Edukira zuzenean joan

Richard Serra: Eskulturak 1985-1999

Sarrera

Richard Serra

Richard Serra XX. mendeko eskultore nabarmenenetakoen artean dago. Artista hau, fabrikazio prozesuarekin, materialen ezaugarriekin eta ikuslearekin nahiz kokalekuarekin duen konpromisoa azpimarratzen duen obraren izaera eraberritzaileagatik  eta desafiatzaileagatik ezaguna da. Bere ibilbide artistikoaren hasieran, 1960ko hamarkadaren hasieran hain zuzen, Serrak produkzio artistikoan somatzen hasi ziren aldaketetan parte hartu zuen. Bere belaunaldiko artista minimalistekin batera, material industrialak erabiltzen hasi zen, garai hartan batere ohikoak ez zirenak, eta bere lanen ezaugarri fisikoak nabarmentzeari ekin zion. Bere zeregin historikotik aske, bere oinarri edo idulki tradizionala alde batera utzita, eta ikuslearen espazio errealean murgilduta, eskulturak harreman berria ezarri zuen ikuslearekin, hark zuen objektuen esperientzia fenomenologikoa funtsezko bilakatuz bere esanahia ezagutzeko. Ikusleak lanaren inguruan ibiltzera animatzen zituzten —baita zenbaitetan gainean, barrutik edo zeharka ibiltzera ere— eta ikuspegi anitzetatik behatzera. Urteak igaro ahala, Serra eskulturari dagokion espazioaren eta denboraren ikuspegi horretan sakontzen aritu da, subjektu eta objektu arteko eremu espaziala aktibatuz eta konprometituz. Azken bi hamarkadetan zehar, Serrak batez ere eskala handiko lanak egin ditu. Berariazko leku baterako pentsatuak, lan horiek elkarrizketa bat sortzen dute arkitektura, hiri edo paisaje baten ingurune jakin batekin, eta elkarrizketa hori sortzean espazio hori eta ikusleak harekiko duen pertzepzioa berriro definitzen dute. Erakusketa honek Torqued Ellipses (Bihurritu eliptikoak) aurkezten ditu, Serrak espazioaren fisikotasunari eta eskulturaren izaerari buruz egin dituen azkenaldiko gogoetak izanik.

1939an San Franciscon jaioa, Serra ingeles filologian lizentziatu zen Santa Barbaran, Californiako Unibertsitatean, eta ondoren, 1964an, Arte Ederretan, Yaleko Unibertsitatean. Ondorengo bi urteak Parisen eta Italian ikasten eman zituen, 1966an New Yorkera bizitzera joan aurretik. 1967 eta 1968 urte bitartean aditz zerrenda bat aztertzen aritu zen, esaterako “zipriztindu”, “bildu”, “eutsi”, “moztu” eta “tolestu”, artistak bere ibilbidean zehar erabilitako prozesu asko deskribatzen dituzten aditzak izanik, eskuez nahiz fabrikazio metodo industrialez baliatuz. Serrak prozesua funtsezkotzat zuten obrak egin zituen hasieratik. Batere ohikoak ez ziren materialak erabiliz, esaterako kautxua, aretoetako paretetan zerrendatan zintzilikatzen zuena, eta berun urtua, paretaren eta zoruaren arteko angeluan isurtzen zuena, Serrak arreta berezia jarri zuen materialen sorketa prozesuan, baita grabitatea eta tenperatura bezalako kanpoko baldintzen aurrean dituzten erreakzioetan ere.

Lehenengo lan haiek zoruarekin edo paretarekin irudi-hondo erlazio tradizionalarekin zerikusi handia izaten jarraitzen zutela kontuan izanik, Serra, 1969an, beste norabide batean mugitzen hasi zen. Gaur egun ikonikoa den One-Ton Prop (House of Cards) [Tona baten zurkaiztea (Karten gaztelua)] lanarekin. Izan ere lan honetan beren pisuaren indarrez bertikaltasuna mantentzen duten berunezko lau xafla bata bestearen gainean eutsiak geratzen dira. Serra eskulturaren izaera tektonikoan interesatzen hasi zen. Sorkuntzaren prozesua adierazten zuten lanekin bezala, eraikuntzaren izaera ere antzeman zitekeen oraindik. Zurkaitzen lanen seriean, Serrak orekaren eta grabitatearen printzipioak agerian utzi zituen baita eskulturen produkzioan betetzen duten funtsezko zeregina ere. Beruna malgu eta pisu handikoa izan arren, lan horiek tentsioz beteta daude; elementuen itxurazko ezegonkortasunak gatazka sortzen du pieza goitik behera erortzeko beldurraren eta fisikaren legeen ulermenaren artean.

1970az geroztik, Serrak altzairua landu izan du batez ere. Arkitekturarekin eta ingeniaritzarekin gehienbat lotu ohi den materiala da, eta disziplina horietan artista eskulturaren jatorria ulertzen saiatu da. Altzairua material gisa erabiltzen hasi zenean, bere obraren eskala handitu egin zen nabarmen. Harrezkero ezin ziren objektu diskretutzat hartu; beren esanahia eta osaera ezin dira ingurunetik bereizi, eta ikusleak ezin ditu ikusi osotasun gisa azterketa peripatetikoa egin gabe. Espazioan eta denboran barrena mugimenduarekiko eta Serraren hitzetan “gogoeta eta aurrerapenarekiko” kontingentea den pertzepzio-esperientzian artistak adierazitako interesa Kyotoko Zen lorategiak ezagutu zituenean sortu zen, 1970ean Japonian sei astez egon zenean: Zen lorategietan ez dago perspektiba finkorik. Bidaia honek artistarengan izan zuen eragina nabarmena da bere ondorengo lan ugaritan, hemen erakusten diren horiek barne, beren kanpoko perspektibak barruko formaren azterrenik ematen ez duelarik.

