Edukira zuzenean joan

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

Sarrera

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

Eguneroko objektuak sakonean eta umorez irudikatzen ditu Claes Oldenburg-ek, eta pop artearen, performancearen eta instalazio-artearen irudi gailena izan da azken berrogeita hamar urteetan arte garaikidean. Irudi gailena da, eta gune publikoetan jartzeko artean eragin handia izan dute haren eskala handiko proiektuek: kontsumo-salgaien monumentu erraldoiak dira, Coosje van Bruggen-ekin batera munduko hainbat hiritarako sortutakoak. Haren lanetan funtsezko gaia da industria-ekoizpeneko objektua: etengabe aldatzen den salgaia denez, kulturaren transmisore eta mundu kapitalistaren irudimenaren, apeten eta obsesioen ikur da.

Artista honen 1960ko hamarkadako lan berritzaileei inoiz eskainitako erakusketarik zabalena da. Ikusgai izango dira AEBko kultura herrikoiaren ikono ugari: erakusketaren hasieran Kalea (The Street, 1960) dago, eta hiri handi bateko bizimodu modernoaren irudikapenak, grafiti estilokoak, jasotzen ditu; gero Denda (The Store, 1961–62) lana dator, eta bertan kontsumo-gaiak azaltzen dira; azkenik “etxe moderno” bateko ohiko objektu ikusgarriak erakusgai jarri dira, tartean, telefonoak, komunak, bainu-ontziak, haizegailuak, zerrak eta etengailuak. Beste atal batean daude azken objektu horiek gune publikoetarako moldatutako moduen adibideak. Amaiera-amaieran dago Sagu-Museoa (Mouse Museum, 1977), Museum moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien museoaren jabetzakoa; ibil daitekeen eskala txikiko museo bat da, eta sagu baten itxura geometrikoa du. Museo horretarako Oldenburgek 381 gai bildu ditu (1950eko hamarkadan hasi zen), hala nola, oroigarriak, kitsch objektuak eta maketak. Horiek guztiek aditzera ematen dute gizarte kapitalistaren kulturaren aniztasuna eta misterioa. Sagu geometrikoa, hots, oinarrizko forma geometrikoetara murriztutako sagu itxurako irudia, funtsezko motiboa da Oldenburgen lanean, eta arte jasoaren eta herrikoiaren arteko lotura da, bai eta artistaren pentsamoldearen isla ere. Erakusketa Museum moderner Kunst Stiftung Ludwig Wien museoak eta Guggenheim Bilbao Museoak elkarrekin antolatu dute.