Edukira zuzenean joan

Henri Michaux: beste aldea

hezkuntza-edukia

Gorputza eta gogoa estimulatzen dituzten esperientziak 

Izenburua:
Gorputza eta gogoa estimulatzen dituzten esperientziak 
Azpititulua:
Autoezagutzaren bide luzea
Erakusketa:
Henri Michaux: beste aldea
Gaiak:
Gizakia | Artea eta musika | Artea eta psikologia | Kaligrafia | Eragin artistikoa | Drogak | Julián de Ajuriaguerra Ochandiano | Introspekzioa | Subkontzientzia
Teknikak:
Akuarela
Artelan motak:
Pintura | Urtinta
Aipatutako artistak:
Michaux, Henri

Gazte-gaztetatik izan zuen Henri Michaux-k (Namur, Belgika, 1899–Paris, 1984) bere izaera propioa eta inguruko munduarena ulertzeko gogoa. Hala, artistaren bizitzak eta obrak etengabeko autoezagutza-prozesu batean dute oinarria.

Espazio didaktiko honek ibilbide bat proposatzen du artistaren sormen-unibertsoa gidatu zuten estimuluetan barrena, eta hainbat gairen inguruko hausnarketa bultzatzen du: subkontzientearen alorrean egindako sarraldiak, beste kultura batzuekin izandako konexioa edo musikari, idatzizko hizkuntzari eta bitarteko piktorikoari ematen zizkion garrantzia. Erreferentzia bibliografiko batzuk ere hautatu dira, publikoak kontsultarako eskuragarri izango dituenak; horien artean Michaux beraren idazkiak nabarmentzen dira, baita erakusketako katalogoa ere.

 

HIZKUNTZA PLASTIKOA

Nork ez du inoiz nahi izan izakiak eta gauzak gehiago antzeman, hobeto antzeman, beste era batera antzeman, ez hitzen, fonemen, ezta onomatopeien bitartez, baizik zeinu grafikoekin?
Henri Michaux, Saisir, Montpellier: Fata Morgana, 1979

Hitzetatik libratzen zuen bitartekoa aurkitu zuen Henri Michauxk pinturan, bere barne-mundua modu zuzen eta espontaneoagoan espresatzeko bidea ematen zion hizkuntza berri batekin esperimentatuta. Hala, Michauxren lan piktorikoa, gauzatze azkar eta dinamikoa da.

Horretarako, nagusiki, material oso likidoekin egiten zuen lan Michauxk, tinta eta akuarela kasu, mugimendu-abiadura handiagoa ematen baitzioten. Erritmoz, keinuz eta zeinuz betetako konposaketak gauzatu zituen, askotan identifika ezin daitezkeen irudien errepresentazio direnak: pertsonak edo animaliak, bai eta bizi izan zituen kontzientzia-egoera aztoratuen oroitzapenetatik abiatutako forma abstraktuak ere.

 

KALIGRAFIA

Hizkuntzaren aukerak ikertzean, idazketaren aspektu grafikoan interesatu zen Henri Michaux: kaligrafian, letren forman hain zuzen ere. Zentzu horretan, bere bidaietan ezagututako Txina eta Japoniako ideogramen izaera kaligrafikoan aurkitu zuen inspirazioa Michauxk; bere pinturara moldatu zituen horiek gero, erregistro bisual propioa sortzen saiatzeko. Hasiera batean hitzak zirenak irudi bilakatu ziren denborarekin; hala, 1950eko hamarkada iristean, artistak gero eta gutxiago idatzi eta gero eta gehiago margotzen zuen.

 

IDATZIZKO HIZKUNTZAREN GARRANTZIA

Neure buruan barrena ibiltzeko idazten dut. Marraztu, konposatu, idatzi: neure buruan barrena ibili. Horretan datza bizitza honetan izatearen abentura.
Henri Michaux, Passages (1937–1950), Paris: Gallimard, 1998

Idazketarako berezko talentua izan arren, hasiera batean baztertu egin zuen Henri Michauxk horretan jardutea, beretzat funtsezkoa zenetik, hau da, adierazpen libretik, aldendu egiten zuela arrazoituta. Hala ere, aldian-aldian, arteari eta literaturari buruzko idatziak argitaratzen hasi zen Le Disque vert aldizkari belgikarrean. Gerora, 1925ean, aldizkaria zuzentzera iritsiko zen beste kide batekin batera, jada Parisen bizi zela.

