Edukira zuzenean joan

Barbara Kruger: Another day. Another night

hezkuntza-edukia

PROIEKTU PUBLIKOAK

1980ko hamarkadaren hasieran, Barbara Krugerrek museoetako hormez haraindi hedatu zuen bere lengoaia bisual bereizgarriaren irismena: bere mezuak eguneroko bizitzan txertatuaz, hausnarketarako eta elkarrizketarako leku bihurtu zituen espazio publikoak. Krugerren lana askotan egon da ikusgai museo eta erakundeetan, baina enkargu publiko ugari ere egiten jarraitu du, eta horrelaxe lortu du bere lengoaia plastikoak arte garaikidearen ohiko erakustokietatik kanpo ere oihartzuna izatea. Publizitate-hesietan, tren-geltokietan, autobusetan eta tranbietan —une honetan Bilbotik dabilen horretan, esaterako— edo, berrikiago, plataforma digitaletan egin izan dituen interbentzioen bitartez, Krugerrek publiko zabalagoei helarazi die bere artea, eta sarritan tokian tokiko hizkuntza eta testuinguruetara egokitzen ditu mezuak, haien eragina areagotzeko.

Krugerren lana masa-komunikabideek erabiltzen dituzten estrategietatik abiatzen da. Bere lan-ibilbidearen hasieran aldizkarien diseinuan eta konposizio editorialean aritzen zen eta, hortik abiatuta, bere ikuspegi artistikoa garatuz joan zen, instant batez baino ez bada ere jendearen arreta erakartzeko pentsatuta dauden irudien eta testuen konbinazio indartsu bezain zuzenak ardatz hartuta. Museoak aproposak izaten dira artea arretaz eta baretasunez behatzeko; Krugerrek espazio publikoan jartzen dituen lanei, berriz, premia darie, ustekabekoak dira, eta ez dira, ez, oharkabean inoiz pasatzen. Haren piezak etenaldi moduko bat dira eguneroko joan-etorri presatian: abiadura murriztera, arreta jartzera eta egunero zeharkatzen ditugun gizarte-egiturak berraztertzera behartzen dute ondotik pasatzen den edonor.

New Jerseyn hazitakoa eta New Yorken lan egindakoa izanik —publizitate deigarriz jositako hiriak biak ere—, Krugerrek komunikazio-mota horren estrategia bisualak barneratu zituen, eta estrategia horiek eragin handia izan dute bere adierazpide artistikoan. Taktika eta formatu horiek baliatuta, irauli egiten du haien pertsuasio-ahalmena, eta ustekabeko disrupzio-uneak sortzen ditu artea aurkitzerik espero ez dugun lekuetan.

Barbara Krugerren interbentzio publikoak oso jatorri ezberdinetako jendea elkartzen den lekuetan egoten dira sarritan. Esanahi sozial, kultural edo sinbolikoz betetako tokiak izaten dira, tartean manifestazioak, tren-geltokiak, skate parkeak, unibertsitate-campusak eta abar; denak ere identitate ugariren bilgune. Bere lana leku horietan kokatzean, artistak zalantzan jartzen ditu narratiba nagusiak eta, era berean, demokratizatu egiten du esperientzia artistikoa. Krugerren ustetan, artea, ikusteko ez ezik, sentitzeko, zalantzan jartzeko eta espazio kolektiboaren barruan partekatzeko ere bada, eta instalazio horiek ezin hobeto gorpuzten dute uste hori.