hezkuntza-edukia
Yoshitomo Nara: Kronologia
- Izenburua:
- Yoshitomo Nara: Kronologia
- Erakusketa:
- Yoshitomo Nara
- Gaiak:
- Emakumea artean | Aurpegia | Haurrak | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Sinbologia | Erakusketak | Vietnamgo gerra | Ekologia | Lurrikara | AEB | Alemania | Japonia | Musika | Free jazz | Punk | Emozioa | Herri-kultura
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea
- Artelan motak:
- Eskultura | Instalazioa | Pintura
- Aipatutako artistak:
- Nara, Yoshitomo
1959
Yoshitomo Nara Aomori prefekturako Hirosaki hirian jaio zen, Japonian.
1987
Ikasketak amaitu zituen Aichi prefekturako Arte Eder fakultatean.
1988
Alemaniara joan zen bizitzera ikasketekin Düsseldorfeko Kunstakademien jarraitzeko. Bertan, 1991tik aurrera, A. R. Penck (1939–2017) margolaria izan zuen irakasle. “Mihise gainean margotzerakoan, marrazten ariko balitz bezala” margotzeko esan zion Penckek, eta akrilikoz egindako ezohiko marrazki sorta bat izan zen gomendio haren emaitza. Figura ausart bezain berezi haiek arrasto gorriz eta horiz saturatutako hazpegi lausotu edo esajeratuak zituzten, eta, konposizio aldetik, askoz ere sinpleagoak ziren Narak ordura arte egindako sareta-itxurako lanak baino.
Akrilikozko marrazki horietako batetik moldatua, Sutxakurrak (Irrlichter, 1989) margolaneko oinezkoak plano osoa betetzen du, eta hori-koloreko geruzen arrasto zabalen gainean dago margotuta. Lan horrek jauzi nabarmena markatu zuen Narak hain berezkoa duen estiloaren —hondo lauen gainean margotutako buru biribil handiz osatua— bilakaeran.
1992
Düsseldorfeko Kunstakademieko ikasleen urteroko erakusketan, Neskatoa labana eskuan (The Girl with the Knife in Her Hand, 1991) erakutsi zuen, ondorengo bidearen aitzindari. Hurrengo urtean, margolan hori hautatu zuten Koloniako Johnen + Schöttle galeriako erakusketa baterako.
1994
Koloniara joan zen bizitzera, kotoi-fabrika bat izandako eraikin batera, eta hantxe jarri zuen estudioa ere. Gero eta erakusketa gehiago izaten hasi zen Europan eta Japonian zehar. Hauxe dio garai hartaz:
“Kolonian barrena ibiltzen nintzen bizikletaz: galerien auzoa ikusi, taberna batean kafe bat hartu eta margotzen hasten nintzen ilunabarrean. Horrela igarotzen nituen egunak Alemanian, ezeren faltarik gabe”1.
1995
Tokioko Scai the Bathhouse galeriak In the Deepest Puddle izeneko bakarkako erakusketa eskaini zion. Mugarritzat hartzen dira hango obra asko, eta, haien bidez, Narak bere pertsonaien barne-mundu konplexuetara garamatza, dikotomia deserosoak sortuz samurtasunaren eta zaurgarritasunaren eta haserrea, antsietatea eta minaren artean. Erakusketak arrakasta izan zuen, eta haren ondotik Nararen lanak lehenengoz jarri ziren ikusgai Estatu Batuetan, Santa Monicako Blum & Poe galerian. Nagoya hiriko Artearen Sustapen Saria jaso zuen.
1996
Tokyo Pop eta Ironic Fantasy: Another World by Five Contemporary Artists izeneko talde-erakusketetan parte hartu zuen, Hiratsuka Arte Museoan eta Sendaiko Miyagi Arte Museoan, hurrenez hurren. “Japoniako pop berria” delako mugimenduan nabarmendu zen Takashi Murakami, Makoto Aida, Tarō Chiezō eta Mariko Mori artistekin batera.
