Edukira zuzenean joan

Anquetin, Louis

Étrépagny (Frantzia), 1861 | Paris (Frantzia), 1932

Anquetin, Louis

Anquetin, Louis

DOKUMENTUAK IKUSI

Biografía

Louis Anquetin kloisonismoaren, 1880ko hamarkada amaierako lengoaia postinpresionistaren buruetako bat izan zen (frantsesezko cloisonner hitzetik: zatikatzea). Bereizgarri zituen forma murritzak, kolore biziko alde lauak eta beirate gotikoetakoen antzeko ingerada beltz lodiak. Anquetin Parisera lekualdatu zen 1882an eta, bertan, ikasketak egin zituen Léon Bonnat eta Fernand Cormonekin batera; hor, Émile Bernard, Henri de Toulouse-Lautrec eta Vincent van Goghekin adiskidetu zen. 1886an eta ukiyo-e japoniar estanpen eraginpean (kolore exajeratuak, ingerada lerrokatuak eta hondo lauak), gainditu egin zuen inpresionismoaren izaera naturalista. Jada 1887an, findu egin zuen bere kloisonismoa, eta Montmartreko kultura bohemioa adierazten hasi zen bere obran, bertako gaueko bizitza, kaleak, kabaret-kafeak eta ikuskizun aretoak pintatuz.

Urte luzetan, artelana suntsituta edo galduta zegoela uste izan bazen ere, Chez Bruant barruan: Mirliton (L’intérieur de Chez Bruant: Le Mirliton, 1886–87, 57. or.) margolanak mugarri bat ezarri zuen 1886 eta 1887 artean, urte erabakigarri horietan Anquetin urrundu egin baitzen George Seuraten dibisionismotik eta, trukean, kloisonismora lerratu. Margolan honek Aristide Bruant abeslari frantses ospetsuaren kabaret-kafe baten ikuspegi intimoa eskaintzen du, Montmartren. Cormoneko tailerreko lagunek barrualdea jendeztatzen dute; mahai biribiletan eserita, ezkerretik eskuinera: Toulouse-Lautrec (kapela luzez), Bernard (eskuin eskua mahai gainean), Paul Tampier (ikusleari bizkarra ematen), Albert Grenier (eskuineko muturrean, kapela zuriaz) eta François Gauzi (ezkerreko muturrean, ardoa edaten). Louise Weber kankan dantzari ospetsua, bere sakeagatik eta dantza kilikagarriengatik La Goulue ere deitua (“tripontzia”), gainera datorkie. Alkandora gorri batez, Bruant aretoaren atzealdean dago, zutik, aurpegia gas lanparak erdi ezkutuan uzten duela. 1890eko hamarkadan, Anquetin lerro eta itzaldura leunagoak egiten hasi zen eta, gero, haren pintzelkadak zabal, isuriagoak eta ingerada espresionistakoak bilakatu ziren. Gero eta interes handiagoa sortu zitzaion maisu zaharren metodoekin, batez ere Peter Paul Rubens-en giza anatomiaren irudikapen sendoekin eta, azkenean, alde egin zuen abangoardiatik. 1924an, liburu bat idatzi zuen artista flandestarraz, ondorengo izenburuaz: Rubens, sa technique: Analyse des tableaux de la galerie Médicis au Louvre

Parte hartutako erakusketak

Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17
Van Goghetik Picassora. Thannhauser legatua
2018ko irailak 21 - 2019ko martxoak 24
Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroix-etik Beckmann-era
2019ko urriak 25 - 2020ko otsailak 16