Edukira zuzenean joan

Bill Viola: atzera begirakoa

Iruzkinak

Bill Viola: atzera begirakoa

Izenburua:
Bill Viola: atzera begirakoa
Erakusketa:
Bill Viola: atzera begirakoa
Gaiak:
Denbora | Hotsa | Espiritualtasuna | Sinesmena | Bizitza | Heriotza | Ingurunea | Natura | Enpatia | Pentsamendua | Pertzepzioa | Sentimenduak | Gogoeta | Oroimena
Artelan motak:
Eskultura | Instalazioa
Aipatutako artistak:
Viola, Bill

Pertzepzioaren ateak araztuta baleude, orduan, den bezalakoa agertuko litzaioke gizonari den-dena, infinitua.

—William Blake, hala dago aipatua hemen: Bill Viola, koadernoa, 1979

Irudimena, infinituarekiko lotura gisa

­—Bill Viola, idatziak, orri solteak, ca. 1976

…begiratu besterik ez duzu egin behar. Eta horixe egin genuen.

—Kira Perov, 2008

 

Irudi mugikorrak gaur egungo artean artista-baliabide gisa duen lehentasunak historia luzea du, hemeretzigarren mende bukaeran zinema garatzearekin hasi, eta hogeigarren mendearen erdialdean jarraitu baitzuen bideoaren baliabide elektronikoaren hazkundearekin. Gaur egun, ikus-entzunezkoen arteek, interneten eta askotariko plataforma digitalen bitartez, eragina dute irudi mugikorren sormenean eta banaketan. Museoak, galeriak, nazioarteko arte-azokak eta bildumagileak aintzat hartzen ari dira historia luze hori eta bideoa arte garaikidearen formatzat tankeratu zuten artista nagusiek. Bideora eta telebistara lehenik jo zuten artista aitzindarien artean, inork ez zuen izan Nam June Paik (1932-2006) korearrak baino itzal handiagoko zereginik, haren idatziek eta irakaspenek, bideo-zinta multzo harrigarriek, eskulturek, instalazioek eta telebista-produkzioek izugarrizko eragina izan baitzuten. Ikus-entzunezko teknologia berrien hazkundeak XX. mende bukaerako eta gaur egungo artearen historian irudi mugikorren presentzia zabaltzeko aukerak eskaini zizkien Paiken eredu goiztiarrak inspiratutako artista-belaunaldiei.

Bill Viola da Nam June Paiken ondorengo belaunaldiko artista nagusia. Inguratzen gaituen munduaren gure ulermena zabaltzeko bide gisa ikertzen du irudi mugikorra haren lan multzo handinahi eta eredugarriak. Viola mundu osoko artearen, kulturaren eta erlijioen historian inspiratu da, gure bizitzako eta bizi dugun inguruneko edertasuna, misterioa eta espiritualtasuna goraipatzen duen lan multzo indartsu bat sortzeko. Enkarguekin, atzera-begirako erakusketekin eta bakarkako erakustaldiekin goraipatu izan dute, hamaika diru-laguntza eta sari jasoa du, eta (haren lana) galeria nagusiek ordezkatzen dute.Haren lana museo eta galeria pribatu gailenetan dago. Kira Perov, haren emaztea eta laguntzaile artistikoa izan da zuzendaria haren artelanak gauzatzerakoan —asko eta asko eskala txit handikoak, izan ere—, bai eta produzitu diren erakusketa eta katalogo ugarietan ere. Perov Australian jaio zen, eta 1978an New Yorken elkartu zen Violarekin, bere lana erakustera Melbourneko La Trobe Unibertsitatera Viola gonbidatu eta handik urtebetera. Harrezkero, elkarrekin bidaiatu eta lan egin dute. Violak ezin izango zuen berak egindakoa lortu Kiroven laguntza eta sormen-ekarpena gabe. Arte garaikideko bikote bikainenetako bat da.