1997
Kodokawa Shoten argitaletxeak In the Deepest Puddle [Putzurik sakonenean] argitaratu zuen, artistaren obrak biltzen zituen lehen liburua. Banana Yoshimoto eleberrigileak laudorio hitzak idatzi zituen liburuaren obi edo bilgarrian jartzeko. Argitalpen hari esker, Nara publiko zabalagoarengana iritsi zen, artezaleen esparrutik harago.
1998
Paul McCarthyk gomendaturik, University of Californian (Los Angeles) irakasle bisitari izatera gonbidatu zuten. Bertan zegoela, Takashi Murakamirekin bizi izan zen, hura ere irakasle gonbidatu gisa baitzegoen. Shōnen Knife emakume-banda japoniarreko Naoko Yamanok eskatuta, Narak marrazkiak egin zituen haien Happy Hour albumerako.
Estatu Batuetako bakarkako lehen erakusketa egin zuen University of Wisconsineko (Milwaukee) Institute of Visual Arts-en.
Nararen jaioterrian, Aomori prefekturan, Aomoriko Arte Museoa izango zena —2006an ireki zuten— prestatzeko batzordea Nararen obrak bildumarako gordetzen hasi zen. 1984tik 1997ra sortutako 124 lan bildu zituzten, besteak beste 90eko hamarkadako margolan esanguratsuak, hala nola Hazizurriak (Mumps) eta Azken poxpoloa (The Last Match), biak ere 1996koak.
1999
Eskala handiko lehen bakarkako erakusketa eskaini zioten Japonian, Walking Alone (Shiseido Ginza Arte Gunea, Tokio), eta New Yorken bakarkako lehen erakusketa antolatu zioten, Pave Your Dreams (Marianne Boesky Gallery). Gaztetatik miresten zuen Star Club punk bandaren Pyromaniac album berriaren maketa bat entzunez, Narak Piromanoa egunez (Pyromaniac Day) margotu zuen, bai eta CDaren azala izan zen Piromanoa gau betean (Pyromaniac Dead of Night) ere.
Naoko izeneko jarraitzaile batek Narari buruzko Happy Hour fan-webgunea sortu zuen. The Lonesome Puppy (Txakurtxo bakartia) liburu ilustratua argitaratu zuen Magazine Housek.
2000
Bakarkako bi erakusketa zabaldu zituen Estatu Batuetan: Walk On (Museum of Contemporary Art Chicago) eta Lullaby Supermarket (Santa Monica Museum of Art).
New Yorkeko Museum of Modern Art-ek (MoMA) Nararen 130 marrazki gehitu zituen bere bildumara.
Alemanian hamabi urte igaro ondoren, Nara Japoniara itzuli zen, batetik Koloniako bere estudioa eraistera zihoazelako eta, bestetik, Yokohamako Arte Museoan egitekoa zen I DON’T MIND, IF YOU FORGET ME. erakusketa prestatzeko. Erakusketa hartan, Narak publikoari bere lanak hautemanarazteko modu berriak probatu zituen: horma beregainak, une horretan bereizgarri zituen txakur zurientzako txabolek zeharkatuta; marrazteko gela txikiago bat, zurezko panelez egina; eta panpinak, Nararen jarraitzaileek eskuz egin eta museora bidaliak, erakusketaren izenburua osatzen zuten akriliko gardenezko letren barruan bildurik.
Garai horretatik aurrera, Narak etengabe esperimentatu izan du hainbat baliabideren teknika formalekin, baita koloreak mihisean zein marrak paperean duten neurriz gaineko gaitasunarekin ere. Konposizioari dagokionez, bere irudiak ia beti aurrez aurre jartzen hasi zen, zuzenean ikusleari begira. Figuren ile gero eta luzeagoak eta aurpegi gero eta helduagoak iradokitzen zuten bai pertsonaiak bai Nararen jardun artistikoa bera heldutasuna erdiesten hasiak zirela.
2002
Nara Afganistanera joan zen eta hango argazkiak bidali zituen FOIL aldizkariaren lehen ediziorako —ale hark “gerrarik ez” zuen gai nagusia—. Argazkietan hango biztanleriaren eguneroko bizitza islatu zuen, bertakoen eta lurraren arteko lotura fisikoa eta emozionala, are eta gerrak txikitutako eskualdea izanagatik etxe nozioak bere horretan jarraitzen duela. Aldizkariak Nara aukeratu zuen bere lanetan txertatzen zituen bakearen eta itxaropenaren aldeko esloganengatik.
Drawing Now: Eight Propositions taldeerakusketan parte hartu zuen New Yorkeko MoMA QNS-en.
2003
Beste artista garaikide batzuekin lan egin ondoren —besteak beste David Shrigley britainiarrarekin—, Narak proiektu berri bati ekin zion Hiroshi Sugitorekin, hura ere Aichi prefekturako Arte Eder eta Musika Fakultatean ikasia.
Nothing Ever Happens bakarkako erakusketa Estatu Batuetako bost lekutara eraman zuten; horietan lehena Museum of Contemporary Art Cleveland (Ohio) izan zen.
Osakako graf diseinu-enpresarekin elkarlanean S.M.L. (2003) aurkeztu zuen, kontainer moduko hiru gelaz osatua. Ondoren beste ekimen batzuk ere garatu zituzten elkarrekin, hala nola London Mayfair House (2006) eta Voyage of the Moon (Resting Moon) / Voyage of the Moon (2006).
2005
Narak rock alternatiboko Bloodthirsty Butchers talde japoniarraren Banging the Drum albumerako ilustrazioak egin zituen (taldekideak Nararen gertuko lagunak dira). Hiroshimako Arte Garaikideko Museoak eskatuta, bonba atomikoari buruzko lan bat sortu zuen: Borrokan desagertua-Neskak mutila ezagutzen du (Missing in Action-Girl Meets Boy). Urte amaieran Tochigi prefekturako Nasushiobara hirira joan zen bizitzera, eta estudioa ere bertan jarri zuen.
2007
Narak egonaldi artistiko bat hasi zuen Shigaraki herrian, Kyoto inguruko mendialdean; inguru hura XII. mendeaz geroztik Japonian egondako sei zeramikagintza-gune nagusietako bat da. Beira-zuntzez egin izan dituen akabera leuneko eskulturak ez bezala, Garai hartan sortu zituen buztin-lanak testuradunak dira, eta agerian uzten dute teknikaren materialtasuna.
2008
Yoshitomo Nara + graf: A-Z proiektua aurkeztu zen Baltic Centre for Contemporary Art-en (Newcastle, Erresuma Batua).
2010
Nararen zeramika-lanei eskainitako bakarkako lehen erakusketa, Ceramic Works, antolatu zuten Tokioko Tomio Koyama galerian. Halaber, bakarkako Nobody’s fool erakusketa antolatu zuten New Yorkeko Asia Society Museumen. Estatu Batuetako gizarteari egindako ekarpenena aitortzeko New Yorkeko International Centerrek kulturgileei ematen dien saria jaso zuen.
2011
Martxoaren 11n Tōhoku eskualdean izandako lurrikararen, tsunamiaren eta horien ondorioz Fukushiman gertatu zen istripu nuklearraren ondoren, Nara jaioterrira itzuli zen, Hirosakira. Bertan, amak eta biek etxeko gauzak bildu eta inguruko kaltetuen artean banatu zituzten. Bi margolan txiki osatu zituen, Borrokan desagertua (M.I.A., 2011) eta Neskato atomikoa (Atomkraft Baby, 2011), hondamendien biktimentzako dirua biltzeko, eta kaltetuentzako hitzaldi informalak eta tailerrak antolatu zituen Fukushima aldean.
Udan, Nara bere alma materrera itzuli zen, Aichi prefekturako Arte Eder Fakultatera, artista bisitari moduan. Ikasleekin batera jardun zuen estudio komunitario batean.
2012
Narak Yoshitomo Nara: a bit like you and me… erakusketa handia aurkeztu zuen Yokohamako Arte Museoan. Erakusketa Aomoriko Arte Museora eta Kumamotoko Arte Garaikideko Museora eraman zuten ondoren.
