Edukira zuzenean joan

Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a

TAG_Tirudiak_VALUE
Izenburua:
Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a
Data:
2008ko urriak 3 - 2009ko urtarrilak 18
Komisariotza:
Carmen Giménez eta Francisco Calvo Serraller
Erakusketa mota:
Taldekoa
Gaiak:
Artea eta historia | Artea eta zientzia | Bildumagintza | Artearen historia | Sorkuntza artistikoa | Genero artistikoak | Biluzia | Erlijio-margoa | Erretratua eta autorretratua | Genero-margoa | Historia-margoa | Mitologia-margoa | Natura hila | Paisaia | Arte-ganbera | Kunsthistorisches Museum | Viena | Frantzisko Jose I.a | Habsburgo etxea | Habsburgoko Maximiliano I.a
Erakusketa birtuala:
https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/artearen-historia-guztiak-vienako-kunsthistorisches-museum-a

Vienako Kunsthistorisches Museum-a 1891n inauguratu zuen Franz Joseph I enperadoreak (1830–1916). Habsburgeko etxeko leinukoak Maximiliano I enperadorearen (1459–1519) garaitik Austrohungariar Inperioaren gainbehera arte bildumagintzan ibili ziren eta Vienako museoaren eraikina inperioko bildumak gordetzeko egin zen. Bilduma horiek aditzera ematen dute zein ziren Habsburgo enperadoreen zaletasunak, familia-harremanak eta Europan bostehun urtez izan zituzten diplomazia- eta politika-jardunak; eta errege-erreginen gozamena sortzen zuten Europako pinturaren eta eskulturaren maisulanek ez ezik, tresna zientifikoek, apaingarriek, tapizek, monetek, armadurek eta antzinako objektuek ere osatzen dituzte.

Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a erakusketa sei ataletan banatuta zegoen eta atal bakoitza artearen historiaren funtsezko genero bati zegokion. Maisulanen aukeraketa zabala izan zen —erretratuak, historia, erlijioa eta mitologia gai dutenak, biluziak, ohitura-pinturak, natura hilak, nahiz arkitektura eta paisaiak— eta museo garrantzitsu horretan dauden bildumen ikuspegi orokorra eman zuen.

Erretratua aztertu zuen atalak, Vienako Kunsthistorisches Museum-ean hoberen ordezkatuta dagoen generoetako bat, diziplina askotako lanak hartu zituen baitan: monetak eta objektuak (Antzinako Egiptotik, Greziatik eta Erromatik Neoklasizismo artekoak) eta Holbein, Tiziano, Tintoretto, Rubens, van Dyck eta Velázquez gisako artisten lanak, esaterako.

Bigarren atalean historia-, mitologia- eta erlijio-gaien margoak zeuden —Cranach-enak, Dürer-enak, Gentileschi-renak, Rubens-enak eta Tizianorenak, adibidez—, baita gai bereko eskulturak ere.

Biluziaren generoa —Palma il Vecchio, Tiziano, Veronese eta Spranger artisten adibide zoragarriekin— zubi gisa erabili zen erakusketan herri-ohiturak irudikatzen dituzten eszenetara aldatzeko; besteak beste, Magnasco-ren, Strozzi-ren eta David Teniers Gaztearen margolanak barne hartzen dituen atala izan zen azken hori.

Bosgarren atalean natura hilaren generoaren adibide bikainak egon ziren: batetik, aipatutako enperadore batzuen bildumen ernamuina izan ziren Kunstkammer edo arte-kabinetetako objektuak; eta bestetik artista ezagunek egindako margolanak; Arcimboldo, Brueghel Zaharra eta De Heem pintoreenak, esate baterako.

Landa-inguruko, itsasoko eta hiriko paisaiei eskainitako aretoan, Patinier-en, Brill-en, Gainsborough-en eta Belloto-ren lanen bidez, esaterako, genero horrek XVI. mendearen hasieratik XVIII. mendeko bigarren zatira izan zuen bilakaera azter zezaketen bisitariek. Laburbilduz, erakusketa honek Artearen historia guztiak aztertzeko aukera paregabea eskaini zigun.