
Vallotton, Félix
Biografía
Lausanan heziketa klasiko bat jaso ondoren, Felix Vallotton artista suitzarra Parisera lekualdatu zen Académie Julianen ikasketak egiteko. 1890eko hamarkadan, Parisko argitalpenen industria kementsuan parte hartu zuen, kartelak zein ilustrazioak diseinatuz liburu eta argitalpenetarako (La Revue blanche eta Le Cri de Paris, esate baterako). Nabarmentzekoa da xilografiaren teknika berreskuratzeko egin zuen ekarpen garrantzitsua. Bere obra grafikoan zein piktorikoan, japoniar grabatuen eragina antzeman daiteke, guztiz nabarmena bi dimentsioko forma aratzetan zein lerro estilizatuetan (Vallottonek japoniar estanpen erakusketa garrantzitsu bat bisitatu zuen Arte Ederren Eskolan 1890ean eta, gainera, arte mota horren bildumagilea zen). Vallotonek hautatutako gaiek aurrekaririk gabeko ekintza anarkisten eta giza adimenaren azterketen eraginpean joandako 1890eko hamarkadako ideia politikoak, soziologikoak zein zientifikoak islatzen dituzte. Bere grabatuak etxeko zein kaleko eszenak irudikatzen dituzten eszenak dira, ondo definitutako trazu batez eta zuri-beltzez; sarritan, gizateriaren alde ilunena erakusten dute, baita gizarte frantses modernoaren kritika egiten ere. 1894an, Paris bizi-bizian (Paris Intense) seriea argitaratu zuen, hiriko eguneroko bizitzaren eszenak modu eztenkarian irudikatzen zituena. Estetika sinplifikatu bat bilatu zuen, kolorearen gainazal lauak eta uhin lerroak ezaugarri dituztenak, eta horrek bere artea nabienarekin uztartzen zuen, baita talde horrek Paul Gauguinen sinbolismoarekiko nahiz sintetismoarekiko zuen zaletasunarekin. Hain zuzen, Vallottonek nabiekin bat egin zuen 1892an.
1899an, Gabrielle Rodrigues-Henriques-ekin ezkondu zen, Alexandre Bernheim Jeune arte merkatariaren etxe oneko alabarekin. Horrek eman zion independentzia ekonomikoari esker, pinturan aritu zen osoki. Profil garbi eta ondo definituko erretratuak, emakumezkoen biluziak, paisaiak eta natura hilak ere egin zituen, pintura klasikoaren modura itxuratuak, Jean-Auguste-Dominique Ingres eredutzat hartuz, haren linealtasun eta zorroztasun formalaren enfasiaz. Hala ere, Vallottonen lanak beti mantendu zuen itxura moderno eta errealistagoa, argi eta itzalen arteko kontrasteak nabarmenduz; baliabide hori grabatuan egindako lanari eta argazkilaritzaren inguruko interesari esker ikasi zuen.
Parte hartutako erakusketak
- Degas-etik Picasso-ra: pintoreak, eskultoreak eta kamera
- 2000ko ekainak 6 - 2000ko irailak 10
- Paris, mende amaiera: Signac, Redon, Toulouse-Lautrec eta garaikideak
- 2017ko maiatzak 12 - 2017ko irailak 17
- Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroix-etik Beckmann-era
- 2019ko urriak 25 - 2020ko otsailak 16
- Serra/Seurat. Marrazkiak
- 2022ko ekainak 9 - 2022ko irailak 6