Serraren oraingo bihurritu eliptikoak serieak, horietako zortzi hemen erakusgai izango ditugularik, azken hogeita hamar urteetan zehar garatzen aritu den hiztegi artistikoari lotuta jarraitzen du, baina horrez gain aldaketa garrantzitsu bat adierazten du. Orain arte espazioaren fisikotasuna artistaren etengabeko kezka izan bada ere, lan berri hauetan espazioa material bihurtzen da. Serrak berak dioen bezala: “Elipse bihurrituen aurreko lan gehienetan, manipulatzen ari nintzen materialaren eta testuinguru jakin baten arabera lana kokatzearen artean eratzen nuen espazioa. Lan hauetan, aitzitik, ezerezarekin hasi nintzen, hau da, espazioarekin hasi nintzen, barrutik kanporantz, eta ez kanpotik barrurantz, honela azala aurkitu ahal izateko”.

Artistak “errezeptakuluak” izena eman dien piezen diseinua angelu batean gainjartzen diren bi elipse perfektuk eta berdintsuk osatzen dute. Altzairua kurbatu egiten da azal gisa jarduteko, hutsune eliptikoak bere baitan hartzen dituena eta beheko elipsetik goiko elipsera gora egin ahala bira egiten duena. Altzairuaren plano kurbatuak barrurantz eta kanporantz makurtzen dira continuum batean, arkitekturan edo eskulturan aitzindaririk gabeko forma sortuz.

Nolabait ere, Serrari Borromini-k Erroman eraikitako San Carlo alle Quattro Fontane bisitatu zuenean bururatu zitzaion serie hau. Bertako kupula eliptikoa zilindro obal baten antzera elizaren erdigunetik igotzen da. Forma hau bere baitan barrurantz tolestu ahal izateko modua zein izan zitekeen jakin nahi izan zuen Serrak. Arazoa konpontzeko, artistak eta laguntzaile batek maketa batzuk egin zituzten zurezko bi elipse txiki erabiliz, ziri batez lotuz eta ondoren berunezko xafla bakar batean bilduz. Printzipio horiek berak erabiliz, jatorriz industria aeroespazialerako diseinatutako catia izena duen programaren bidez bolumenaren lerro jarraieko marrazkiak egin ahal izan zituen bai eta S forman kurbatutako altzairuzko xafla bakoitzari zegokion kurbaren angelua zehaztu ere, kontuan izanik xafla horietako bakoitzak gutxi gorabehera 20 tona pisatzen duela eta gehienez 4,1 metroko altuera duela. (Elipse bakoitzak bi edo hiru xafla ditu). Denbora luzean bila aritu ondoren, Serrak hain konplexuak diren obra horiek egiteko gaitasuna zuten bi altzairu-fabrika aurkitu zituen. Orain instalatuta dauden elipseetatik hiru Estatu Batuetako Marylandgo Beth Ship untziola eta altzairu-fabrikan egin zituzten eta bost Alemaniako Siegengo Pickhan Umformtechnik GmbH fabrikan. Altzairuaren patina desberdinetan antzeman daitekeenez, Serrak obra horietako batzuk koipeztatu zituen, gehienak herdoiltzen utzi zituen arren.

Eskultura hauek primeran egokitzen dira Guggenheim Bilbao Museoko 104 aretoko espaziora (Frank Gehryk diseinatua, Serrak ondoren erabiliko zuen catia programa berarekin). Bihurritu eliptikoak 1996ko Snake (Sugea)-ren ondoan agertzen dira, hain zuzen ere Guggenheim Bilbao Museorako propio artistak egindako obra izanik. Altzairuzko hiru kurba bihurrituz eratua eta sei sekzioz osatua (kurba bakoitzeko bi), Sugeak guztira 31,6 metroko luzera, 4 metroko altuera eta 6,8 metrotik gorako zabalera du. Korridore bihurgunetsu eta makurtuek adierazten duten mugimenduaren eta egonkortasun ezaren sentsazioa bihurritu eliptikoetan nabarmendu eta azpimarratzen da, Serrak forma kurbatuetan duen interesari jarraituz, baina oraingo honetan bihurdura gehituz. Sugean, altzairuzko xafla bakoitza norabide jakin batean abailtzen da; Bihurritu eliptikoetan, xafla bat ahurra nahiz ganbila izan daiteke. Izan ere, egituran ez dago antzeman daiteen lerro bertikal bate ere ez. Forma berri horiek grabitateari eta logikari erronka botatzen dietela dirudi, altzairu trinkoari feltroaren malgutasun itxura emanez. Forma horien barrutik nahiz kanpotik ikuslea mugitu ahala ustegabean aldatuz, eskultura horiek espazioaren eta orekaren esperientzia harrigarriak sortarazten dituzte, altzairu trinkoaren eta mugitzen ari den espazioaren sentsazio zorabiagarria eraginez.

Susan Cross

Komisari-lanen laguntzailea

Erakusketaren antolatzailea: The Museum of Contemporary Art (MOCA), Los Angeles.