Edukira zuzenean joan

Alberto Giacometti. Atzera begirakoa

Sarrera

Alberto Giacometti. Atzera begirakoa

Izenburua:
Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
Erakusketa:
Alberto Giacometti. Atzera begirakoa
Gaiak:
Gizakia | Giza gorputza | Giza harremanak
Mugimendu artistikoak:
Arte Figuratiboa | Kubismoa | Surrealismoa
Teknikak:
Marrazkia
Artelan motak:
Eskultura | Pintura
Aipatutako artistak:
Giacometti, Alberto

“Mundua ikustea, ulertzea, hura biziki sentitzea eta esploraziorako dugun gaitasuna ahalik eta gehien handitzea”. Hitz horiekin deskribatu zuen Alberto Giacometti-k (1901–1966) bere ibilbide osoan zehar gidatu duen sormenbulkada. XX. mendeko itzal handieneko eskultore-pintore bati eskainitako atzera begirakoa hartzen du Museoak. 2017ko maiatzean ekin zion bideari erakusketak Londreseko Tate Modern-en, eta Parisko Fondation Giacometti-ren babesa eta mailegu andana ditu, artista suitzarraren garai guztietako funts bikain eta zabalak baitauzka erakunde horrek: garai kubista eta surrealistatik hasi, eta 1940ko hamarkadatik bere bizitzako amaierara arte egindako obra-multzoraino; azken aldi hori figuraziorako itzulerak markatu zuen. Eskultura, pintura eta marrazkiek osatzen dute erakusketa, eta sortzaile-belaunaldi askoren erreferente izan den artistaren obra berritzaileari eskainitako osoenetako bat izango da.

Alberto Giacometti. Atzera begirakoa erakusketak maisulan ugari biltzen ditu, aurretik sekula ikusgai ipini gabeko zenbait igeltsu original barne. Guggenheim Bilbao Museoak eta Parisko Fondation Giacometti erakundeek elkarlanean antolatu dute erakusketa, eta artistaren funtsezko artelanak aurkezten ditu: besteak beste, Lepoa moztutako emakumea, Gizona hatzaz seinalatzen eta Gizona oinez, baita Veneziako emakumeak multzo osoa ere, 1956ko Veneziako Bienalerako sortua. Fundazioaren Bildumako eta beste erakunde europar batzuetako 200 pieza anitzen bitartez, atzera begirakoak barne hartzen ditu 1920ko hamarkadan Parisen egindako ekoizpen goiztiarra nahiz 1960ko hamarkadako lorpen artistikoak, eta hala, Giacomettiren lau hamarkadako ibilbideren gaineko ikuspegi sakona eskaintzen digu.

Guggenheim Museoak antolatutako erakusketa, Parisko Fondation Giacometti-rekin elkarlanean.