Edukira zuzenean joan

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

Atalak

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

Erakusketa honetan ia 200 lan daude, tartean, instalazioak, objektuak, filmak, marrazkiak, testuak eta audioak, bai eta performanceen dokumentazioa ere. Yoko Ono-ren 80. urtebetetzea zela eta taxutu zen 2013an, eta haren artegintza anitzaren ikuspegi zabala eskaintzen du, gaur egunera artekoa.

Yoko Ono Tokion jaio zen 1933an eta gerora New Yorkera joan zen bizitzen. Arte kontzeptualaren aitzindari izan zen: ideiak dira haren artelanen mami eta osagai nagusi, ez materia. Ideia horietako asko poetikoak, ilogikoak zein utopikoak dira; beste batzuk, berriz, zehatzak eta egingarriak. Batzuk objektu bihurtzen dira, beste batzuk ez dira materia bilakatzen. Artistaren umorea eta gizarte-kritikarako joera handia islatzen da haren lanetan maiz. Artelanen abiapuntu dira, sarri, Jarraibideak, hots, artistak ikusleari ahoz zein idatziz emandako gidalerroak; horiek artelana ulertzeko ikuspuntu bat iradokitzen dute eta ohi baino eginkizun aktiboagoa esleitzen digute artelana behatzen dugunoi. Artelanetako asko amaitu gabetzat jo daitezke ikusleak irudimena erabiliz parte hartzen ez badu.

Erakusketa ataletan banandu da, eta, neurri batean, kronologikoki antolatu da. Hasierako atalean 1960ko hamarkadako lan esanguratsuenetako batzuk daude, besteak beste, lehenengo performance, paper gaineko lan eta objektuak. Beste atal banak filmak eta musika-lanak dituzte ardatz nagusi; artistaren musika-ibilbide osoa hartzen dute, gaur egun arte. Azken atala oraintsuko instalazioei eskaini zaie; bertan daude, besteak beste, Goizeko izpiak/Ibai-zola (Morning Beams/River Bed) instalazioa eta Mendi mugikorrak (Moving Mountains) lana, zeinetan ikusleek parte har dezaketen. 

Schirn Kunsthalle Frankfurt-en erakusketa bat, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan.