Edukira zuzenean joan

Txina: 5.000 urte

Sarrera

Txina: 5.000 urte

Txina: 5.000 urte erakusketan 500 bat artelan bildu dira, Neolitotik gaur egunera bitartekoak. Txinako arte tradizionala eta modernoa batzen dituen lehen erakusketa da. Txinako artearen hainbat teknika-arlotan izan diren berrikuntzak eta aldaketak aztertzen ditu. Erakusketako lanak Txinako 17 probintziatako erakunde publiko eta pribatuek lagatu dituzte, batzuk, gainera, orain arte Txinatik inoiz irten gabeak. Hala, inoiz ez bezalako erakusketa ikaragarri zabala prestatu da.

Erakusketako arte tradizionalaren atalean oraintsuko aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuak daude, eta paisaje-pinturaren maisu-lanak, eskultura erlijioso bakanak, eta fin landutako luxuzko ondasunak. Beste alde batetik, xix. mendeko bigarren erdialdea eta xx. mendea hartzen dituen atalak Txinako arte modernoari buruzko azterketa sistematikoa aurkezten du.

Txina: 5.000 urte mugarria da Guggenheim Museoen nazioarteko programak garatzeko bidean. Museoetako bildumetan Mendebaldeko arte modernoa eta garaikidea nagusi delarik, Guggenheim-ek arteaz duen ikuspegia askoz zabalagoa da. Nazioarteko hedakuntzan —Venezian kokatu zen lehenik, 1979an, Solomon R. Guggenheim fundazioak Peggy Guggenheim Collection bildumaren ardura bereganatu zuenean— urrats handia eman zuen iaz Guggenheim Bilbao Museoa eta Deutsche Guggenheim Berlin inauguratu zituenean. Nazioarteko hedakuntzarekin batera, Guggenheim-ek bere programen jo-mugak ere zabaldu ditu eta Afrikako artearen nahiz Japoniako arte modernoaren erakusketak antolatu ditu, Mendebaldekoak ez beste kultura indartsu batzuk aintzatesteko asmoarekin. XXI. mendeko atarian, Txina, azken hamarkadetan munduko gainerako herriekiko konpromezu eta elkartasun estuagoaren bila aritu den herria, prest dago egundoko indarra izateko politikan eta kulturan. Hala ere, XX. mendeko artista txinatarren lanetan nabaria da modernitateak eta atzerriko eraginak sortzen dieten ezinegona, eta hori are hunkigarriagoa da kontuan izanik zein garrantzitsua izan den Txinaren iragana eta zein sakon sustraiturik dauden tradizioak txinatarrengan.

Sherman Lee, Cleveland Museum of Art museoko zuzendari ohia eta Txinako artean aditu ospetsua, erakusketaren tradizioaren ataleko komisarioa izan da; zeregin horretan Howard Rogers izan du laguntzaile. Erakusketako lanak estetika irizpide harturik hautatu dira, baina baita zazpi arlo garrantzizkotan (jadea, brontzea, hilobi-zeramika, gresa eta portzelana, eskultura, pintura, eta kaligrafia) gertatu diren berrikuntzen eta aldakuntzen adierazgarri direlako ere. Artelan horiek aztertuz, bi joera antzeman genitzake Txinako historian zehar: batetik kontzeptuen berrikuntza dugu, hain zuzen ere artistak gizakiaz gaindikotik gizakiari dagokionera eta, azkenik, naturara lerratzea; bestetik berrikuntza teknologikoa, artistek beren ideiak hobeto gauzatzeko bitartekoak sortu nahiz gertatu zena.

Piezarik zaharrenak Neolitoko jadeak dira (g.g.b. K.a. 3600–1700): zehaztasun handiarekin landutako irudi oso eder eta sendoak dira. Jade haietariko asko zertarako erabiltzen ziren zehatz ez badakigu ere, materiala lantzeko teknikaren fintasuna erakusten digute, eta antzinako txinatarren bizitza izpiritualean honelako ikurrek leku nagusia izan zutela gogoratzen digute. Beste alde batetik, Shang (g.g.b. K.a. 1600–1100) eta Zhou (K.a. 1100–256 inguru) dinastietako sinesmen eta erlijiozko praktikak adierazten dituzten brontze erritualak daude, bikain apainduak; lan horiek garai haietan brontzea galdatzeko tekniketan izan ziren aurrerakuntza miresgarriak erakusten dituzte. Lurralde batetik bestera alde harrigarriak daude estiloetan eta lanen eginkizunetan. Hori metropolietatik kanpoko galdategietako langileen teknika landuen eta trebeziaren adierazgarri da; orobat, Txinan antzina kultura askotarikoa izan zela gogorarazten digu.