Monografia hau Violaren lorpen artistiko paregabe eta bereizgarriaren aitorpen bat da. Lorpen horrek, alde batetik, pertzepzioaren fenomenologiaren esplorazio bat gorpuzten du, eta, bestetik, giza izatearenganako sentiberatasun eta enpatia sen handi bat adierazten du. Haren koadernoetan islatuta dago hori, Violaren sormenezko pentsaera gehiena bezala. Aipa nezake, adibidez, Rumi, XIII. mendeko poeta, teologo eta mistiko sufiaz Violak egiten duen aipamena: “BERE BAITARA BEGIRATZEN DUEN HAREN ZERBITZARIA NAUZU”1. Norberaren aztertze aktibo horrek, besteen bizitzekiko erantzukizunaren eta haiek aintzat hartzearen dimentsio etiko batekin batera, nabarmentzen du Violaren lorpena.

Nire gogoetek narrazio-hari bati jarraitzen diote, zeina hasi baitzen tankera hartzen Violaren artegintzari atzera begiratu nionean, artistarekin elkarrizketak izan, haren koadernoak berrirakurri eta haren pieza oraintsukoenak ikusi nituenean. Konturatu nintzen ezen bazegoela jarraitutasun bat pentsamenduz eta haren azpian zetzan espiritualtasunez, irudi mugikorrarenganako haren ikuspegia blaitzen eta tankeratzen zuena. Presentzia eta absentzia: Ikuspena eta ikusezintasuna Erdi Aroan(Presence and Absence: Vision and the Invisible in the Media Age) haren testuan, Violak Ryokan (1758–1831) zen poetaren aipamena egiten du, zeina aberastasunean jaio baina bizimodu hura utzi eta monasterio batera aldatu baitzen, eta, gerora, leku menditsu batera erretiratu baitzen, eta han bizi izan zen bakarrik txabola batean hogeita hamabost urtez. Haren poemez gogoeta eginez, zeinak bakarturik idatzi baitzituen, Violak hau dio: olerki horien zerarik bereziena, eta behar bezala aintzat hartu ez dena, da inspirazioa eta ekintza, pertzepzioa eta gogoeta bat direla”2. Zentzumenak eta esperientzia, biak elkarri estu lotuta daudela irudikatzen du Violaren arteak. Haren arteari darion indarra iruditeria figuratibo sotil baina ikusgarri baten bidez azaleratzen da, zeinak Violaren inguruan existitzen den guztia hartzen baitu bere baitan, haren etxe eta egunkari pertsonal (haren Koadernoak) eta liburutegitik kanpoaldeko naturaraino.

Argi dago niretzat ezen Violaren azken kanal bakarreko bideo-zintek eta instalazioek hasierako haren lana dakartela gogora, munduaren ikuspen berriak sortzen dituen elkarren arteko interakzio etengabean. Hedatuz doan prozesu bat finkatzen du Violak bere artelanean, ikuslea irudi mugikorrarekin elkarrizketatzera erakartzen duena. Bere liburutegi pertsonala osatzen duten eta traszendentzian sineste bat gorpuzten duten poeta eta mistiko bisionarioak islatzen ditu haren arteak. Aldi berean, Violaren arteak presentzia nabarmen bat ematen dio denborari, hogeigarren mendeko fikzioa eta poesia modernoa eraldatu zuen kontzientzia-jarioaren estilo literarioaren itxuraldatze-taktikak gogorarazirik. Violaren arteak ez du iragana irudikatzeko xederik; aitzitik, haren kanal bakarreko bideo-zintek eta instalazioek orainaldian bizi izandako bizitza irudikatzen dute.

Violarentzat garrantzitsuak diren hainbat kontu humanistiko eta teologikoren inguruan ardaztu dut saiakera hau, behin eta berriz agertzen baitira haren bideo eta instalazioetan. Egitura lineal bati jarraitu baino, haren lanaren azterketan zehar espiralean ibiltzeko moduan antolatu dut saiakera hau, haren hasierako bideoak haren oraintsuenekoen artera ekarrita, eta behin eta berriz itzulita —Violak berak egiten duen bezala— giltza-ideia nagusi batzuetara. Horien artean daude giza gorputza, espiritualtasuna eta traszendentzia; naturako indarrak eta zikloak, jaiotza, bizitza, heriotza eta oroimena; eta, orokorrago, Violak ideia horiek etengabe erabiltzeko modua, bideoak berak bitarteko gisa duen potentziala lantzeko. Liburuko koda Martiriak (Lurra, Airea, Sua, Ura) [Martyrs (Earth, Air, Fire, Water)], 2014, artelanari eskainia dago; Londresko St. Paul Katedralak enkargatutako lan horrek martiriaren erredentzioa ikertzen du, martiri gizon edo emakumearen sinesmenaren sendotasunaren bidez lortua, eta Violaren beraren sinesmenaren estetika apartaren erredentzio-indarra gogorarazten digu.

