Edukira zuzenean joan

Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)

Sarrera

Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964–2009)

Izenburua:
Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964–2009)
Erakusketa:
Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964-2009)
Gaiak:
Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Gainazala | Materiala | Sinbologia | Tamaina
Mugimendu artistikoak:
Arte informala | Arte Kontzeptuala | Arte Povera
Teknikak:
Ensanblajea
Artelan motak:
Artisautza | Eskultura | Eskultura-objektua | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Tàpies, Antoni

Antoni Tàpies. Objektutik eskulturara (1964–2009) erakusketaren bidez, artista katalanaren alderdi esanguratsuenetako bat ikusteko aukera izango du publikoak, hots, eskultore gisa egindako ibilbidea. Ehun artelan inguru biltzen dituen erakusketa honek artistak eskulturen zein objektuen gainean egindako jardunaren azterketa egiten du. Hainbat teknika-mota probatuz eta askotariko materialak erabiliz artistak sortutako lanak biltzen ditu: 1960ko hamarkada erdialdeko eta 1970eko hamarkadako objektu eta muntaietatik hasi, eta txamotadun lur eta brontze berrietaraino iritsiz. Bost hamarkadatan zehar landutako produkzio honek corpus bakarra eta autonomoa osatzen du eta, haren bidez, artistaren ibilbidea aztertu ahal izango dugu.

1960ko hamarkada erdialdean, Tàpiesek eguneroko objektuak txertatu zituen bere ikerketan. Objektu horiek Arte Informalari lotzen zaizkio, baina, aldi berean, paraleloki garatzen ari ziren beste ildo kontzeptual batzuekin bat zetozen —Arte Povera, esaterako—. Alderdi hori erakusketaren zenbait lanetan nabarmentzen da, hala nola, Cadira i roba (Aulkia eta arropak, 1970) eta Pila de plats (Plater pila, 1970). 1980ko hamarkadan, artista zeramikaren munduan murgildu zen, eta, zehazkiago, txamotadun lurra erabiltzen hasi zen. Txamotadun lurra erabiltzeak tamaina handiko eskulturak sortzea ahalbidetzen zion Tàpiesi, eta baita artelanei material horren berezko egitura pikortsu berezia ematea ere. Artistak bere hizkuntza ezaugarritzen duten zeinu eta kaligrafia ezagunak txertatu zituen bere eskulturetan, esaterako, bere obretan errepikatzen diren gurutzeak eta “A” eta “T” letrak. Artistak Veneziako XLV. Bienalean, Espainiaren Pabilioian, parte hartzeko Rinzen eskultura-instalazioa hautatu izanak agerian uzten du eskulturak Tàpiesen ibilbidean duen leku esanguratsua.

Antoni Tàpiesen unibertsoaren ele­mentu esanguratsuenak argi eta garbi ageri dira erakusketa honetan: hormaren ideiatik hasi, eta aulkiak, oheak edo liburuak objektuetara iritsiz. Horiek guztiek bere hiztegi pertsonala osatzen dute, eta artistak tamaina handiko eskultura zein dimentsio txikiko pieza fin bihurtu zituen. Erakusketak agerian uzten du Tàpiesek arazo eskultorikoaren aurrean zuen kezka etengabea, eta arazo horixe bera izan zen bere ikerketa artistikoaren oinarri.