Qin (K.a. 221–207), Han (K.a. 206–K.o. 220) eta Tang (618–907) dinastien aldietako erreketa-tenperatura baxuko zeramikak hilobietarako modelo arkitektoniko konplexuak eman zituen, eta haiekin batera baita animalia, gizaki eta naturaz gaindiko izakien tamaina naturaleko irudiak ere. Objektuok, eta eguneroko bizitzaren irudiez apainduriko hilobi-harlauzak, garai hartan txinatarrek heriotzaz zuten ustearen lekuko da: hil ondoko mundua bizien munduaren jarraipen idealizatutzat zuten. Tenperatuta handian erretako zeramikaren atalean portzelanaren bilakaera ageri da; portzelana Mendebaldean baino ia mila urte lehenago sortu zen Txinan. Erakusketan garai askotako emaitzak daude, Neolito aroko lehen zeramiketatik hasi, Song dinastiako (960–1279) gresaren klasizismo soiletik igaro, eta Ming (1368–1644) eta Qing (1644–1911) dinastietako estilo apaindu eta koloretsuetaraino.

Tradizioko artearen atalean harrizko eskultura budisten bilduma ikusgarria ere badago, paregabea tamainaz eta garrantziaz. Eskultura bilduma hau Txinako kulturaren eraldatze-ahalmenaren adibide ona da. Izan ere, Txinak atzerriko irudi eta estilo erlijiosoak bereganatu eta eraldatu zituen, bere adierazpen-moduei egokiturik. Tang dinastian garatutako eskultura estilo hau, giza irudi leun eta sentsualak, Asiako herri guztietako eskultura eredu nagusia izan zen.

Erakusketaren atal honetan, azkenik, pintura eta kaligrafia sorta garrantzitsua ere badago ikusgai. Song dinastiaren hasierako paisaje-pinturaren aparteko adibide batzuen ondoan Yuan dinastiako (1279–1368) letratuen kaligrafia lan handiak ikusi ahal izango dira. Ming eta Qing dinastietako korteen babespean lan egiten zuten artista profesionalek estilo kontserbadorean egindako lan ederren eta garai beretsuetako beste artista batzuek teknikaz zein konposizioaz egindako esperimentu muturrekoen artean alde harrigarria dago. Haien lanak inspirazio-iturri izan dira Txinako pintore modernoentzat.

Erakusketan arte modernoari dagokion atalaren arduradunak Julia F. Andrews, Txinako XX. mendeko artean espezializatua eta Ohio State Universityko irakaslea, eta unibertsitate berean ari den Kuiyi Shen dira. Atal honetako piezek XIX mendeko bigarren erdialdeko eta XX. mendean zehar txinatar artistek modernitatea eta beren tradizioak nola uztartu dituzten erakusten digute, Txinako historia konplexuan zehar, alegia: hirien industrializazioa, atzerritarren menpean igarotako aldiak, gerra zibilak, gobernu-aldaketak eta, amaitzeko, azken urteotan, nazioarteko erkidegoarenganako hurbilketa. Erakusketak agerian jartzen du txinatar artistek zenbateraino onartu edo gaitzetsi dituzten Mendebaldeko konbentzionalismoak. Arte modernoari buruzko atal hau kronologiaren arabera antolatu da, lau zatitan banaturik: olio-pinturak, diseinu grafikoko lanak, xilografiak eta guohua izenekoak (tinta eta kolorez estilo tradizionalean egindako pinturak).

Lehenengo atalean, “Berrikuntzak Txinako pinturan: 1850–1950” izenburupean, tradiziozko album edo erroilu formatuan egindako obrak bildu dira, atzerriko merkataritzara irekitako portu-hirietan aritu ziren artistek eginak, gehien bat. XIX. mendearen bigarren erdian, Yangzi ibaiaren delta inguruko lurraldeetako heziera klasikoko pintoreek beren erdigune artistikotzat hartu zuten Xangai, orduan metropoli modernoa zena. Txinatar ohiko arte-babesleentzat ez ezik merkatarien elite berriarentzat ere pintatu zuten. Artista talde hark, Xangaiko Eskola deitu izan zaionak, nahikoa eraberritu zituen Txinako pinturaren teknikak, kolore-erabilera eta gaiak, eta edertasun eta konposizio-indar handiko irudiak sortu zituzten. Mezenas berrien zaletasunek, hiri ingurune berriaren eraginak eta atzerritik onartu ziren elementuek sortarazi zituzten XIX. mendearen azken aldian Txinako pinturan gertatu zen berrikuntza.

