Edukira zuzenean joan

Vito Acconci / Sergio Prego: YOU

Film & Bideo

Vito Acconci / Sergio Prego: YOU

Berrogeita hamar urteko ibilbidean, Vito Acconcik adierazpen artistikoa arakatu zuen poesia, argazkigintza, bideoa, performancea eta instalazio-artearen bidez.

1980ko hamarkadaren amaieratik 2017an hil zen arte, Acconci diseinu eta arkitektura esperimentalean aritu zen bere Acconci Studio konpainiako jardunaren bitartez.

Sergio Prego euskal artista garaikidearekin izaniko adiskidetasuna eta lankidetza dira erakusketa honen ardatza, Acconci Studion aritu baitzen Prego 1996 eta 2002 bitartean.

Erakusketak elkarrizketa moduko batean aurkezten ditu bi artiston lanak, eta, gainera, Pregok berak diseinatua da Acconciren filmak erakusten dituen proiekzio-egitura. 

Vito Acconciri bereziki interesatzen zitzaion eguneroko ekintzak muturrera eramatea, eta maiz saiatzen zen prosaikotasunaren balio estetikoa edo poetikoa nabarmentzen. Horixe egin zuen, esaterako, 1969ko Running Tape lanean, zeinaren izenburu anbiguoak adiera bat baino gehiago izan baitezake euskaraz: Korrika aritzeko zinta, Korrika dabilen zinta, Zinta abian... Soinu-pieza horretan, artistak korrika zeharkatzen du New Yorkeko Central Park, eta, lasterka dabilela, urrats bakoitza zenbatzen du bere ahotsa grabatu bitartean. Arnasestuka, agerian geratzen da haren ahalegina obra sortzeko prozesua deskribatzen duen bitartean:

“Grabagailua gerrikoan, eta mikrofonoa eskuan.

Korrika eta pauso bakoitza zenbatzen lasterka nabilen bitartean.

Beharrezkoa denean —nire hitzak nahasten direnean, arnasestuka hastean—, gelditu egiten naiz; mikrofonoan arnasa hartu, hatsa berreskuratu, eta korrika jarraitzen dut, pausoak zenbatzen”.

Ikusgai dago, baita ere, Julia Loktev zinemagile eta artista bisualak Acconci Studiori buruz egindako dokumentalaren pasarte bat. Bertan, Acconcik zenbait proiektu deskribatzen ditu bere estilo gogoangarri eta zehatzarekin. 

Gelaurrearen beste aldean, Sergio Pregoren lau bideo-lan daude ikusgai aldi berean, monitore banatan.

Pregok zalantzan jarri ohi ditu mugimendu linealari eta hura espazioan eta denboran irudikatzeko moduari buruzko aurrez ezarritako ideiak.

Obra horietan, artista edo haren laguntzaileak ageri zaizkigu, zenbait testuinguru arkitektonikoren aurrean lebitatzen edo erreakzionatzen, mugimendu eta gorputz-jarrera ezinezkoekin. Irudi finkoak hiru dimentsioko animazio moduan muntatzen dira, eta muntaia horiek aurrez aurre jartzen diguten munduan badirudi fisikaren legeak aldatu eta perspektibak biderkatu egiten direla.

Pregok efektu hori bilatu zuen, esaterako, Cowboya inertziaz arrastaka eta Kliska lanetan: 40 argazki-kamera baino gehiago erabili zituen hartualdi bakoitza egiteko, eta, era berean, ekintzaren une jakin bat ikuspuntu desberdinetatik harrapatzeko.

Mugimendu-ilusioa behin eta berriz hausten da. Gelditu egiten da errealitatea azaleratzeko, eta eten-sentsazioa eta erritmo aldakorra sortzen ditu. Sekuentziaren hipnotikotasunak animatu egiten gaitu hiri garaikideetako ingurune oso eraiki baina inpertsonalak bizitzeko eta zeharkatzeko hamaika modu ikustera, irudikatzera eta esperimentatzera.

Denbora etetea eta espazioa manipulatzea bezalako gaiak agerian geratzen dira, orobat, Pregoren Sunoise izeneko piezan. Eskultura-lan handi hori 2005ean egina da. Bertan, beso mekanikoen bidez konektatutako bi hodi fluoreszente ageri dira piztuta; tolestu eta biratu egiten dira, dantzan ariko balira bezala areto baten erdian.

Areto nagusian, berriz, Vito Acconciren hiru film-lan daude ikusgai Sergio Pregok diseinatutako pantaila-multzo eskultoriko baten gainean proiektaturik.

1970eko Hiru egokitzapen-estudio film esperimental goiztiar bat da. Lan horretan, Acconcik hiru ekintza erraz baina gogaikarri jasaten ditu fisikoki: lehenik, begiak zapi batekin estalita, jaurtitzen dizkioten pilotak saihesten saiatzen da; bigarrenik, aurpegia xaboiz beteta, begiak erabat irekita edukitzen ahalegintzen da; eta, azkenik, ukabila ahoan osorik sartu nahian ageri da.

Zentroak izeneko 1971ko beste lan batean, Acconcik hatzez seinalatzen ditu kamera eta bere buruaren isla, enkoadraketatik kanpo dagoen bideo-monitore batean. Eszena bizia da, hatza pantailaren erdian mantentzen saiatzen baita artista, eta, indarrak huts egiten dion heinean, dardarka hasten da. Hitz hauekin kontatu zuen berak:

“Emaitzak —telebistako irudiak— buelta ematen dio jarduerari: nigandik at, kanpoko ikusle bat apuntatzen dudanez, zabaldu egiten dut enkoadraketa, eta igarotzen diren ikusleak barneratzen ditut bertan; zuzenean begiratzen dut kanporantz, zuzenean barnerantz begiratuz”.

1974ko Turn-on lanak ere izenburu anbiguoa du: Piztu zein Kitzikatu gisa itzul liteke. Obrak probokazioz betetako konfrontazio bat proposatzen du artistaren eta ikuslearen artean. Lehen plano itxi batean, Acconciren garondoa ikusten da. Ahapeka ari da kantatzen, lehenik lirismoz, gero indarrez. Bat-batean, jiratu egiten da, eta bere aurpegiak pantailaren lehen planoa betetzen du: begiak erdi itxita, guri begira dago, eta etenka hitz egiten du. Behin eta berriz errepikatzen du ziklo hori, gero eta bortxa handiagoz. Azkenean, jiratu eta hauxe esaten du Acconcik:

“Ni naiz, jada ez dut topatzen artea egiteko arrazoirik... Zuk noiz alde egingo zain nago”.

Hala, areagotu egiten du artistaren eta publikoaren arteko harremana, eta agerian uzten du artista ikusleen mende dagoela bere obra baliozkotzeko zein arrazoitzeko.

Sergio Pregok sortutako bi pantaila pneumatiko zeharrargitan aurkezten dira Vito Acconciren filmak. Keinu horren bidez, artista baten lana beste artistarenaren euskarri bihurtzen da: hala, itxuragabetu egiten dira indibidualtasunaren eta lankidetzaren mugak, eta zalantzan jartzen da bi egileen arteko distantzia historikoa. Acconcik berak esan zuen bezala: “Eraiki ezintasunak, agian, gauzak berrikustera eraman gaitzake; ez hainbeste iragana, baizik eta etortzeke dagoena berrikustera”.