Edukira zuzenean joan

Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada

hezkuntza-edukia

Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen. Eskala handiko lanak

Izenburua:
Claes Oldenburg eta Coosje van Bruggen. Eskala handiko lanak
Erakusketa:
Claes Oldenburg: hirurogeiko hamarkada
Gaiak:
Sorkuntza artistikoa | Forma | Tamaina | Herri-kultura | Coosje van Bruggen | Frank Gehry
Artelan motak:
Eskultura | Kokapen zehatzerako artea | Performance
Aipatutako artistak:
Oldenburg, Claes

Didaktika-gune honetan, Claes Oldenburg-en (1929) 1980ko eta 1990eko hamarkadetako eskala handiko bi proiektuetan jarri da arreta. Lanok elkarlanean egin zituzten Oldenburgek eta emazte Coosje van Bruggenek (1943–2009), kritikariak, artistak, arte-historialariak eta komisarioak. Proiektu bi hauek Solomon R. Guggenheim Foundationekin eta Frank Gehry arkitektoarekin —bien laguna— lotura estua dute; gainera, jatorria dute artistek eta Gehryk Milango Politecnico di Milano unibertsitateko ikasleentzat 1984an prestatutako mintegi batean. Labana-ontzia I (Knife Ship I, 1985) Suitzako labana itxurako arraundun itsasontzi handia izan zen eta Labanaren ibilbidea (Il Corso del Coltello, 1985) hiru eguneko performancearen osagai nagusia. Venezian, Italian, egin zuten performance horretan, artistek eta arkitektoak, lagunek, senideek eta ezezagunek hartu zuten parte. New Yorken performanceak egindako lehenbiziko artistetako bat izan zen Oldenburg; apurka-apurka arte-formatzat onartzen hasi zen adierazpidea. 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hamarkadaren hasieran horretan jardun zuen Oldenburg eta 1966an performanceak egiteari utzi zion, van Bruggenek horietara itzultzeko bultzatu zuen arte; orduan egin zuten Labanaren ibilbidea.

Prismatikoak (Binoculars) lana 1986 eta 1991 artean egindako maketa bat da. Prismatikoen itxurako eraikin baten maketa da, eta Oldenburgek, hasiera batean, Venezian jartzeko diseinatu zuen. Azkenean, baina, Gehryren Chiat/Day eraikinaren atal bat egiteko erabili zen. Los Angelestik hurbil egin behar zituen Gehryk Chiat/ Day enpresaren bulegoak: erronka bat izan zen Oldenburgentzat eta van Bruggenentzat, hasierako eskultura-diseinua erabilera jakin batera moldatu behar baitzuten, hots, bulego-erakin batera.

Bi proiektuon argibide gehiago aurkituko dituzu gune honetan, gainerako testuetan. Era berean, bi dokumentalen emanaldia dago korridorearen amaieran: National Educational Television Network Presents USA Artists: Claes Oldenburg (1966) eta Claes Oldenburg: The Formative Years (1975). Oldenburgen ibilbidearen hasiera, 1960ko hamarkadan, aztertzen dute. 201. aretoan artistaren inguruko bibliografia, tartean, erakusketaren katalogoa, dago kontsultarako.