1895 inguruan, txinatar ikasiak, artistak tarteko, beren kontzeptuak bideratu beharraz hausnartzen hasi ziren, ulertu baitzuten kulturaren arloan ez zeudela erdigunean jada eta Txina —txinatarrek beren hizkuntzaz “Erdiko Erresuma” esaten diote— bazter geratzen ari zela etengabe hazten ari zen munduan. 1895 eta 1950 bitarteko aldian artistek bide ugari urratu zituzten; guohua pintoreek, ordea, guztiz bestelako jarrera zuten artearekiko, sinestuta baitzeuden Txinako pintura tradizionalak iraun behar zuela, eta horrek haien artea nolabait bateratu zuen. Horrenbestez, berrikuntza izan zen txinatarren xedea, eta hura lortzeko hainbat bitarteko erabili zituzten, berdin baitzuten Mendebaldeko errealismora zein beren forma klasikoen berrantoladura.

Berriz, “Belaunaldi modernoak: 1920–1950” ataleko artisten iritziz forma modernoak beharrezkoak ziren, Mendebaldekoak batik bat, Txinako arteak garaiko gizartean bere lekua izango bazuen. Diseinatzaile grafikoek Europa, Amerika eta Japoniako estilorik modernoenak menperatzen zituzten, eta garai hartako literatura berria, erabat mendebaldekoa zena, apaingarri dramatikoz ematen zuten. egokiro. 30eko hamarkadan, batez ere, Japonian eta Europan ikasitako pintore txinatarrek Parisen edo Tokion ikasi berri zutena Xangain aplikatu zuten. Azkenik, 30 eta 40ko hamarkadetako xilografien bilduma ikusgarria dugu. Lan horiek Txinako politika, ekonomia eta gizartearen hondatzeak artistengan eragin zuen kezka bizia islatzen dute.

Hirugarren atalak, “Txina berriaren artea: 1950–1980”, Herri-Errepublikaren ibilbidearen lehenbiziko hiru hamarkadetan Txina osoan gauzatu zen errealismo sozialista aurkezten du. 50eko hamarkadan Moskuk Parisen lekua hartu zuen abangoardiako estiloen eredu gisa, eta artista gazte kementsuak Sobietar Errepublikara bidaltzen zituzten agintariek, goi mailako prestakuntza jasotzera. Hala, Sobietar Batasuneko errealismo sozialistak pintura estilo berariazkoa bilakatu zen txinatarren eskuetan.

Erakusketaren laugarren eta azken atalaren izenburua “Tradizioaren eraldaketak: 1980tik gaur egun arte” da. Epealdi horren ezaugarri nagusia Txinako pinturak tradiziotik abiatuta bide anitz jorratzea izan da. Geroago eta txikiagoa egiten ari zaigun planeta honetan homogeneitatea ere geroago eta handiagoa izango dela pentsatzekoa bada ere, azken hamarkadetan, ostera, Txinak harreman ugari izan du munduko gainerako herriekin, eta 30eko hamarkadan izan zenaren antzeko aniztasun giroa sortu da. Txina nazioartera zabaltzeak berekin ekarri du ondorio gisara txinatarrek zeinek bere erara erantzutea egungo munduan txinatar artista izatea zertan datzan dioen galderari.

Dena den, batzuetan orokorrera jo beharra egoten da Txinako antzina-antzinako kulturaren emaitzarik bikainenak agertzeko. Hala ere, baliteke gauzak hala azaltzeak —hots, lurralde batetik bestera dauden aldeak aintzat ez hartzeko, kultura homogeneizatzeko, eta sorkuntzako eta beheraldiko epealdiak nahasteko arriskuan erortzeak— jendeagan okerreko ustea sorraraztea, hain zuzen ere Txinan ez dela ezer aldatu, ez dela bilakaerarik gertatu. Txina: 5.000 urte erakusketak alde bakarreko irudi hori baztertu nahi du eta txinatarren artearen aldirik oparoenean izan diren sorkuntza eta berrikuntzaren berri eman. Ikusgai ditugun artelan ugari eta askotarikoek argi asko adierazten dute Txinako arteak alderdi ugari dituela; orain arteko batasuna nolabait gainditu edo egingo dugu, eta XXI. mendearen atarian gaudelarik erronka korapilatsu eta zailari aurre egin behar dioten txinatar artisten potentzialaz ohartuko gara.

Jane DeBevoise, Julia F. Andrews eta Howard Rogers-ekin

Txina: 5.000 urte erakusketa Guggenheim Museoak antolatu du, Txinako Herri Errepublikako Kultura Ministerioarekin, Txinako Herri Errepublikako Kultura Ondarearen Administrazio Nazionalarekin, Nazioarteko Erakusketetarako Agentzia Txinatarrarekin eta Art Exhibitions China erakundearekin elkarlanean. Erakusketan hauek izan dira laguntzaile: Ford Motor Company, Lufthansa, Nokia, eta The Coca Cola Company.