoak diseinatutako Exposiçao de uma Casa Modernista erakusketan egon ziren.

1931

Bikotekide berriarekin, Osório César psikiatra eta idazle ezkertiarrarekin, Sobietar Batasunera bidaia egin zuen. Tarsilak Moskuko Mendebaldeko Arte Modernoaren Museo Nazionalean aurkeztu zituen bere lanak. Itzulerako bidaian, bikotea Parisen geratu zen, eta udazkenean Salon des Surindépendants delakoan erakutsi ziren Tarsilaren margolanak. Sonia eta Robert Delaunayrekin eta Georges Vantongerloorekin batera, artistentzako egoitzen eraikuntzan parte hartu zuen.

1932

Marxiano betiko utzi zuen Paris. Uztailean iraultza konstituzionalista piztu zen São Paulon, baina Vargasek botereari eutsi zion. Sobietar Batasunera egin berri zuen bidaiagatik, Tarsilak hilabete pasatu zuen kartzelan.

1933

Tarsilak SPAM (Sociedade Pró-Arte Moderna) eta CAM (Clube dos Artistas Modernos) elkarteek antolatutako protestetan parte hartu zuen. Urrian, Rio de Janeiroko Palace Hotelean erakutsi zituen bere lanak.

1935–36

Osório Césarrengandik bananduta, Rio de Janeiron jarri zen bizitzen Luís Martins idazlearekin, zeinak Tarsilak baino 21 urte gutxiago baitzituen, eta 1951ra arte iraun zuten elkarrekin. Enkarguzko hainbat erretratu egin zituen, eta Diário de S. Paulo egunkariko kronika kulturalak idatzi zituen 1956 arte.