Edukira zuzenean joan

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

hezkuntza-edukia

Yoko Ono, funtsezko artista

Yoko Ono (Tokio, 1933) arte garaikidearen aitzindari izan zen, eta 1950eko hamarkadaren amaieratik bakearen eta giza eskubideen aldeko irudi gailena eta defendatzaile sutsua izan da. Haren artegintzaren bereizgarri batzuk eta gizarte-ekintzarekin lotutako zertzelada batzuk azaltzen dira didaktika-gune honetan, testuen, irudien eta film baten bidez.

Hirurogei urteko ibilbidean, askotariko lanak egin ditu Onok, diziplina asko barne hartzen dituztenak, tartean, instalazio-artea, musika, pintura, performance-artea eta poesia. Oraindik ere, horrelako lanak egiten ditu.

Arte kontzeptualaren eredu peto-petoak ziren Onoren lanak 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hamarkadaren hasieran: ideiak ziren artelanen mamia, eta kontzeptuak idatziz aditzera ematen zituen, Grapefruit (1964) jarraibideen liburuan, besteak beste. Idatzitako hitza sorkuntzarako bide eta sormen-lan zen aldi berean.

Performanceak ere landu zituen garai bertsuan. 1960ko hamarkadaren hasieran, New Yorkeko hainbat gune publikoetan antzeztu eta hainbat erakusketatan parte hartu zuen. Gorputza zen maiz haren performanceen funtsezko gaietako bat. Iragankorrak ziren, baina, hala ere, ikusi zutenen oroimenean gorde dira; bai zuzenean ikusi zein beste bide batzuen bidez haien berri izan zutenen oroimenean. Izan ere, filmak, soinu-grabazioak, argazkiak, idatzitako gidalerro, partitura eta jarraibideak horien lekukotasun dira. Ikusleek, gainera, leku garrantzitsua dute Onoren lan askotan, haien esku-hartzea behar baita lanak osatzeko: behaketa arretatsua edo une jakin batean lanaren osagai batzuekin ekintza jakin bat betetzea.

Ono, bestalde, aktibista gailena da, eta bakearen, giza baliabideen eta emakumeen alde egin du. Gune honetan, hainbat gai iker ditzakezu, besteak beste: Onoren artegintzan ekitaldiek, ideiek, idatzitako eta hitz egindako hitzek eta ikusleen parte-hartzeak duten munta eta aktibista gisa egin duen lana. Horrez gain, argibideok osatzeko, irakurketa-gune bat dago; bertan, erakusketarako katalogoa kontsultarako eskuragarri duzu.