2000ko hamarkadaren erditik aurrera Nara teknika ugarirekin esperimentatzen hasi zen, eta Udaberri anderenoa (Miss Spring, 2012) margolanak horietako hainbat ageri ditu: geruzaka jarritako testura piktoriko ezberdinak, bitxi antzeko koloreak eta orban arrosa eta zuri haragitsuak. Pieza egun artistaren bereizgarri diren erretratuetako bat da, eta bertan irudikatutako figuraren gelditasunak eta espresio anbiguoak talka egiten dute testuren eta koloreen lanketa biziarekin.
2013
Japoniako Kultura Gaietarako Agentziak Arte Ederren Sustapen Saria eman zion. Lehenengo bakarkako erakusketa eskaini zioten New Yorkeko Pace Gallery-n.
2014
Naoki Ishikawarekin batera, Hokkaido inguruko eremuak esploratzeko argazki-proiektu bati ekin zion Arte Garaikideko Watari Museorako. 2011ko tsunamiaren eta hondamendi nuklearren ondoren bere sustraiei lotuta egin zituen proiektu ugarietako bat izan zen hura, eta 2015ean burutu zen museoan antolaturako binakako To the North, From Here erakusketarekin.
Bijutsu Shuppan-sha [Gerrarik ez!] liburua argitaratu zen, 80ko hamarkadaren amaieratik aurrera Nararen lanetan ohikoak diren gerraren kontrako mezuak erakusten dituzten obrei buruzko argitalpena.
2017
Mundu osoan sakabanatuta zituen lan esanguratsuak bilduta, Narak bakarkako For Better or Worse erakusketa zabaldu zuen Toyotako Udal Arte Museoan, Aichi prefekturako Arte Eder Fakultatetik gertu.
Abuztuan, hilabete igaro zuen Tobiu Art Community delakoan (Shiraoi, Hokkaido) artista egoiliar gisa. Tobiu Art Festival 2017: We Dream the Same Dream jaialdian parte hartu zuen.
2018
Nararen N’s YARD erakustaretoa inauguratu zen Nasushiobara hirian. Artistak Gwangjuko Bienalean parte hartu zuen Tobiuko instalazio batekin. Gerora, Bienaleko komisarioak, Yeewan Koon arte-historialariak, Narari buruzko lehen monografikoa argitaratu zuen arte-liburu espezializatu gisa.
2019
Yoshitomo Nara Fundazioa sortu zuten artistaren lana gorde, erakutsi eta sustatzeko. Nararen artelanei eta biografiari buruzko artxibo ofiziala osatzen hasi ziren, baita Yoshitomo Nara The Works [Yoshitomo Nararen lanak] izeneko online katalogo arrazoitua ere (azken horrek 2021ean ikusi zuen argia).
2021
Mika Yoshitake komisarioak Nararen nazioarteko lehen atzera-begirakoa antolatu zuen Los Angeles County Museum of Art-en: Yoshitomo Nara. Artistaren beti-betiko pasioan, hau da, musikan oinarritutako erakusketa hura Shanghaiko Yuz Museora eraman zuten hurrengo urtean.
2022
Ichinomiya hiriko eraikin historiko batean antolatzen den Aichiko Trienalean parte hartu zuen Narak. Erakusketaren ardatza Ilargi Zuri anderenoa (Miss Moonlight, 2020) eta Bizia-iturria (Fountain of Life, 2001/2014/2022) zirela, Narak “otoitza” iradokitzen zuen espazio lasai eta solemne bat sortu zuen.
Abuztua Hokkaidoko Tōyako herrian igaro zuen, bertako haurrekin egindako Furatto Nara San To (with Nara-San) marrazketa-proiektuan. Ekimenean osatutako lanak irailaren 4tik urriaren 2ra egon ziren ikusgai Nararen estudio izandakoan (Toita Ura).
2023
Marrazkietan oinarritutako lehen bakarkako erakusketa eskaini zioten Vienako Albertina Museumen: All My Little Words. Tōhokuko 2011ko lurrikaraz eta tsunamiaz geroztik igarotako hamabi urteetan Narak gauzatu dituen jarduerak aztergai hartuta, Aomoriko Arte Museoak —Nararen artelanen bildumarik handiena daukan erakundeak— bigarren banakako erakusketa eskaini zion artistaren obrari, eta haren ikasle-garaiko lan nabarmenak ere jarri zituen ikusgai.