Pentsamendua, gogoeta eta sinesmena berriz aipatuko ditudan hitzak dira, historian eta belaunaldietan zehar mintzatuko den estetika bat sortzeko artistaren nahia ikertzerakoan. “Pentsamendua” pentsatzeko eta ikusteko modu aldez aurretikakoak berreskuratzeari dagokio, artistak Berpizkundeko artean, Paleolitikoko haitzuloetako pinturetan, mistizismo kristauan eta islamikoan, eta Asiako poesian eta filosofian zehar egindako ikerketaren gidaritzapean. Prozesu hau “gogoetan” kokatuta dago, norberaren gogoeta eta zintzotasun espirituala gauzatuko duen arte-sorkuntzan, alegia. “Sinesmenak” biei eusten die, “pentsamenduari” eta “gogoetari”, hau da, sinesten dugunaren indar teologikoa adierazteko modu bat bilatzen du artistak. Garbi geratu zait nola egituratzen duen pentsamendu, gogoeta eta sinesmen prozesu horrek Violak artista gisa egin zuen agerraldia. Berarekin hizketan, gogoeta hau egin zuen: ibaiak historiaren jarioa eta jarraitutasuna adierazten duela. Jakinduria, hark aditzera eman zidanez, “isurian doan ura” bezalakoa zen, “korronte nagusira jauzi egiten dugu eta harekin batera goaz”. Violak metafora bidez adierazten du ibaia dela “aurrera garamatzan bizi-indarra, baina ez dakigu nora… prozesu honen misterioa[gatik]”3.

Hotsa elementu giltzarri bat da Violaren instalazioetan eta kanal bakarreko bideo-zintetan. Musika-tresnak eta konposizio-estrategiak asmatzea hasieratik izan zen Viola bideo-artista gisa agertu izana tankeratu zuen arte-sormen prozesuaren adibide bat.Hotsa sortzeko eta konposatzeko teknika berriak eta musika-tresnetarako baliabideak garatzea David Tudor (1926–1996) estatubatuar piano-jotzaile eta konposatzailearen lanaren funtsezko zati bat izan zen, eta horrek Violaren hots eta bideo-artista lana bera tankeratu eta inspiratu zuen. 1973an, Syracuseko Unibertsitatean ikasten ari zela, Violak Tudoren Baso tropikala IV (Rainforest IV) hots-instalazio sonatuan parte hartu zuen Syracuseko, New York, Everson Museum of Arten. John Cagerekin batera, Tudorek zeregin giltzarri bat izan zuen musikaren ideia zabaltzen, audioa bere dimentsio guztietan esploratuz. Hona zer izan zen Oihana IV (Rainforest IV) instalazioan lan egin izanaren esperientzia Violarentzat: “ziur asko, izan dudan esperientziarik bikainena, nire begi-belarriak hotsaren mundu ikusezinera irekitzearen aldetik”4. Chocorua ’73n, New Hampshiren, garatutako Tudoren performanceak/instalazioak eskuz egindako audio-ekipo multzo handi bat zuen, sintetizadoreak eta audio-analizagailuak, batetik, transmisoreak eta transduktoreak, bestetik, mahai eta objektu zintzilikatuen artean mugitzen ziren gizabanakoek manipulatzen zituztenak. Performancea hedatu eta garatu egiten zen seinale-konbinazioek transduktoreen eta objektu haien gainalde bibratzaileen interakziotik ateratako hots-“baso” bat sortzen zuten ahala. Graduatu ondoren, Viola biran joan zen Oihana IV (Rainforest IV) instalazioarekin eta askotan bere hots-lanak jokatu zituen Festival d’Automne, Parisen, eta “Für Augen und Ohren,” Akademie der Kunst, Berlinen, eta horrelako leku batzuetan. Kawaji Onsenen, Japonian, hots-ingurune bat sortu zuen mendialdeko ibai-uberka batean Fujiko Nakaya japoniar artistaren laino-eskulturarako. Oihana IV (Rainforest IV) eredu bihurtu zen sumatzeko nola birlandu zuen Violak bideoa, hotsa eta irudia grabatzeko eta manipulatzeko ikus eta entzun tresna gisa. Garrantzitsua da Oihana IV (Rainforest IV) gogoratzea ez bakarrik Violak bideoarekiko hasierako konpromisoan izan zuen inpaktuagatik, baita ere Violak gerora musikarekin eginiko lanagatik ere, besteak beste, frantses konpositore Edgar Varèserekin [Violaren Basamortuak (Déserts), 1994], Trent Reznorekin, Nine Inch Nails estatubatuar rock talde industrialekoarekin (Reznoren FragilityTour v2.0, 2000, lanerako) eta Richard Wagnerekin [Violaren lau orduko bideoa Tristan eta Isolda (Tristan und Isolde), 2004-2005, operarako]. Violak musika klasikoan eta modernoan zuen interesak Kira Peroven eragina izan zuen hasieran, eta, Peter Sellars, Wagner produkzioaren zuzendariarena, gero. 

