Vienako Kunsthistorisches Museum-a 1891n inauguratu zuen Franz Joseph I enperadoreak (1830–1916). Habsburgeko etxeko leinukoak Maximiliano I enperadorearen (1459–1519) garaitik Austrohungariar Inperioaren gainbehera arte-bildumagintzan ibili ziren eta Vienako museoaren eraikina inperioko bildumak gordetzeko egin zen. Bilduma horiek aditzera ematen dute zein ziren Habsburgo enperadoreen zaletasunak, familia-harremanak eta Europan bostehun urtez izan zituzten diplomazia- eta politika-jardunak; eta errege-erreginen gozamena sortzen zuten Europako pinturaren eta eskulturaren maisulanek ez ezik, tresna zientifikoek, apaingarriek, tapizek, monetek, armadurek eta antzinako objektuek ere osatzen dituzte.
Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a erakusketa sei ataletan banatua dago eta atal bakoitza artearen historiaren funtsezko genero bati dagokio. Maisulanen aukeraketa zabala da —erretratuak, historia, erlijioa eta mitologia gai dutenak, biluziak, ohitura-pinturak, natura hilak, nahiz arkitektura eta paisaiak— eta museo garrantzitsu horretan dauden bildumen ikuspegi orokorra ematen du.
Erretratua aztertzen duen atalak, Vienako Kunsthistorisches Museum-ean hoberen ordezkatuta dagoen generoetako bat, diziplina askotako lanak hartzen ditu baitan: monetak eta objektuak (Antzinako Egiptotik, Greziatik eta Erromatik Neoklasizismo artekoak) eta Holbein, Tiziano, Tintoretto, Rubens, van Dyck eta Velázquez gisako artisten lanak, esaterako. Bigarren atalean historia-, mitologia- eta erlijio-gaiak dituzten margoak daude —Cranach-enak, Dürer-enak, Gentileschi-renak, Rubensenak eta Tizianorenak, adibidez— baita gai bereko eskulturak ere. Biluziaren generoa —Palma il Vecchio, Tiziano, Veronese eta Spranger artisten adibide zoragarriekin— zubi gisa erabili da erakusketan herri-ohiturak irudikatzen dituzten eszenetara aldatzeko; besteak beste, Magnasco-ren, Strozzi-ren eta David Teniers Gaztearen margolanak barne hartzen dituen atala izanik azken hau. Bosgarren atalean natura hilaren generoaren adibide bikainak daude: batetik, aipatu enperadore batzuen bildumen ernamuina izan ziren Kunstkammer edo arte-kabinetetako objektuak direnak; eta bestetik artista ezagunek egindako margolanak; Arcimboldo, Brueghel Zaharra eta De Heem pintoreenak esate baterako. Landa-inguruko, itsasoko eta hiriko paisaiei eskainitako aretoan, Patinier-en, Brill-en, Gainsborough-en eta Belloto-ren lanen bidez, esaterako, genero horrek XVI. mendearen hasieratik XVIII. mendeko bigarren zatira izan zuen bilakaera azter dezakete bisitariek. Laburbilduz, erakusketa honek artearen historia guztietan murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen digu.