Edukira zuzenean joan

Henri Michaux: beste aldea

Atalak

Henri Michaux: beste aldea

XX. mendeko literatura eta arteetako irudi sailkaezina izan zen Henri Michaux (Namur, Belgika, 1899–Paris, 1984), eta bere bizitza luzean zehar garaiko artista eta idazleengan eragin handia izan zuen. “Poeten poeta” eta “margolarien margolari” izan zen aldi berean, eta bi eremuetako figurek laudatu zuten, hala nola, André Gide-k eta Francis Bacon-ek. Paper gaineko milaka obra sortzen jo eta ke jardun zuen, izan ere lan horien osotasuna apenas ezagutzen dugu egun. Erakusketa hau Parisko Michaux Artxibategiekin elkarlanean antolatu da, eta artistaren 60 urteko sormen-jarduera biltzen du, haren laneko sail eta epealdirik garrantzitsuenen bitartez. Artistaren 230 pieza, dokumentu eta objektu jasotzen dituen Henri Michaux: beste aldea erakusketa hiru ardatz tematiko nagusiren inguruan egituratzen da: giza irudia, alfabetoa eta psike aztoratua; hain zuzen ere begirada panoramikoa eskaintzen du horien gainean.

Halaber, hiru bloke handi horien artean dauden paralelismo eta bateratasun formal nahiz materialak nabarmentzen ditu, eta artistaren modus operandiaren muina azaleratzen du, hark zientzia, musikologia eta etnografiarekiko zuen interesa azpimarratuz. Michauxren funtsezko sailek presentzia nabarmena dute erakusketa honetan: hala nola, hondo beltzak, frottageak, mugimenduak eta marrazki meskalinarrak. Sekula ikusgai egon gabeko artelanak daude hemen, estatuko nahiz nazioarteko bildumetako pieza garrantzitsuekin batera.

AGERPENAK ETA “FANTASMISMOA”

Esperimentatzaile eta bidaiari nekaezina izaki, Paul Klee eta Max Ernst-en lanen bidez heldu zen Michaux pinturara, artista haiekin lehen kontaktua 1920ko hamarkadan izan ostean. Idazlearen tresnak, tinta eta papera, izan zituen lehengo baliabide abentura piktorikoan, nahiz eta laster garatu zituen egun bere lana ezaugarritzen duten teknikak, hala nola, tenpera hondo beltzaren gainean eta frottagea; artistaren epealdirik berantiarrenean, olio-pintura eta akrilikoarekin egin zuen lan. Akuarela eta tinta ere erabili zituen tarteka, hainbat paper motaren gainean. Teknika guzti horiek arinak ziren, istripurako edo gainezka egiteko joera zutenak, ezaugarri desiragarriak horiek, bere lanetan ausazkotasunaren esku-hartzea etengabe bilatzen zuen artista batentzat, indar ezezagunekin lankidetzan jardungo balitz bezala. Bulkada horren atzetik, eta izpiritu aszetiko eta sistematikoarekin, Michaux substantzia haluzinogenoetara hurbildu zen, kontzientziaren jarrerak baldintza esperimentaletan aztertzeko; modu horretan, pinturaren printzipioak zentzumenetara eraman zituen. Michauxrentzat pintura beste alde hori da, eta eremu horren mapa infinitu bat osatzen du artistak.

Michauxren beraren hitzetan, “bere burua harritzeko” pintatu zuen beti. Ez zuen sekula sinetsi aurrez definituriko emaitzetan; aitzitik, materialarengan gertaera definigaitzak eragitea bilatu zuen, irudi, zeinu eta paisaia anbiguo eta ustegabeak sorrarazteko.  “Pinturaren fenomenoari” buruz egindako adierazpen entzutetsu batean, filiazio edo korronte orori muzin egin artean, aitortu zuen fantasmismoa zela bera atxikitzeko moduko mugimendu bakarra: espektro eta agerpenen artea. Hala, Michauxren obra osoan zehar izaki zehaztugabeak ageri dira eta alegiazko erretratu ugari daude. Genero klasiko horri eskainitako areto honetan, paperaren sakontasun mugagabetik artistaren eta ikusleen enkontrura ateratzen diren artistaren pertsonaiez betetako artelanen hautaketa zabala dago.

ZEINUEN BIZITZA

Esperimentu kaligrafikoek Michauxren ekoizpen grafikoaren zati handi bat hartzen dute. Ekialdeko idazkiek eta, bereziki, ideograma txinatarrek liluratuta, hasiera-hasieratik lan egin zuen artistak asmatutako alfabetoak sortzen, korrelazio fonetiko edo semantikorik gabe. Zeinu horiek, Michauxren arabera, poesia osatugabea dira beti: keinuaren eta bulkadaren literatura eta trazuaren dantza. Era berean, zeinuen hegaldatzea erritmo-printzipio etengabe baten araberakoa da: marrazki bakoitza da leherketa eta korrontea, hainbat norabide dituen “ibilbidea”. Soinuen erritmo eta patroiekiko grinarekin batera landu zuen Michauxk idatzi piktografikoekiko zuen interesa. Musika-praktikaren zalea ere bazen, nahiz eta bere marrazkiak baino ez diren horren testigu, batzuetan partiturak diruditela. Obra horietan literatura abstraktu eta intimo bat topatuko dugu, non trazuak etengabean aldatzen diren irudi eta pertsonaiak diren. Sarritan, zeinu horiek bereizita ageri dira, letren antzera; beste batzuetan, ordea, animalien ezaugarriak edo ezaugarri totemikoak agertzen dituzte; are gehiago, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan substantzia psikoaktiboekin egindako esperimentu garaietan, esaterako, trazuak biderkatu egiten dira paper-azalera handien gainean, eta Espresionismo Abstraktuaren praktiketatik hurbil dauden konnotazioak hartzen dituzte.

PSIKEA MANIPULATZEA

1955ean, adinez nagusi zela jada, Michauxk lehen aldiz hartu zuen parte meskalinarekin egindako esperimentu batean; peiote gisa ezaguna den kaktus mexikar batetik ateratako alkaloide mota bat da substantzia hori. Esperimentua egiteko, literatur mundutik gertu zeuden mediku eta zientzialarien laguntza izan zuen, Julian de Ajuriaguerra neurologo bilbotarrarena tartean. Substantzia psikoaktibo horrek nahiz beste batzuek —psilozibina eta LSD 25, adibidez— eragiten dituzten mutazio psikiko eta sentsorialek txundituta, eta horien efektuak zehatz-mehatz aztertzeko asmo irmoarekin, Michauxk hainbat saio egin zituen 1960ko hamarkadaren hasiera arte; saio horien emaitzak bere literatur lanetan islatu zituen, hala nola, Misérable Miracle eta L’Infini turbulent liburuetan. Bien bitartean, marrazki zehatz ugari egin zituen, aurreko urteetan agertzen hasi zen matrize grafiko baten arabera: arrasto eta zuhaitz-formen eskema bat, sarritan goranzkoa, simetria eta mikrografiaz gainezka. Obra grafiko horiek nahiz literatur lanek eraman zuten Michaux kultura psikodeliko hasiberriaren eta underground mistikaren eredu izatera, nahiz eta berak paradisu artifizialetan batere interesik gabeko “ur-edale” neurritsu gisa definitu zuen bere burua beti. Esperimentazio kimikoa laga osteko urteetan, estilo “meskalinarra” garatzen jarraitu zuen artistak, beste sail eta obsesio artistiko handietan lan egin artean. Horietan guztietan topatu zuen imajinazioaren kartografiarako eremu emankorra.