Denboraren, historiaren eta esperientziaren jario etengabea bistaratzeko Violak egindako erabilera metafora zabal bihurtu zen berak “zurunbiloetako ur geldia” deitzen ziona ikertzeko, hala izendatzen baitzituen erlijio eta kultura joera nagusietatik kanpoko ibaiadarrak eta mugimenduak. Hori argi eta garbi gelditzen da haren Koadernoetan, Proiektu Liburuetan eta Lan Liburuetan, zeinak unibertsitateko lehenengo urteetan hasi baitzituen, eta zeinak gaur egun ere haiek betetzen segitzen baitu diagrama teknikoekin eta orobatera askotako pentsalari eta artisten aipamenekin, zeinak argi eta garbi tankeratu baitute ikus-entzunezkoen bitartekoak dituen posibilitateei Violak duen begiratzeko modua. Violaren idatziak funtsezkoak dira haren sormen-prozesuan eta estetikarekin eta historiarekin duen konpromiso intelektualean. Haren idatzien bitartez, jarraitu dezakegu nola tratatzen duen Violak ibaia eta ura adimenaren eta gogoaren aldarteen metafora bisualtzat hartzen dituen kontzeptua beranduko lan batzuetan, hala nola, Lo daudenak (The Sleepers), 1992, Bidegurutzea (The Crossing), 1996, eta Bost aingeru milurterako (Five Angels for the Millennium), 2001. Violaren idazkera arretatsu eta zehatzaren bidez emandako erreferentzien eta ideien mapa bat eskaintzen duteKoadernoek. Marrazkiek eta planoek erakusten dute nola zertzen eta tankeratzen diren artelan jakin batzuen forma eta eduki bisuala. 1970eko urteetan bereziki, hots-eskulturen marrazki ederrak sortzeari eman zitzaion batik bat Viola, eta haietariko batzuk, hala nola Pasilloko nodoak (Hallway Nodes), 1973, eta Bertute misteriotsua (The Mysterious Virtue), 1974, beranduago produzitu eta jendaurrean eman ziren.

Koadernoetako orrialdeetan zehar, aise segi daiteke zer-nolako interesa duen Violak tradizioan eta bizitzaren jarraitutasunean, zeinak baitira familiako eta haurtzaroko oroitzapenen bitartez adieraziak. Violak maiz kontatzen du Iseko (Japonia) Santutegi Bikainaren historia, zeina antzinako jarraibide zehatzen arabera berreraikitzen baita hogei urtean behin, aldameneko leku batean, meditazio, berritze eta gordetze prozesu jarraitu baten baitan. Tradizioa arte molde eta oroitzapen sakratu bat bai preserbatzeko eta bai tankeratzeko bitartekotzat duen ikuspegia ondo islatzen du Iseko santutegi biziak. Santutegiaren hilezkortasuna haren etengabeko berreraikitzean datza, ibaia bere isuri jarraituaren indarrean bizi den bezalaxe. Violarentzat, aldaketak berak ematen dio bere jarraitutasuna denborari.

