- Izenburua:
- Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada
- Data:
- 2012ko urriak 30 - 2013ko otsailak 17
- Komisariotza:
- Achim Hochdörfer, Museum moderner Kunst Ludwig Wien museoko arte-arduraduna
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Artea eta industria | Artea eta espazioa | Artea eta umorea | Tamaina | Kapitalismoa | Kontsumoa | Herri-kultura | Coosje van Bruggen
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Garaikidea | Pop Artea
- Erakusketa birtuala:
- http://oldenburg.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/hirurogeiko-hamarkada/
Claes Oldenburg-ek eguneroko objektuak modu sakonean eta umoretsuan irudikatzen ditu, eta artista garrantzitsuenetakoa eta ezagunenetakoa dugu 1950ko hamarkadako amaieratik. Performance artearen, instalazioaren artearen eta pop artearen irudi gailen izateaz gain, eragin ikaragarria izan du arte publikoan, Coosje van Bruggen-ekin elkarlanean egindako proiektu erraldoiei esker, hain zuzen. Oldenburgen lanen abiapuntu nagusia industria-ekoizpeneko objektua da, hots, kontsumo-gaia: etengabe aldatzen den salgaia denez, kulturaren transmisore eta mundu kapitalistaren irudimenaren, apeten eta obsesioen ikur da.
Honako hau inoiz egindako erakusketarik zabalena da Oldenburgek 1960ko hamarkadan egindako lehenbiziko artelan iraultzaile eta enblematikoei buruz. Bertan arte garaikidearen ikono ugari ikusi ahal izango dira, hala nola, Kalea (The Street, 1960) instalazioa —graffiti estiloko irudiak, hiri handiaren bizitza modernoa gai—, Denda (The Store, 1961–62) instalazioko salgai ezagunak eta “etxe modernoaren” objektu arrunt ikusgarriak. Erakusketa Oldenburgen lehenbiziko diseinuei ere eskainia dago: espazio publikoetarako kontsumo-gaien monumentu erraldoiak irudikatzen dituzte. Amaieran, Sagu-Museoa (Mouse Museum) dago, Museum moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien museoaren jabetzako lana; miniaturazko museo bat da, sagu geometriko baten itxurakoa, eta bertara sartzeko aukera dago. Sagu-Museo honetarako, Oldenburgek 385 objektu bildu ditu 1950ko hamarkadaren bukaeraz geroztik.
Erakusketa elkarlanean antolatu dute Museum moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien museoak eta Guggenheim Bilbao Museoak.