Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Eskulturak 1985-1999

Atalak

Richard Serra

XX. mendeko eskultore nabarmenetakoen artean dagoen Richard Serra (1939an Californian jaioa) ezaguna da fabrikazio prozesua, materialen ezaugarriak eta ikuslearekin eta kokalekuarekin duen konpromezua azpimarratzen duen obraren izaera berritzaileagatik eta desafiatzaileagatik. 1960ko hamarkadaren hasieran, Serra, bere belaunaldiko artista minimalistekin batera, material industrialak erabiltzen hasi zen, ohikoak ez zirenak, eta bere lanen ezaugarri fisikoak nabarmentzeari ekin zion. Bere zeregin historikotik aske, bere oinarri edo idulki tradizionala alde batera utzita, eta ikuslearen espazio errealean sartuta, eskulturak harreman berria ezarri zuen ikuslearekin, haren objektuen esperientzia fenomenologikoa funtsezko bilakatuz bere esanahia ezagutzeko. Ikusleak lanaren inguruan ibiltzera animatzen zituzten —bai eta batzuetan gainean, barrutik edo zeharka ibiltzera ere— eta ikuspegi anitzetatik behatzera. Bere lan asko, hemen erakusgai daudenak barne, ezin dira erabat ulertu azterketa peripatetiko bat egin gabe. Urteetan zehar, Serra eskulturari dagokion espazioaren eta denboraren ikuspegi horretan sakontzen aritu da eta eskala handiko lanak egin ditu batez ere. Berariazko leku baterako pentsatuak, lan horiek elkarrizketa bat sortzen dute arkitektura, hiri edo paisaje baten ingurune jakin batekin.

Erakusketa honek bihurritu eliptikoak aurkezten ditu, Serrak espazioaren fisikotasunari eta eskulturaren izaerari buruz egin dituen azkenaldiko gogoetak izanik. Serraren oraingo bihurrituen serieak, horietako zortzi hemen erakusgai izango ditugularik, Serrak azken hogeita hamar urteetan zehar garatzen aritu den hiztegi artistikoari lotuta jarraitzen du, baina horrez gain aldaketa garrantzitsu bat adierazten du. Orain arte espazioaren fisikotasuna artistaren etengabeko kezka izan bada ere, lan berri hauetan espazioa material bihurtzen da. Serrak berak dioen bezala:

“Elipse bihurrituen aurreko lan gehienetan, manipulatzen ari nintzen materialak hartzen zuen espazioa eratzen nuen. Lan hauetan, aitzitik, hutsarekin hasi nintzen, hau da, espazioarekin hasi nintzen, barrutik kanporantz hasi nintzen, ez ordea kanpotik barrurantz, hala azala aurkitu ahal izateko”1.

Artistak “errezeptakuluak” izena eman dien piezen diseinua angelu batean gainjartzen diren bi elipse perfektuk eta berdintsuk osatzen dute. Altzairua kurbatu egiten da azal gisa jarduteko, hutsune eliptikoak bere baitan hartzen dituena eta beheko elipsetik goiko elipsera gora egin ahala bira egiten duena. Altzairuaren plano kurbatuak barrurantz eta kanporantz makurtzen dira continuum batean, arkitekturan edo eskulturan aurretik inoiz ikusi ez den forma sortuz.

Neurri batean, Serrari Erromako San Carlo alle Quattro Fontane, Borromini-rena, bisitatu zuenean bururatu zitzaion serie hau. Bertako kupula eliptikoa zilindro obal baten antzera elizaren erdigunetik igotzen da. Forma hau bere baitan barrurantz tolestu ahal izateko modua zein izan zitekeen jakin nahi izan zuen Serrak. Arazoa konpontzeko, artistak eta laguntzaile batek maketa batzuk egin zituzten zurezko bi elipse txiki erabiliz, ziri batez lotuz eta ondoren berunezko plantxa bakar batean bilduz. Printzipio horiek berak erabiliz, jatorriz industria aeroespazialerako diseinatutako catia izena duen programaren bidez bolumenaren lerro jarraieko marrazkiak egin ahal izan zituen bai eta obra amaituan S forman kurbatutako altzairuzko plantxa bakoitzari zegokion kurbaren angelua zehaztu ere, kontuan izanik plantxa horietako bakoitzak gutxi gorabehera hogei tona pisatzen duela eta gehienez lau metro baino gehiagoko altuera duela. (Elipse bakoitzak bi edo hiru plantxa ditu).

Eskultura hauek primeran egokitzen dira Guggenheim Bilbao Museoko Fish izenez ezagutzen den galeriako espaziora (Frank Gehryk diseinatuta, Serrak ondoren erabiliko zuen CATIA programa berarekin). Bihurritu eliptikoak 1996ko Sugearen (Snake) ondoan agertzen dira, hain zuzen ere Guggenheim Bilbao Museorako propio artistak egindako obra izanik. Altzairuzko hiru kurba bihurrituz eratua eta sei sekzioz osatua (kurba bakoitzeko bi), Sugeak guztira 31 metro baino gehiagoko luzera, 4 metroko altuera eta 6,5 metrotik gorako zabalera du. Korridore bihurgunetsu eta inklinatuek adierazten duten mugimenduaren eta egonkortasun ezaren sentsazioa elipseetan nabarmendu eta azpimarratzen da, Serrak forma kurbatuetan duen interesari jarraituz, baina oraingo honetan bihurritua gehituz. Sugean, altzairuzko plantxa bakoitza norabide jakin batean inklinatzen da; Elipseetan, plantxa bat ahurra nahiz ganbila izan daiteke. Izan ere, egituran ez dago antzeman daitekeen lerro bertikal bat ere ez. Forma berri horiek grabitateari eta logikari desafio egiten ari zaiela dirudi, altzairu trinkoari feltroaren malgutasun itxura emanez. Forma horien barrutik nahiz kanpotik ikuslea mugitu ahala ustekabean aldatuz, eskultura horiek espazioaren eta orekaren esperientzia harrigarriak sortarazten dituzte, altzairu trinkoaren eta mugitzen ari den espazioaren sentsazio zorabiagarria eraginez.

Susan Cross

Komisari-lanean laguntzailea

Oharrak

  1. Cooke, Lynne eta Michael Govan. “Interview with Richard Serra”, Richard Serra: Torqued Ellipses (New York: Dia Center for the Arts, 1997), 13. orr. [itzuli]