Violak bere artean gorputzaren esperientzia aditzera emateko eta barne sentimenduak adierazteko duen interesa munduko erlijioak eta haien testu espiritualak ikertu izanetik datorkio. Aldi berean, barne sentimendu espiritual eta narrazio teologiko horiek bisualki aditzera emateko eta adierazteko munduko arteak sortutako tradizio ugariek liluratuta zeukatenViola. Denboraren gauzatzea eta arte eta historiako irudien tratamendua Agurra (The Greeting) bezalako instalazioetan nabarmendu zen lehendabizikoz. Pieza horretan, benetako denboran 45 segundo irauten duen ekintza bat taularatzen du, baina 10 minutu baino gehiagoz hedatzen du. Agurra (The Greeting) Pontormoko Ikustaldia (Visitation), 1528–1529, margolan manieristan inspiratuta dago, zeina Violak arte-liburu batean erreproduzitua ikusi eta ezin baitzuen burutik kendu. 1995ean sortu zuen Violak Agurra (The Greeting); Veneziako 46. Biurtekoko Estatu Batuen Pabilioirako bost instalazio berrietako bat zen.Performerak elkar besarkatzeko mugitzen diren ahala, haien emozioak zabaldu egiten dira denboran zehar, haien keinu eta mugimenduak gradualki hedatzen diren neurrian.Aldi berean izanik piktorikoa konposizioan, eskulturala irudien haren tratamenduan, eta zinematografikoa haren presentzian, Agurra (The Greeting) Violak lorpen estetiko historikoez eta munduko kultura eta ideiez eginiko gogoetaren adibide goiztiar bat da. Interesgarria da jarraitzea nola sortzen duen Violak obra espazioari erantzunez edo kokatzen dituen instalazioak ingurune desberdinetan.

Bi kasuotan, obraren esperientzia bisual sakonaren hala konplexutasuna nola gardentasuna nabarmentzen ditu artistaren ikuspegiak. Violak oreka bat lortzen du obraren estetikaren eta erakusketako espazioaren eskari formalen artean; instalazioak oihartzun berri bat hartzen du espazioaren barruan eta obrak eraldatu egiten du espazioa. Lehenengo kasua 1968an gertatu zen, San Joan Gurutzetakoarentzat gela (Room for St. John of the Cross),1983, eta Etxe huts batean atea jotzeko arrazoiak (Reasons for Knocking at an Empty House), 1982, Frantzian erakutsi zirenean, La Chartreusen, Villeneuve-lès-Avignonen. Beste adibide batzuk dira Bidegurutzea (The Crossing), Parisko Saint-Louis de la Salpetrièreko kaperarako 1996an sortua; Mezularia (The Messenger) instalazioa Durhamgo katedralean, Ingalaterran, urte berean; eta Bost aingeru milurterako (Five Angels for the Millennium) obraren bertsio handitu bat Gasometer Oberhausenerako, Alemanian, 2003an; eta Martiriak (Martyrs) St. Paul katedralean, 2014an. Haren curator-zeregin ezin baliotsuagoan, Perovek bereziki izan du garrantzi handi-handia obrak lekuekin sentiberatasunez kidetzerakoan. Leku bakoitzak kontakizun desberdin bat kontatzen du eta une desberdin bat markatzen du Violaren karreraren ibilbidean.

Artearen ideal humanistikoek dimentsio berri bat hartzen dute Violaren bideo-artean: aintzat hartzen ditu arte bisualaren eta musikaren tradizioak, zeinak lotura estua baitute munduko erlijio handiekin eta arte-forma eta kultura-jarduera tradizionaletan adierazita dagoen humanismo sakonarekin. Violaren arteak gizadiarentzat itxaropena eta herriaren berezko ontasunean sineste bat aditzera ematen du, eta sineste hori giza irudimenaren tarte historikoan adierazita ikusten du, Lascauxeko (Frantzia) haitzuloetatik italiar Berpizkundeko katedraletara.

