Edukira zuzenean joan

David Hockney: ikuspegi zabalago bat

Sarrera

David Hockney: ikuspegi zabalago bat

David Hockney: ikuspegi zabalago bat artista horren azken aldiko paisaiei eskainitako erakusketarik garrantzitsuena da. East Yorkshire eskualdeko paisaian inspiratutako mihiseak daude; horietako asko erakusketarako bereziki sortu ditu, eskala handian, Hockneyk (Bradford, Erresuma Batua, 1937). Pinturekin batera, marrazkiak eta filmak ikusgai jarri dira, eta, azken aldiko lanen testuingurua emateko, 50 urteko tartea hartzen duten artelanak aukeratu dira; aspalditik paisaiak liluratzen duela eta paisaia ikertu duela aditzera ematen digute.

Erakusketaren muina 2005etik aurrerako egindako lanetan datza. Orduantxe itzuli zen Hockney haurtzaroko East Yorkshirera, zehazki, kostaldeko herri txiki batera, Bridlington-era. Askotariko baliabidetako lanen bidez agerian jarri da Hockneyk paisaia behatzeko gaitasun handia duela eta gaztaroko paisaiari atxikitzen zaiola. Era berean, lanok urtaroen eta argiaren aldaketak eta landareen hazkuntza-zikloak jasotzen dituzte; izan ere, horiek guztiak ikertu zituen egunero Hockneyk. Espazioa nola landu duen ikus daiteke erakusketan, gainera: jarraipena egin daiteke hasierako lanetatik —1980ko hamarkadako argazki-collageak eta 1990eko hamarkadaren amaierako Arroila Handiko lanak—, azken aldiko eta maiz aire zabalean egindako Yorkshireko pinturak arte. Horrek aditzera ematen du ikusizko munduak jakin-min handia eta irudiak sortzeko aukera ugariek halako gozamena eragiten diotela; bada, ezaugarri horiek zer neurritan taxutzen dituzten haren paisaiak ikus dezakegu.

Betidanik jo du Hockneyk teknologia berrietara: kameraz etengabe baliatu da, baita iPhone eta iPad gailuez ere; ikusgai daude iPad bidez egindako eta gerora handitutako marrazkiak. Hainbat pantaila elkarren ondoan jarri dira eta bertan proiektatu dira kamera ugariz grabatutako azken filmak; esperientzia bisual liluragarria eragiten du horrek. Berrikuntzek pizten dioten interes handiaz gain, erakusketan agerian jarri da Hockneyk atzera ere begiratzen duela: antzinako maisuak ondo ezagutzen ditu eta orain gutxi haien tekniken inguruko ikerketak egin ditu.

Erakusketa hau Londresko Royal Academy of Arts-ek antolatu du Guggenheim Bilbao Museoarekin eta Koloniako Museum Ludwig-ekin lankidetzan.