New Yorken bizi den Anthony McCall artista britainiarraren obra filmiko erabat abstraktuen hautaketa bat jasotzen du erakustaldi honek. 1970eko hamarkadaz geroztik, McCallek mugimendudun argi-planoen proiekzioak erabili izan ditu hiru dimentsioko efektu eskultorikoak sortzeko; artistak “argi trinko” gisa definitzen ditu plano horiek. Argi trinkozko obra bereizgarri horietan, bat eginik ageri dira zinema-, eskultura-, marrazketa- eta instalazio-arloetako elementuak. Erakusketa honetan, gainera, jendaurrean lehen aldiz erakusten da Segundo-frakzioa Ispilua IV izeneko lana. Obra berri hori artistaren lehenbiziko piezetako batekin batera dago ikusgai, 1972ko Miniatura zuri-beltzean proiekzioarekin, hain justu. Bi lan horiez gain, azken hamarkadan zehar egindako argazki-sail bat ere badago aretoan.
McCallek 1973an sortu zuen bere lehenbiziko argi trinkozko instalazioa: Argia kono bat deskribatuz zuen izena, eta film tradizionala eta 16 milimetroko proiektagailu bat erabili zituen hura egiteko. Animazio-teknika soilen bidez, puntu zuri bat handituz zihoan pixkanaka-pixkanaka, zirkunferentzia oso bihurtzeraino. Irudi hura laino artifizialez betetako erakusketa-gune batean proiektatzen zen; hala, argi-sortak eskultura-tankera hartzen zuen, eta poliki-poliki eraldatzen zen espazio fisikoaren barruan.
Harrezkero, McCall argi trinkoaren teknika finduz joan da teknologia berriak eta sormenez betetako konfigurazioak baliatuz. Forma uhindu eta eliptikoekin egiten du lan maiz; oinarrizko ingeradak eta geometriak irudikatzen dituzten formekin, alegia. Bere obretan garrantzitsuak dira pantailen edo hormen gaineko argi-proiekzioak, baina baita ikusleek espazioan zehar mugitu ahala sortzen dituzten interakzioak ere, argia proiektatzeko gainazal bihurtzen baitira eurak ere. Horri dagokionez, hauxe adierazi du artistak:
“Nire lanek ezinbestekoa dute zure gorputza bertan egotea, hezur-haragitan, hemen eta orain. Eta aktibo [...] Dantza moduko bat sortzen da: batetik, hiru dimentsiotan gertatzen ari dena ikusi ahal izateko hara-hona ibiltzeak berekin dakarren egintza eskultorikoa dago, eta, bestetik, pieza bera lekuz aldatzen dela ikustea, hau da, objektu ezegonkor bat dela egiaztatzea”.
McCallen obrak etengabeko mugimenduan ageri dira; poliki-poliki eraldatuz doaz, baina publikoak haien bilakaera hauteman ahal izateko besteko abiadurarekin. Argi trinkoa erabiliz egin zituen lehenbiziko lanek harreman estua dute zinemarekin. McCallek proiektore analogikoak erabiltzen zituen orduan, zuzenean mahai gainean jarrita, eta irudi horizontalak proiektatzen zituen pantaila bertikal batean edo horman. 2000ko hamarkadaren hasieraz geroztik, edozein norabidetan orientatu daitezkeen gailu digitalekin lan egin izan du, eskultura-tradizioan ohikoagoak diren irudi bertikalak sortzeko aukera eskaintzen baitio horrek. Era berean, animazio digitala eta proiektore bat baino gehiago erabiltzen ditu pertzepzioaren ikuspegitik gero eta konplexuagoak diren formak osatzeko.
2018an sortu zuen McCallek abian duen Segundo-frakzioa saileko lehen obra; lan hartan ispiluak gehitu zizkion argi-proiekzioari. Guggenheim Bilbao Museoko erakusketa hau Segundo-frakzioa Ispilua IV obraren estreinaldia da. Film & Video aretoko gune nagusian ikusgai dagoen obra horretan, bi proiektore digital ispilu banatara begira daude, simetrikoki jarrita; hartara, argi-sortak bikoiztu egiten dira. Argia garaiera desberdinetan proiektatuta, efektu eliptiko eta horizontalak sortzen dira. McCallek espazioan birarazten ditu digitalki animatutako formak, eta marrazki bat konfiguratzen du poliki-poliki eraldatzen doazen plano gurutzatuekin.
Lanak esperientzia bitxia eskaintzen du; izan ere, badirudi irudi multidimentsional horiek trinkoak direla, baina argiz eginak dira berez, eta badirudi geldi daudela, baina ikusten da denborak aurrera egin ahala aldatuz doazela. Hemen eta orain mugituz doazen argi-eskulturekin interakzioan jardutera gonbidatzen gaitu McCallek, eta, hori egitean, zalantzan jartzen du narratibaren erabilera, edizioarena, baita zinema konbentzionalak argia, denbora eta espazioa manipulatzeko duen modua ere. Honela deskribatzen du artistak prozesu hori:
“Sarritan […] nire lanak nahiko motelak izaten dira, eta denbora pixka bat behar izaten dute. Beti uste izan dut bisitariak izan behar duela aretoko objekturik azkarrena [...] Horrenbestez, ideia ez da ikusleei emozio berri bat iradokitzea, baizik eta begiratzea eta gogoetatzea eskatzen duen zerbait sortzea”.
Gelaurrean, Zuri-beltzeko miniatura obra dago ikusgai, McCallen lan goiztiar eta funtsezko bat. Pieza hori hartu izan da maiz argi trinkozko instalazioen aitzindaritzat. 1972an egina da, eta garai hartan ezaguna zen karrusel motako diapositiba-proiektore bat baliatzen du 81 irudiz osaturiko errotazio bat ikusarazteko. Era horretan erakutsitako irudiek behatutako objektuaren hondar-inpresio bat sortzen dute erretinan, irudiaren negatiboa. Obra Gallery Housen egon zen lehenengoz ikusgai, areto batean bera bakarrik jarrita. Orduan ere jarraian funtzionatzen zuen, eta proiektorearen soinua piezaren parte zen.
Zuri-beltzeko miniatura lanetik gertu, 2017ko Ke-lainoa saileko zazpi argazki-inpresio daude, eskala handian eginak. McCallek argazkiak atera zizkion bere argi trinkozko proiekzioetako bati; lan hartan, elipse batek eta lerro batek argizko plano bat eta kono bat eratzen zituzten. Horiei bira ematean, McCallek forma kurbatu bat sortzen zuen, eta argazkiak egin zizkion zenbait angelutatik. Argi trinkozko filmetatik eratorriak izan arren, hemen ikusgai dauden irudi monumentalek esperientzia bisual eta emozional propioak eskaintzen dituzte. Lehen begiratuan, forma kiribilduek eta estela lausoek hodeien, planeten edo espazioaren argazkiak ematen dute. Halabaina, argi-proiektorearen eta argazkilariak erabilitako objektiboaren aztarnak agertzen dira maiz izkinaren batean, eta gogorarazten digute artistaren eskuak sortua dela argiaren, gunearen eta denboraren arteko topaketa iheskor hori.