Guggenheim Bilbao Museoko Film & Video aretoak mugimendudun irudiari lotutako praktika artistiko garaikidea du ardatz 2014az geroztik.
Hamargarren urteurrena betetzen duen honetan, Film & Videoren erakusketa-programazioak multimedia- eta instalazio-artearen aitzindari den Anthony McCall (St. Paul’s Cray, Erresuma Batua, 1946) artistaren obra goiztiarren eta egungo lanen sorta bat bildu du. Itxuraz xumeak diren baliabideen bidez, McCallen lanak fenomeno eskultorikoak sortzen ditu proiektatutako argia erabiliz, eta murgiltze-esperientzia batean sartzen ditu ikusleak. “Euren fisikotasunera baino ez daramaten” filmekin esperimentatzeko desirari erantzunez, forma mugikorrez osatutako oinarrizko lengoaia bat sortu du McCallek: lerro bihurtzeraino eraldatzen diren puntuak, askotan gurutzatu egiten diren segmentu zuzen nahiz okerrak. Pixkanaka tolestuz eta zabalduz doazen eite horiek espazioan egindako marrazki gisa, eskultura minimalista gisa edo zine abstraktu gisa uler daitezke; hain zuzen ere, hiru ikuspegi horiek 1970eko hamarkadaz geroztik agertu izan dira McCallen lanean, “argi trinko” kontzeptupean agertu ere. Artistaren ibilbide osoan zehar presente egon den ideia horrek argi-planoen proiekzio kontrolatuak erakusketa-gune batean eragiten dituen efektuekin du zerikusia. Itxuraz ukigarriak diren argi trinkozko forma horien orientazioa, kokapena eta eskala etengabe aldatuz doaz, eta bertatik igarotzera bultzatzen dute publikoa; interakzio paradoxikoa sortzen dute, izan ere, hartu-emanak ez du ukipen-sentsaziorik eragiten, harridura-efektu amaiezina baizik.
Erakusketa honek McCallen Segundo-frakzioa Ispilua IV (2024) deituriko obra berriaren aurkezpena ere hartzen du barne: argi-proiekzio horizontal bikoitza, bi ispilu handi, bi proiektore eta bi pantaila zeharrargi dituena. Elementu horiek nolabaiteko zatiketa edo mozketa bat eragiten dute aretoan simetrikoki kokatuta dauden argizko bi bolumen konikoetan, batak bestearen mugimenduak islatu edo biderkatu nahiko balituzte bezala. Forma horien arteko hartu-emana fenomeno bidimentsional edo argi-marrazki gisa hauteman daiteke sarreran; aretoaren bestaldean, aldiz, proiektatutako planoek bisitariek etengabe esploratzeko moduko gune bizi-biziak sortzen dituzte. Film & Videoren gelaurrean Ke-lainoa (2017) dago ikusgai, argi trinkoaren mugimendua izoztu egiten duen argazki-bilduma bat; argazki horiek laino artifizialak osatzen dituen —eta argi-sortak une ezberdinetan azalarazten dituen— testura konplexuak behatzeko aukera eskaintzen diete gure begiei. Obra horren ondoan Zuri-beltzeko miniatura (1972) dago; azken horrek esperientziari lotutako beste gertaera batez jabetzera bultzatzen ditu bisitariak: begiak inpresiorako euskarri efimero gisa funtzionatzen duela.