Edukira zuzenean joan

Yoko Ono. Half-A-Wind Show. Atzera begirakoa

Sarrera

Yoko Ono. Half-a-Wind Show. Atzera begirakoa

Yoko Ono. Half-a-Wind Show. Atzera begirakoa erakusketan ia 200 lan egongo dira, tartean, instalazioak, objektuak, filmak, marrazkiak, testuak eta audioak, bai eta performanceen dokumentazioa ere. Yoko Onoren 80. urtebetetzea zela eta antolatu zen, eta arte kontzeptualaren eta performancearen aitzindari honen artegintza anitzaren ikuspegi zabala eskainiko du. Ideiak dira haren artelanen mami eta osagai nagusi, ez materia. Ideia horietako asko poetikoak, ilogikoak zein utopikoak dira; beste batzuk, berriz, zehatzak eta egingarriak. Batzuk objektu bihurtzen dira, beste batzuk ez dira materia bilakatzen. Artistaren umorea eta gizarte-kritikarako joera handia islatzen da haren lanetan maiz.

Artelanen abiapuntu dira, sarri, Jarraibideak, hots, artistak ikusleari ahoz zein idatziz emandako gidalerroak; horiek proposamen mundu zabala irekitzen dute eta ohi baino eginkizun aktiboagoa esleitzen diote artelana behatzen duenari. Artelanetako asko amaitu gabetzat jo daitezke ikusleak parte hartzen ez badu —bai benetan zerbait eginez zein zerbait imajinatuz—.

Erakusketa ataletan banandu da eta hasierakoan 1960ko hamarkadako lan esanguratsuenetako batzuk daude, besteak beste, lehenengo performanceak, paper gaineko lanak eta objektuak. Garai horretan New Yorkeko abangoardiaren irudi gailenetako bat bihurtu zen eta harreman estuak garatzen hasi zen John Cage musikariarekin; Fluxus mugimenduaren sortzaile George Maciunas-ekin eta Jonas Mekas zinema-zuzendariarekin. Beste atal batzuetan filmak eta musika-lanak dituzte ardatz nagusi; ibilbide osoa hartzen dute, gaur egun arte. Lan horietako batzuk John Lennon-ekin lankidetzan sortu ziren eta horien ondoan azkenaldiko proiektuak erakutsiko dira, esaterako, 2012an Thurson Moore-rekin eta Kim Gordon-ekin grabatutako diskoa. Azken atala oraintsuko instalazioei eskaini zaie, eta bertan daude atzera begirako honetarako egindako lanak. Horietako gehienek ikusleen parte-hartzea eskatzen dute.

Schirn Kunsthalle Frankfurt-en erakusketa bat, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan.