Edukira zuzenean joan

Bill Viola: atzera begirakoa

katalogoa

Hitzaurrea

Kira Perov

Izenburua:
Hitzaurrea
Egilea:
Kira Perov
Argitalpena:
Bilbo: Museo Guggenheim Bilbao; La Fábrica, 2017
Neurriak:
22 x 14 cm
Orrialdeak:
99 or.
ISBN:
978-84-16248-77-3
Lege gordailua:
M-3279-2017
Erakusketa:
Bill Viola: atzera begirakoa
Gaiak:
Lan-prozesua | Bizitza
Aipatutako artistak:
Viola, Bill

Ia berrogei urte izango dira Bill Viola Melbourneko (Australia) La Trobe Unibertsitateko nire bulegora sartu zenetik, 1977an egin nion gonbidapenari erantzunik, sormen-adierazpeneko formarik abangoardistenak abegi onez hartzen zituen campuseko lehendabiziko bideo-erakusketan parte hartzeko gonbitari, alegia. Bill duela gutxi murgildu zen bideoaren bitarteko berri honetan, baina garai hartan erakutsi zituen lanek bazeukaten jadanik gure bizitzaren muinean dauden funtsezko gaiez hark eginiko esplorazioaren zimendua —bizitza, heriotza, jaiotza, birjaiotzea, eraldatzea, antzaldatzea—, eta gai horiek izango ziren, aurrerantzean ere, haren obraren oinarria haren sormenezko bizitzan zehar. “Jaiotza ez da hasiera bat, heriotza ez da amaiera bat”1, transkribatu zuen bere egunkarian.

Billen lanak oihartzun sakona izan zuen nigan; mundu ikusezin baten parte zen leku batetik zetorren, bizileku erraza iruditu zitzaidan barne-paisaien leku batetik. Paisaia horietan denbora infinituraino luzatzen da, argi-aldaketa sotilek betikotasun bat sortzen dute, eta soinua entzumenetik harago hedatzen da. Meditaziorako, kontenplaziorako, eta, beharbada, baita epifaniarako espazio bat da.

Adiskide egin ahala, Bill eta biok konturatu ginen gure bizi-esperientziek bide bera hartua zutela, eta, elkar ezagutu eta handik urtebetera, elkarrekin bidaiatzea erabaki genuen. Pribilegio hutsa izan da haren obra multzoaren lekuko ez ezik, parte-hartzaile ere izatea. Bidaiatzen eta materialak biltzen igaro genituen lehen urte haietatik estudioak eta lan talde espezializatuak eskatzen zituzten proiektu konplikatuagoetara igaro ginen; bitarte horretan zabalduz joan zen nire zeregina, harik eta, azkenean, neure burua Billen artearen enkargu, erakusketa, dokumentazio eta katalogoen alderdi guztiak kudeatzen aurkitu nuen arte. Eta Billen barne-ikuspenak munduratzen laguntzea zen beti xedea.

Thames & Hudson-ek Bill Violaren arteari buruzko liburu bat argitaratzeko egin zidan gonbidapenak aukera aparta eskaini zidan urte askoan pentsatzen aritua nintzen zerbait egiteko: erakusketa jakin bat ardatz gisa hartu ordez, Billen karreraren eta haren obra multzo zabalaren eboluzioaren isla izango zen liburu bat sortzea. Gainera, obra hari eta, orobat, arte garaikidean duen leku paregabeari tankera eman zioten ideien eta bizi-esperientzien ikuspegi sakon bat emango zuen azterlan horrek.

Libururako testua idatziko zuen pertsona egokia hautatzea zen lehen urratsa. Billek eta nik John Hanhardt-engana jo genuen, film eta ikus-entzunezko eremuetan arte arduradun entzutetsua baitzen, bideoartea museoetara ekartzen gogotik ahalegindua. Johnek Billen pieza asko erakutsi eta enkargatu izan ditu, eta Billen lanaz duen ezagutza sakonagatik, bai eta film eta ikus-entzunezko artean duen erudizioagatik, bera zen liburu hori idazteko pertsonarik egokiena.

Atsegin handia izan da Johnekin lan egitea. Billen lanaren alderdi guztienganako haren hurbiltasunak, gu biokin hark egindako elkarrizketak, eta arte garaikidearen mundua ulertzeko haren senak balio ezin handiagoa ematen diote testu horri.

Bazen beste helburu bat ere: alde batetik, artelanak sortzeko prozesua, eta, bestetik, pieza bakoitza osotasun estetiko bati egokitzeko modua adieraziko zuen diseinua zeukan liburu bat egitea. Arrazoi horregatik, pieza banakoen argazki-dokumentazio hautatu bat, Billen koadernoetako orrialde batzuen aurkezpen bat, eta produkzio-prozesua zehazten duten nire argazkien artxibo zabaletik ateratako materiala ere gehitu nituen liburuan. Johnen testuan zehar txertatu nahi izan ditut elementu horiek guztiak, Billen bidaia pertsonala eta artistikoa irudi bidez irudikatzeko.

Liburu honen diseinua Green Dragon Office-ko Lorraine Wild-en eta Amy Fortunato haren kidearen sormen-elkarlan zoragarri bat izan da. 2003an lan egin nuen lehen aldiz Lorrainerekin J. Paul Getty Museum-entzat egin genuen katalogo sarituan, Bill Viola: The Passions. Lorrainek artelana ondo ezagutzeak eta sakon ulertzeak bideo-piezak liburu baten orrialdeetan irudikatzeko bide berriak aurkitzea ahalbidetu zigun. Gainera, Amy trebetasunez eta zertzelada guztiak kontu handiz zainduz aritu izana ezinbesteko laguntza izan zen liburua diseinatzeko. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Bill Viola Studio-ko Elizabeth Steele Basile-ri, ikertzen arduratsu lagundu didalako, eta Stephanie Camu-ri, haren laguntza atseginagatik eta aholku baliagarriengatik. Eskerrak baita ere Echelon Color-eko Rusty Sena-ri eta Rick Legorreta-ri, Billen jatorrizko koadernoak eta marrazkiak kontu handi-handiz erreproduzitu dituztelako. Eskerdun natzaio Jacky Klein-i, Thames & Hudson-en lan egiten zuenari, liburu hau editatzeko gonbidapena egin zidalako, eta esker on hori luzatzen diet, baita ere, Jackyren ondorengo Roger Thorp-i eta argitaletxeko kideei —Johanna Neurath, Ginny Liggit, Mark Ralph eta Maria Ranauro— liburu hau egiteko prozesua izugarri errazten laguntzeagatik.

Proiektu hau garrantzi handiko zeregina izan da, eta hala iraganaz gogoeta egiteko nola aurrera begiratzeko aukera eman dit. Zorretan nago nire familiarekin, Blake eta Andrei semeekin, haien laguntzagatik, eta, bereziki, Billekin, haren ikuspegi sakonak bizitzak aberastu baitizkigu. Eta, azkenik, biziki eskertzen diot amari, Lucy Perov-i, Norberaren Ezagutzaren santutegian kandelak betierean piztu beharra erakutsi izana.

[Itzultzailea: Jon Muñoz.
Egokitzapena: Guggenheim Bilbao Museoa]

Oharrak

  1. Chuang Tzu (399–295 K.a.). [itzuli]