Edukira zuzenean joan

Bill Viola: atzera begirakoa

Sarrera

Bill Viola: atzera begirakoa

Izenburua:
Bill Viola: atzera begirakoa
Erakusketa:
Bill Viola: atzera begirakoa
Gaiak:
Denbora | Espiritualtasuna | Dekonstrukzioa | Heriotza | Pertzepzioa
Artelan motak:
Bideoa | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Viola, Bill

Bideoaren erabileran eta mugimendu-irudien azterketan aitzindari izan da Bill Viola, eta artista garaikide gailenetako bat da gaur egun. 1970eko hamarkadan Siracusako Unibertsitatearen Arte Ikasketa Esperimentalen programa berritzailean parte hartu ondoren, sortzaile estatu batuarra bizi-zikloa, heriotza eta birsortzea aztertzen hasi zen, modu figuratibo eta literalean. Hasierako kanal bakarreko zuri-beltzeko zintetan eta geroko obra enblematikoetan, Urmael islatzailea (1977–79) eta Lau abesti (1976) obretan, adibidez, eduki poetikoa nabaria da eta denboraren nozioa, dekonstrukzioa eta gure bizitzarekin berez duen lotura dira nagusi. Chott el-Djerid (Argizko eta berozko erretratu bat, 1979) lanean, adibidez, kamerak paisaia eta irudiaren mugak atzematen ditu, eta gure pertzepzioak erazagutzen eta kuestionatzen ditu horrela. Gero, 1990eko hamarkadan, Violari espiritualtasunari eta pertzepzioari buruzko gaiak interesatzen hasi zitzaizkion, eta ideia horiek eskultura-objektuetan (Zerua eta lurra, 1992) eta instalazio handietan (Poliki biratzen den narrazioa, 1992; Agurra, 1995) mamitu zituen.

Milurteko berriarekin, Viola bere ideien zerbitzura jartzeko moduko teknologia berriak erabiltzen hasi zen, nagusiki pantaila laua. 2001ean Catherineren gela, Lau esku eta Errendizioa egin zituen, eta instalazio izugarriak egin zituen ondoren, Egunero aurrera eginez (2002), esaterako. Instalazio horrek ikuslea norberaren bizitzaz eta giza existentziaz hausnartzera gonbidatzen du. Gai hori bera jorratu zuen Wagner-en Tristan eta Isolda (2004–05) operarako egin zuen lanean ere.

Azken hamarkadan, Violak ohitura kulturalak eta oinarrizko esperientziak askotariko baliabide eta euskarrien bitartez aztertzeko modua finkatu du. Horren adierazgarri dira, adibidez, ura baliatu duten lanak (Errugabeak, 2007; Hiru emakume, 2008; eta Ameslariak, 2013) eta bizi-zikloan barrena egindako ibilbidea; azken hori Zerua eta Lurra obrarekin hasten da erakusketa honetan, eta Jaiotza alderantzikatua (2014) proiekzio ikaragarrian “atzera” egiten du.