Edukira zuzenean joan

Yves Klein

Sarrera

Yves Klein

Guggenheim Bilbao Museoak Yves Klein (1928–1962) artista frantziarraren atzera begirako osotua aurkezten du. Erakusketak bere ibilbide osoa hartzen du barne: bere lehendabiziko margolan monokromo laranjak, horiak, berdeak, arrosak eta zuriak, bere artelan monokromo urdin ospetsuak, belakizko erliebe eta eskulturak, Antropometriak, monodoratuak, eta sua, airea eta ura gisako elementu naturalekin eginiko bere azken esperimentuak. Kleinek sei urtean bakarrik osatu zuen obra ausartak ondorengo joera askori hartu zien aurrea, hala nola happening-ei, performance-ei, Land Art-ari (lurraren arteari), Body Art-ari (gorputzaren arteari) zein arte kontzeptualeko zenbait elementuri, eta gaur egun oraindik ere indarrean jarraitzen duen joera da.

Yves Klein 1928. urtean jaio zen Cagnes-sur-Meren. Haren aita, Fred Klein, margolari figuratiboa zen eta ama, Marie Raymond, Parisko Eskolako margolari abstraktua. Artista-familian jaio bazen ere, Kleinek judoka-karrera hasi zuen. Borroka-arte asiar honen filosofiarekiko eta praktikarekiko zuen zaletasuna —Tokioko Ko–do–kan institutu famatuan egin zituen ikasketak hamabost hilabetez— erabakigarria izan zen arteari buruz izan zuen kontzeptuan. Ko–do–kan Institutuko judoak Zen filosofiaren eragin handia du, eta adimenaren eta gorputzaren arteko batasuna, harmen-ahalmen handiagoa, hustasun-egoeraren bilaketa eta existentziarekiko guztizko harmonia irudikatzen ditu. Honez gain, Kleinek interes handia izan zuen oso gaztetatik Rosacruz Ordenako jarraitzaileek zabaldutako erlijio-irakaspen kristauekin. Errituak, immaterialtasunak eta hustasunak artistarengan bizitza osoan zehar piztu zuen arretaren jatorria ez dago, ordea, erlijio-dogma jakin batekiko inolako loturatan, gai espiritualekiko zuen kezkan baizik.

Klein 1955. urtean agertu zen lehen aldiz ofizialki artista plastiko gisa, Salon des Réalités Nouvelles delakoan Minio laranja koloreko unibertsoaren adierazpena izeneko bere monokromoa aurkeztu zuenean. Artelana, ordea, gaitzetsi egin zuen Aretoak, margolan bat sortzeko kolore bakar bat nahikoa ez zen argudioa emanez. Museoak aurkezten duen atzera begirakoak lehen monokromo hori, zuri, beltz, gorri, arrosa eta berde hauetariko batzuek osaturiko seriea hartzen du barne. Hasieratik, Kleinek pintzelak baino nahiago izan zituen arrabolak, modu honetan, margoaren aplikazioan artistaren eskuaren inolako arrastorik gera ez zedin. Kolorea, hortaz, gauzarik garrantzitsuena bilakatzen da bere obran. Kleinen mihiseak, margo-ertzen mugarik ez dutenez, ez dira plano gisa ikustekoak, espazioan zehar hedatzen diren halako koloretako dardarazko esparru gisa behatzekoak baizik. Artistaren ustez, kolorea “materializatutako sentikortasuna” zen. Bitarteko hau, ikusmen hutseko pertzepzio bat zentzumen bidez hauteman zitekeen kontzeptu zabalago bilakatzeko ahalegina adierazteko erabiltzen zuen. Artista frantziarrak, ikusleari kolorearen espazio mugagabean sartzeko eta inmaterialarekiko sentikortasun handiagoa esperimentatzeko erronka luzatu zion.

