Edukira zuzenean joan

Artearen historia guztiak: Vienako Kunsthistorisches Museum-a

Atalak

Artearen historia guztiak

Munduko historia-museo garrantzitsuenetako bat den Vienako Kunsthistorisches Museum-aren bildumak Habsburgoko etxeko zaletasunetan, familia-harremanetan eta Europan bostehun urtez izan zituzten diplomazia- eta politika-jardunetan oinarritzen dira. Bildumen muinean Fernando II.a Tiroleko artxidukearen eta Rodolfo II.a enperadorearen Kunstkammerak (arte-kabineteak) daude. Ganbera horietan eta Wunderkammeretan (mirarien ganberak edo bitxikeria-kabineteak) balio handiko pinturez eta fin-fin egindako objektuez gain, mota guztietako bitxikeriak zeuden, esate baterako: disekatutako animalia exotikoak, tresna zientifiko bereziak eta ezohiko ale naturalak. Helburu zuten gizakiaren ezagutza guztiak biltzen zituen mikrokosmosa sortzea eta gizakiak asmatutako tramankulu aurreratuenen bidez ikasteko leku izatea. Kunstkammeretara gutxi batzuk baino ezin sar zitezkeen arren, Europa iparraldeko museo kontzeptuaren hazitzat har daitezke.

Ikusmolde berri bati jarraiki, erakusketa hau Artearen Historiaren genero nagusien inguruan antolatu da: Erretratua; Historia, erlijioa eta mitologia; Biluzia; Ohitura-pinturak; Natura hilak eta, Paisaia. Horiek azaltzeko, pinturak eta objektuak alboz albo jarri dira; hala ere, adibide horiek ez dira mugatu tradizioz “goi-mailako artetzat” hartu izan direnetara, horiez gain, “industriala”, “luxuzkoa” edo “dekoratiboa” deitu izan zaion artearen adibideak ere ikusgai izango dira.

Erretratuari eskainitako sailean, Antzinate Klasikoko eta Egiptoko eskulturetarik pinturaren maisu handien margoetara doazen adibideak daude, baita eskulturak, armadurak, luxuzko objektuak eta oroitzapenezko medaila eta monetak ere. Historia-pinturen sailean, erakusketaren bigarren atalean, historiako, mitologiako eta erlijio-gaiak oparo irudikatzen dituzte Europako margoen maisulanek eta osagarri diren gai bereko eskulturek. Biluzia, hirugarren atala, historia-pinturen osagarria da eta bertan eskultura eta objektu dekoratibo bikainen eta artista nabarien pinturak daude, dinastiako hainbat enperadoreen eta artxidukeen bildumetatik aukeratutakoak. Ohitura-pinturetan kaleak eta herriak, tabernak eta herri-jaialdiak agertzen dira, artearen historia osoan zehar jaso izan diren eguneroko ohituren irudiak. Bosgarren sailean, natura hilei eskaini zaion horretan, pintura eta Kunstkammeretako objektuak elkartzen dira. Erakusketa honetan zehar egin daitekeen ibilbidea paisaiaren generoan amaitzen da eta bertan XVI. mendeko eta XVIII. mendearen lehenengo erdiaren artean margotu ziren landa-inguruko, itsasaldeko eta hiriko ikuspegiak daude.

Bilduma horiek Artearen historia guztiak ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen dute, izan ere, horien iragana Europako historia modernoaren eta garaikidearen oinarri dira.