Edukira zuzenean joan

Txina: 5.000 urte

TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
Txina: 5.000 urte
Data:
1998ko uztailak 18 - 1998ko urriak 22
Komisariotza:
Jane De Bevoise, Julia F. Andrews eta Howard Rogers
Erakusketa mota:
Taldekoa
Gaiak:
Arte orientala | Artearen historia | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Historia | Txina | Tradizioa
Erakusketa birtuala:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/txina-5-000-urte

Txina: 5.000 urte erakusketan 500 bat artelan bildu ziren, Neolitotik gaur egunera bitartekoak. Txinako arte tradizionala eta modernoa batu zituen lehen erakusketa izan zen. Txinako artearen hainbat teknika-arlotan izan diren berrikuntzak eta aldaketak aztertzen zituelarik. Erakusketako lanak Txinako 17 probintziatako 50 erakunde publiko eta pribatutik gora lagatu zituzten, batzuk, gainera, ordurarte Txinatik inoiz irten gabeak. Hala, inoiz ez bezalako erakusketa ikaragarri zabala aurkeztu zen.

Erakusketako arte tradizionalaren atalean oraintsuko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuenak egon ziren, baita paisaje-pinturaren maisu-lanak, eskultura erlijioso bakanak, eta fin landutako luxuzko ondasunak ere. Bestalde, XIX. mendeko bigarren erdialdea eta XX. mendea hartu zituen atalak Txinako arte modernoari buruzko azterketa sistematikoa aurkeztu zuen.

Sherman Lee, Cleveland Museum of Art museoko zuzendari ohia, Txinako artean aditu ospetsua izan zen atal tradizionaleko erakusketaren komisarioa; zeregin horretan Howard Rogers izan zuen laguntzaile. Erakusketako lanak estetika irizpide harturik hautatu ziren, batipat garrantzizko zazpi arloetan (jadea, brontzea, hilobi-zeramika, gresa eta portzelana, eskultura, pintura, eta kaligrafia) gertatu diren berrikuntza eta aldakuntzen adierazgarri ere zirelako. Artelan horiek aztertuz, bi joera antzeman genitzake Txinako historian zehar: batetik kontzeptuen berrikuntza dugu, hain zuzen ere artistak naturaz gaindikotik gizakiari dagokionera eta, azkenik, naturara lerratzea; bestetik berrikuntza teknologikoa, artistek beren ideiak hobeto gauzatzeko bitarteko egokiak sortu nahiez gertatu zena.

Erakusketan arte modernoari dagokion atalaren arduradunak Julia F. Andrews, Txinako XX. mendeko artean espezializatua eta Ohio State Universityko irakaslea, eta unibertsitate berean ari den Kuiyi Shen izan ziren. Atal honetako piezek 1850.urtetik aurrera txinatar artistek modernitatea eta beren tradizioak nola uztartu dituzten erakusten zuen , Txinako historia konplexuan zehar, alegia: hirien industrializazioa, atzerritarren menpean igarotako aldiak, gerra zibilak, gobernu-aldaketak eta, amaitzeko, azken urteotan, nazioarteko erkidegoarenganako hurbilketa. Erakusketak agerian jarri zuen txinatar artistek zenbateraino onartu edo gaitzetsi dituzten Mendebaldeko konbentzionalismoak. Arte modernoari buruzko atal hau kronologiaren arabera antolatu zen, lau zatitan banaturik ("Berrikuntzak Txinako pinturan:1850-1959", "Belaunaldi modernoak:1920-1950", "Txina berriaren artea: 1950-1980", "Tradizioaren aldaketak: 1980tik gaur egun arte"). Atal modernoak oso artelan ezberdinak hartu zituen barne, besteak beste olio-pinturak, diseinu grafikoko lanak, xilografiak eta guohua izenekoak (tinta eta kolorez estilo tradizionalean egindako pinturak).

Dena den, batzuetan orokorrera jo beharra izaten da Txinako antzina-antzinako kulturaren emaitzarik bikainenak agertzeko. Hala ere, baliteke gauzak horrela azaltzeak - hots, lurralde batetik bestera dauden aldeak aintzat ez hartzeko, kultura homogeneizatzeko, eta sorkuntzako eta beheraldiko epealdiak nahasteko arriskuan erortzeak - jendeagan okerreko ustea sorraraztea, hain zuzen ere, Txinan ez dela ezer aldatu, ez dela bilakaerarik gertatu ustea. Txina: 5.000 urte erakusketak alde bakarreko irudi hori baztertu nahi izan zuen eta txinatarren artearen aldirik oparoenean izan diren sorkuntza eta berrikuntzaren berri eman. Ikusgai izan genituen artelan ugari eta askotarikoek argi asko adierazi zuten Txinako arteak alderdi ugari dituela; orain arteko batasuna nolabait gainditu eta XXI. mendearen atarian gaudelarik erronka korapilatsu eta zailari aurre egin behar dioten txinatar artisten potentziala ezagutzeko aukera izan genuen.

Txina: 5.000 urte erakusketa Guggenheim Museoak antolatu zuen, Txinako Herri Errepublikako Kultura Ministerioarekin, Txinako Herri Errepublikako Kultura Ondarearen Administrazio Nazionalarekin, Nazioarteko Erakusketetarako Agentzia Txinatarrarekin eta Art Exhibitions China erakundearekin elkarlanean.