Edukira zuzenean joan

Alberto Giacometti. Atzera begirakoa

hezkuntza-edukia

Alberto Giacometti eta haren tailerrak

Izenburua:
Alberto Giacometti eta haren tailerrak
Erakusketa:
Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
Gaiak:
Lan-prozesua
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Giacometti, Alberto

Didaktika proiektuaren barruan, eremu didaktikoak eta jarduera bereziak daude; erakusketen osagarri dira, eta bertako obrak ikusten eta ulertzen laguntzeko tresnak eta baliabideak eskaintzen dituzte. Hezkuntza gune honetan, Alberto Giacometti (Borgonovo, Suitza, 1901–Coira, Suitza, 1966) eskultore eta margolari suitzarra hobeto ezagutu ahal izango duzu, baita haren lantoki izan ziren bi lekuak ere: batetik, haurtzaroko herrian, Stampan (Bregaglia), aitak izan zuen tailer argitsu eta zabala; eta bestetik, Parisen, Rue Hippolyte-Maindron kalean, alokatu zuen estudio txiki eta iluna, 1926tik aurrera erabili zuena, 40 bat urtez. 1950eko hamarkadan, Giacomettik bere lanak egiteko erabili zituen tailerrak dokumentatu zituzten hainbat argazkilarik (tartean Ernst Scheidegger). Hona hemen irudi horietako batzuk, baita Scheideggerrek eta Peter Müngerrek ekoitzitako ikusentzunezko baten zati batzuk ere, gaiari buruzko informazio gehiago eskaintzen dutenak.

GIACOMETTIREN PARISKO TAILERRA

1926ko abenduan, hil arte erabili zuen tailerrean instalatu zen Alberto Giacometti, alokairuan. 23 metro eskas zituen, eta Hippolyte-Maindron kalean zegoen, Montparnassetik hurbil. Haren anaietako bat, Diego, 1929an elkartu zitzaion, eta haren laguntzaile bihurtu zen. Albertok igeltsuzko eskulturak jartzeko erabiltzen zituen idulkiak eta metalezko egiturak eraikitzeaz arduratzen zen Diego, besteak beste, baita brontzezko eskulturei patina aplikatzeaz ere.

Tailerra txiki-txikia, estua eta deserosoa zen, eta gehigarri txiki batzuetan bizi ziren Giacometti anaiak. Bazter guztietan, liburuak, marrazkiak eta igeltsuzko eskulturak zeuden pilatuta, eta hain txikia zen lekua, ezen batzuetan artistak kalera atera behar izaten baitzituen eskulturak, haien eskalari buruz hausnartzeko. Maiz, Giacomettik zuzenean hormetan idazten zituen ideiak, edo zirriborroak egin. Bertan margotu zituen erretratu eta pinturetan, leihoetatik sartzen zen eguneko argi grisaxka ikus daiteke. Haren paletan nagusiki grisak zeuden, eta ukitu gorrixkaren bat zuten okreak. Sortzeko zuen obsesioa asetzeko, artistak behin eta berriro eskatzen zien posatzeko lagunei (adibidez, Simone de Beauvoir, Jean-Paul Sartre eta Isaku Yanaihara intelektualak) eta senideei (esaterako, Diego anaia eta Annette emaztea). 1932an, adibidez, bi marrazki egin zituen Donna Madina Gonzaga-rentzat, lagun egin zuen aristokrata italiar bat. Marrazki haien hondoan, figura nagusiaren atzealdean, artistak garai hartan egin zituen obretako asko ikus daitezke, baita oraindik amaitu ez zituen beste batzuk ere. Haien artean, bi nabarmendu behar dira, gaur egun Guggenheim bildumetan daudenak: Koilara-emakumea (1926–27, 1954an moldekatua) eta Emakumea oinez (1932).