Viola nola iritsi zen denboraren ikerketa honetara eta espiritualtasunez osatutako estetika batera hogeigarren mende bukaerako kontakizunik handienetako bat da. Bideoarenganako haren interesarekin eta gorputzaren fenomenologiako arte-jardunaren oinarriarekin hasi zen; fenomenologia hori mugitu egin zen pertzepzioaren eta errepresentazioaren ekintzatik denboraltasuna “gorputza” gauzatzeko tresna gisa gogora ekartzera.Violaren iruditeria mugikorra mistizismoan oinarrituta dago, eta estrategia horrek Pierre Hadot frantses filosofoaren “gogo-jardunak” gogorarazten ditu. Hau idatzi zuen Hadotek: “Oraingo uneari arreta jartzeak kontzientzia-kosmikora iristea ahalbidetzen digu, une bakoitzaren balio infinitoari erne egonarazten gaituenez eta bizitzaren une bakoitza kosmosaren lege unibertsalaren ikuspuntutik onarrarazten digunez”5. Une bakoitzean ipiniz arreta, Violak estetika bat aditzera ematen du, zeinaren xedez nahi baitu igo “gizabanakoa bizi-baldintza aizun batetik —oharkabetasunak ilundua eta kezkak estutua egotetik—bizi-egoera benetako batera, zeinean iritsiko baitu bere buruaren kontzientzia, munduaren ikuspegi zehatz bat, barne bakea eta askatasuna”6.

Bere artearen gogo-jardunen bitartez, Violak boladak igaro izan ditu monje budistekin, munduan zehar bidaiatu du, eta, batez ere, interes handi-handia izan du Rumi poetarengan eta Seyyed Hossein Nasr adituaren mistizismo islamikoari buruzko idatzi zabaletan.Nasren aipamen batek Violaren 2002 Proiektu-Liburuan honela dio:“Objektu materialak konkretutasunarekin eta kontzeptu mentalak abstraktutasunarekin identifikatzeak ekarri duen ondorioa izan da ez bakarrik formak materiarekiko —plano fisikoan bertan— duen garrantzia suntsitzea, porrokatu du baita ere korporaltasunak eta gorpuztasunak jakintza-iturri gisa duen garrantzia”7.Baieztapen horrek adierazten du errepresentazioari buruzko tradizio eta diskurtso klasikoetan jarri duela Violak arreta, modernitateak —psikoanalisian murgilduz— eta postmordernismoak  —estrategia autoerreferentzialak azpimarratuz— arteaz gogoeta egiteko erari atxiki baino. Nasren tradizio klasikoaren barruan aurkitzen ditu Violak gure garaian oraindik ere garrantzia duten misterioak eta haien urgentzia eta anbiguotasun osoan ezagutzera eman nahi dituenak.

OHARRAK

  1. Rumi, Bill Violak aipatua, Koadernoko sarrera, 1977ko martxoak 2 (Koadernoa, 1977ko martxoak 2–1978ko urtarrilak 29), liburu honetan erreproduzitua (okerreko datarekin): Robert Violette eta Bill Viola (ed.), Bill Viola, Reasons for Knocking at an Empty House: Writings 1973–1994, London: Thames & Hudson Anthony d’Offay Gallery-arekin batera, 1995, 27. or.; letra larriz jatorrizkoan. [itzuli]
  2. Bill Viola, “Presence and Absence: Vision and the Invisible in the Media Age,” Tanner Lecture on Human Values,The University of Utah, 2007ko martxoak 7, transkripzioa, 21. or. [itzuli]
  3. Bill Viola, egileak eginiko elkarrizketa, Long Beach, Kalifornia, 2013ko abuztuak 9. [itzuli]
  4. Bill Viola, ikus: Bill Viola: Going Forth By Day (erak. kat.), Berlin eta New York: Deutsche Bank eta The Solomon R. Guggenheim Foundation, 2002, 100. or. [itzuli]
  5. Pierre Hadot, Philosophy as a Way of Life: Spiritual Exercises from Socrates to Foucault, Arnold I. Davidson (ed.), Michael Chase (itzul.), Oxford: Blackwell, 1995, 85. or; jatorrizkoan azpimarratua. [itzuli]
  6. or.Ibid., 83. or. [itzuli]
  7. S. H. Nasr, “Traditional Art as a Fountain of Knowledge and Grace,” hemen: Knowledge and the Sacred, Albany, New York: State University of New York Press, 1989, 262. or. [itzuli]