Edukira zuzenean joan

David Hockney: ikuspegi zabalago bat

hezkuntza-edukia

David Hockney: sortze-prozesua

Bi didaktika-gune prestatu dira, korridore honetakoa eta 201. aretokoa, David Hockney: ikuspegi zabalago bat erakusketa osatzeko, hobeto ikusteko eta errazago ulertzeko. Bi guneotan David Hockneyren sortze-prozesua aztertzen da, bai eta hainbat teknikekin, ibilbide osoan, egin dituen saiakerak ere. Ikusleari bere lanaren “ikuspegi zabalago bat” eskaintzea helburu dute. Korridore honetan Hockneyren sortze-prozesuaren hainbat alderdi azaltzen dira, eta azalpenak are argitzeko hainbat objektu daude erakusgai. Urmargoen eta pintura akrilikoen erabilera Andaluzian egindako zirriborro-koaderno baten bidez azaltzen da, esaterako. Operarako eszenografien berri ere ematen da, eta, gainera, Igor Stravinsky-ren Libertinoaren bidea (1951) operarako sortutako maketa originalak, eta Wolfgang Amadeus Mozart-en Txirula magikoa (1791) lanerako egindako marrazki bat, baita originala ere, daude ikusgai. Optika-tresnak eta argazki-kamerak perspektiba lantzeko nola erabili dituen argitzeko film bat proiektatzen da etenik gabe, Monique Lajournade-ren eta Pierre Saint-Jean-en David Hockney in Perspective (1999). Era berean, teknologia berriek, hala nola, iPhone eta iPad gailuek, sorrarazten dioten interesa erakusten da. Azkenik, korridorearen amaieran, film bat ematen da, Bruno Wollheim-en David Hockney: A Bigger Picture (2011), Hockney Yorshireko paisaia berriro ezagutzeko eta hari berriro heltzeko moduan sakontzen duena.

201. aretoan, kontsultarako liburuak daude, tartean, erakusketaren katalogoa, Hockneyren lanen inguruko hautatutako bibliografia eta artistak berak idatzitako The Secret Knowledge: Rediscovering the Lost Techniques of the Old Masters (2001) zirraragarria; azken hori ikerketa sakon baten emaitza da, non antzinako maisu handiek historian zehar optika-tresnak artelanak egiteko erabilitako modua aztertu zuen.