Edukira zuzenean joan

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

Sarrera

Tximistaz Zuritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat

Erakusketa hau gizakiaren mugei eta haiekin egiten duen borrokari buruzkoa da, muga horiek hautsi eta zeharkatzeko asmoz eta muga horietatik harantz dagoen lurraldearen zati esanguratsuen jabetza fisikoa eta intelektuala lortzeko asmoz, bere gaitasunei —hasiera batean— galarazitako baina behin eta berriro imajinatutako mundua, lortu nahi den ezintasunaren espazioa. Jacques Lacan-ek zioenez “subjektuaren bidea ezinezkoaren bi harresien artean igarotzen da” eta erakusketa honetan harresi horiek eraisteko edo lekualdatzeko saioak aztertzen dira, bertako protagonistek ondorio gisa atera dutenez litekeena baita ezinezko helburuak bakarrak izatea lortzea merezi dutenak.

Ezinezkoa Helburutzat, gaindiezina dena gainditzeko nahi bizia -banakoarena nahiz taldearena-, Jainkotiar izateko desioa, Jainkoarengana heltzeko eta Berarekin parekatzeko, giza talde batzuen nahia zeregin titaniko, kimeriko edo zentzugabeei ekiteko hondamena eta adimenaren galbidea ondorioz ekarriz...

Norbere mugen kontzientzia tragikoa da, hain zuzen, giza identitateari izaera heroikoa eta titanikoa ematen diona, muga horiek suntsitzeko ahaleginak egiten dituen bitartean. Gizabanako finituak, mugatuak eta sakabanatuak bere burua Unibertso infinituarekin, mugagabearekin eta apartekoarekin kontrastatzen duen unean tentsioa sortzen da, eta hasierako larritasun sentimenduaren ondoren, tentsio hori indar sortzaile bihurtzen da, gure amets hondatuek eragindako desengainu malenkoniatsu bihurtzeraino.

Gai horiek guztiak Artearen Historian behin eta berriro landu izan dira: Benozzo Gozzoli-ren eta Brueghel Zaharraren Babel Dorrearen irudikapenak, Piranesi-ren espetxe-barrualdeak, espiralen eta labirintoen irudikapenak, Vladimir Tatlin-en III. Internazionalaren oroigarria, René Magritte-ren paradoxak, Frank L. Wright-en arkitektura helikoidala, Robert Smithson-en obsesio entropikoak, Walter de María-ren tximisten eremua, Daniel Libeskind-en arkitektura zartatua... Eta literaturak ere erakutsi du gai honetarako interesa: Mary W. Shelley-ren Frankenstein, Honoré Balzac-en Frenhofer, Franz Kafka-ren jauregi/bulego/gartzela, Jorge Luis Borges-en liburutegia...

Baina kontua ez da bakarrik Arteak ezinezkoa helburutzat irudietan adierazi izana. Beharbada ekintza artistikoak oinarrizko eta ezinbesteko era batean irudikatzen du betiko nahigabearen drama, bai eta antzematen den horretatik harantz, zikloa inoiz ixten ez duen sorkuntzatik harantz iristeko nahiarena ere. T. W. Adorno-ren arabera, artistak, bere ekintzen bidez, “erremediorik gabe galdutakoaren existentzia positiboa” frogatzen du, horregatik uko egingo ez diolarik.

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat erakusketan, ahal izan duten bezainbatean, hainbat ezintasunei aurre egin dioten artista-multzo baten lanak daude. Ezintasun horien artean, segurantzia, ezagutza, betierekoa, baztertzea, heriotza, bizitzaren sorrera jorratu dituzte, besteak beste, Charles Baudelaire-ren hitzak erabiliz, “inoiz ez ezagutuagatik ere, maite dugun mugagabetasunari atea zabaltzeko” ahaleginean betiere.

Ezinezko lanak burutu ezinekoak diren heinean, amaitu gabe gelditzea izaten da beren izaeraren ezaugarri nagusienetako bat. Hala ere, bukatu gabeko guztia ez da ezintasunaren emaitza, beste zenbait kausek ere, trebetasun-gabezia edota nekea adibidez, helburua ekinean ari garenean bertan behera uztea eragin baitezakete, baina, izatez, ezinezkoa den guztia, berau lortzeko ekinez gero ere, amaitu gabe gelditzen da beti, eta horrek ez du zertan porrot egin dela esan nahi.

Goiko azalpen honek iturritzat hartzen duen paradigma Babelgo Dorreari buruzko mitoa dugu. Dorrearen irudiak gizakiak izadiak (biologiko zein jainkotiarrak) ezarri dizkion mugak gainditzeko egiten dituen ahalegin guztiak ordezkatzen ditu. Dorrea eraikitzeko (gizakiek sortutako beste edozein obra bezala), Segurantzia behar da aurrena; ondoren, lortutakoa behatzean, Harrotasuna sortzen da; eta, azkenik, harrotasunaren ordez Harrokeria sor daiteke. Orduantxe agertzen dira Porrota (Tximista) Nahasmen moduan, edota Etsipena Atsekabe moduan, eta orduan bertan behera eror daiteke dena..., beste “dorre” bat (beste helbururen, xederen, edo goranahiren bat) eraikitzen hasteko.

Tximistaz Zauritutako Dorrea: Ezinezkoa Helburutzat erakusketan ondoko artistek sortutako artelanak biltzen dira: Leopoldo Ferrán (Irun, 1963) eta Agustina Otero (León, 1960), biak ere Irunen, Baztanen eta Parisen bizi eta lan egiten dutenak; Francisco Ruiz de Infante (Gasteiz, 1966), Parisen bizi eta lan egiten duena; Mabi Revuelta (Bilbo, 1967), Bilbon eta Iruñean bizi eta lan egiten duena; Javier Pérez (Bilbo, 1968), Bartzelonan bizi eta lan egiten duena; eta Gabriel Díaz (Iruñea, 1968), Madrilen bizi eta lan egiten duena. Artista hauetako bakoitzak erakusketa honetarako eta Guggenheim Bilbao Museorako berariaz sortutako hiruna lan aurkezten dituzte, Ferrán/Otero taldeak izan ezik, hauek lau pieza baitituzte ikusgai.