1942an, Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, Paris utzi eta Genevara joan zen Giacometti. Diego arduratu zen tailerra artistak utzi zuen bezalaxe mantentzeaz hura 1945ean itzuli zen arte. Ordurako ospea eta erosahalmena izan arren, inoiz ez zuen utzi estudio hura, harentzat berezia zelako. Izan ere, eskultoreak adierazi zuen, estudioa txiki-txikia izan arren, zenbat eta denbora gehiago pasatu bertan, “orduan eta handiagoa bihurtzen zela”. Giacometti hil zenean, 1966an, leku hura jabearen eskuetara itzuli zen. Annettek, artistaren alargunak, bertako elementu guztiak gorde zituen: margotutako hormak, altzariak, eta leku txiki-txiki hartako bazter guztietan zeuden obrak. 2018ko ekainean, Giacometti Institutua inauguratu zen Parisen. Bertan, tailer hau berregin da, artistaren alargunak gorde zituen elementuei esker.

GIACOMETTIREN STAMPAKO TAILERRA

Albertoren aita, Giovanni Giacometti, margolari eta grabatzaile neoinpresionista suitzar ezaguna izan zen. Familiaren Bregagliako etxe ondoan zegoen ukuilu zaharra estudio bihurtu zuen, eta semearekin partekatu, hura haurra eta nerabea zela. Aita hiltzean, Albertok beretzat hartu zuen leku hura, eta, nahiz eta ordurako Parisen bizi izan, urtero itzultzen zen bertara, udan, ama eta gainerako senideak bisitatzera. Batzuetan, neguan ere joaten zen Stampara. Parisko estudioa txiki-txikia, grisa eta pobrea zen, eta nahasita zegoen; aldiz, Stampakoa handia, argitsua eta erosoa zen, eta ordenatuta zegoen. Stampako tailerrean, pinuaren zurarekin egindako hormen artean, Giacomettik marrazketan eta pinturan jarri zuen arreta, nahiz eta igeltsuzko eta buztinezko eskulturak ere egin zituen. Leihotik, artistak Bregagliako mendi izugarriak eta paisaia hostotsuak ikus zitzakeen, eta haiek marraztu eta pintatu ohi zituen, batez ere zuhaitzak; zuhaitzen formek giza irudia gogorarazten zioten.

Bertan, 1940ko hamarkadan, Giacometti amaren erretratuak egiten hasi zen, Annetta, nortasun handiko emakumea. Annette Arm ere, 1949an artistaren emazte bihurtu zena, ohiko modelo izan zuen eta patxadaz posatu zuen artistarentzat hainbat orduz, bai familiaren etxeko egongelan, bai Stampako tailerrean, baita eskultorearekin batera bisitatu zituen toki guztietan ere.

Giacometti oso zehatza zen bere lanean erretratatutako pertsona bakoitzaren posizioari eta artistaren eta modeloaren artean gorde beharreko distantziari zegokienez. Horrela, Stampako tailerreko zorua markaz beteta zegoen, eta inoiz ez ziren kentzen; modeloetako bakoitzaren aulkia, artistarena eta astoa zehatz-mehatz non jarri ziren adierazten zuten, eta oso lagungarriak ziren, bertan egondako denboran artistak lana amaitu ez bazuen, handik egun batzuetara edo hurrengo urtean berriz ere hari ekiteko, distantzia berean eta posizio berean.

Stampako estudioa berezia zen, arteari lotutako espazioa ez ezik, familiarena ere bazelako; aita-semeek hainbat urtez partekatu zuten, eta, ondoren, artista askotan itzuli zen bertara, ama bisitatzera eta sorkuntza-lanarekin jarraitzera. Bertan egin zituen obren artean, haren pintura grisetako batzuk daude. Artistaren hitzetan: “Grisean ikusten badut, eta esperimentatzen ditudan eta kopiatu nahi nituzkeen kolore guztien aniztasuna hautematen badut gris horretan, zergatik erabili beste kolore bat?”.