Kleinek egiteko jakina egotzi zion kolore urdinari, bere iritziz natura hautemangarriko motiborik abstraktuenak, hala nola zerua eta itsasoa, irudikatzen baitzituen. Horretarako, pigmentuaren jatorrizko argitasuna mantentzen zuen urdin kolorea bilatzen jardun zuen denbora luzean eta IKB delakoan (Nazioarteko Klein Urdinean) aurkitu zuen, hau da, Kleinek lagun kimikari baten laguntzaz garatu zuen itsasoz haraindiko urdin sakonean. Urdin hura patentatu egin zuen Kleinek gerora, eta orduz geroztik bere marka erregistratu bilakatu zen. Milanen, Parisen, Dusseldorfen eta Londresen gisako tokietan eginiko erakusketa indibidualetan aurkeztutako bere margolan monokromoei, eskulturei eta ekintzei esker berriz, sona handiko artista bilakatu zen laster nazioartean. Bere obraren ekintza-osagai horri esker, Kleinek arte-gertakari ikusgarri bilakatu zituen bere inaugurazioak, koktel urdinak eskainiz, edo Parisko herritarrengan urdinarekiko sentikortasuna handitzeko asmoz bertako zerura 1.001 globo urdin jaurtikiz. Bere proiektu utopikoetan, artista are urrutiago heldu zen: bere Iraultza Urdinak Frantzia osoa pintura-azalera izan zedin proposatzen zuen.

Lehen monokromoen aukeraketa zabalaz gain, Guggenheim Bilbao Museoak belaki urdinez eginiko erliebe- eta eskultura-kopuru handia ere aurkezten du, baita arrosa koloreko zenbait alde berezi ere. Belakiak eta pigmentuak nahasiz eginiko artelan hauek belakizko lehen erliebe monumentalen ondoren eginak dira Gelsenkirchen Antzokiko atarirako. Artistaren arkitektura zaletasunak, berriz, Werner Ruhnau alemaniar arkitektoarekin lan egitera eraman zuen, eta proiektu irudikorren serie bat landu zuten “aireko arkitektura” modukoa eginez. Kleinek hormen ordez aire-korronteak jartzeko izan zuen ideia arkitektonikoa, 1958. Urtean Parisko galeria batean aurkeztu zuen Le Vide (Hutsa) erakusketa bezain iraultzailea izan zen. Le Vide erakusketaren bidez monokromiaz haratagoko urratsa eman zuen artistak: guztiz hutsik zegoen gela batean, artistak zuriz margotutako hormek, espazio sentsibilizatuarekin eta sentsibilizatzailearekin jartzen zuten harremanetan zuzenean ikuslea. Arteak jada ez dirudi objektu bat, espazioan hautematen den arte-izate gisa ulertzen da orain. Le Vide erakusketa Kleinek bere horma zurien aurrean eginiko filmazio baten bidez aurkezten da atzera begirakoan.

Bere artelanik liluragarrienen artean Antropometriak dira aipatzekoak, bere garaian oso eztabaidagarriak izan zirenak. “Pintzel bizidunek” —modelo emakumezkoek, eta zenbaitetan gizonezkoek, bakarrik, bikotean zein taldean— mihiseetan eta formatu handiko paperean uzten dituzten urdin, arrosa eta urre koloreko arrastoak dira.

Kosmogoniak artelanetan Kleinek haizearen eta euriaren arrastoak jasotzen ditu, eta elementu naturalekin esperimentuak egiten jarraitzen du, hala nola Suzko margolanak izeneko bere azken artelan-multzoan. Fenomeno iragankor eta unibertsaletan arreta jartzen duten artelan hauek ekintza ikusgarrien bidez sortu ziren. Artelan-multzo honek zein Antropometriak izenekoek Kleinek ekintzari eman zion garrantzia ematen dute aditzera. Hemen ikusgai diren artelanak erlikiatzat har daitezke, Kleinek berak esan zuenez: “Nire artelanak nire artearen errautsak dira”.