Michauxrentzat idazketa ez zen azken muga bat bere horretan, baina bai hizkuntzaren aukera espresiboei buruz hausnartu eta horietan sakontzeko bidea ematen zion baliabide bat. Hala, prosa poetiko bat garatu zuen, esperimentazio handiago bat garatzeko bidea ematen baitzion: ohiko errealitatetik aldentzen ziren pertsonaia eta inguruak sortu (bere pinturetan oinarritutako paragrafo bat edo biko kontakizun laburrak idatzi ohi zituen) eta arauturiko edozein protokolo edo gramatikatik aldentzeko baliabide berriak bilatzeko bidea irekitzen zion (hitz berriak asmatu ohi zituen adibidez, zeinen esanahia ez zuen berak baino ezagutzen). 

 

INPROBISAZIO MUSIKALAK

Henri Michauxk musika-inprobisazioarekin ere esperimentatu zuen, nahiz eta ez zuen jarduera horren erregistrorik utzi, bere idazkietatik edo bere bizilagunen testigantzetatik haratago. Inprobisazio horietarako, pianoa eta bere bidaietan lortutako perkusiozko instrumentuak erabiltzen zituen nagusiki —tam-tama eta kalimba horien artean—, baita inprobisatutako musika-tresna gisa erabil zezakeen beste edozein egurrezko objektu ere.

 

MUSIKA

Musika, portaeraren artea [...] Musika folklorikoko zortzi minutuk gehiago diote herri ezezagun bati buruz, ohar eta laburpenez betetako ehun orrik baino. Dokumentu psikologiko adierazgarriena.
Henri Michaux, “Un certain phenomene qu’on appelle musique”, hemen: Encyclopédie de la Musique, Paris: Fasquelle, 1958

Musikak funtsezko garrantzia izan zuen Henri Michauxren ikerketa estetikoetan. Musikaren bitartez lortzen zuen artistak momentuarekin konektatu eta meditazio-egoera sakonak erdiestea. Hori dela-eta, momentuan entzuten zuen musikarekin sintonian garatzen zuen askotan bere obra piktorikoa.

Esparru horrekiko zuen gustua funtsezko bi ardatzetan banatzen zen: batetik, Mendebaldekoak ez diren zibilizazioetako musika folklorikoa, bere bidaien bitartez ezagutu zuena eta erritmo eta instrumentuak ezagutzeko bidea eman ziona; eta, bestetik, musika garaikide minimalista, serialista, zarataria edo zehatza, Michauxk zinez miresten zituen Alban Berg edo Karlheinz Stockhausen bezalako konpositoreek egina.

Michaux saiatu zen Ekialdeko eta Afrikako musika-erritmoak bere lagunen artean zabaltzen, munduko beste lurralde batzuetako abesti tradizional, erlijioso eta tribalekin batera. Momentuko konpositore eta artista handiek osatzen zuten bere gertuko lagunen taldea, Jean Dubuffet pintore eta eskultoreak kasu, zeinari hainbat grabazio oparitu zizkion.

 

MICHAUXREN OBRAN INSPIRATUTAKO MUSIKA-KONPOSIZIOAK

Henri Michaux soinuen unibertsoaz zaletu zen bezala, asko izan ziren artistaren idazkien moldaketa musikalak egiteko interesa agertu zuten konpositoreak. Pierre Boulez edo Witold Lutosławski bezalako pertsona ospetsuak Michauxren poemetako batzuen muina musikalki islatzen saiatu ziren, eta hilondoko omenaldia egin zioten beste batzuek, Giacinto Scelsi-k Hari-laukotea 5. zkia. lanarekin egin bezala. Boulez, musikaren inguruan idazten zuten autore gehienekin oso kritiko agertzen zena, esaterako, Michauxen testu eta musika-kritikak goratu zituen.

 

KULTURARTEKO IKASKETA

1930–31 Asian. Azkenean bere bidaia [...] India [...] Indonesia, Txina [...] gerora, urtetan euren inguruan pentsatu eta gogoeta egitera bultzatuko duten herrialdeak.
Henri Michaux, Quelques renseignements sur cinquante-neuf années d’existence, hemen: Robert Brechon, Michaux, Paris: Gallimard, 1959

Oso gazte zela, bere autoezagutza-prozesuan aurrera jarraitu ahal izateko, pentsatzeko modua baldintzatzen zuten muga soziokulturalak gainditu behar zituela ulertu zuen Henri Michauxk. Mendebaldekoak ez diren kulturak eta arte primitiboa ezagutzera eraman zuen erabaki horrek, eta kontinente desberdinetan barna ibili zen, bidaiari nekaezin.

Bere bidaia guztien artean, 1930 eta 1931. urteetan Ekialdera egindakoa izan zen bere obran eragin gehien izan zuena. Orduan ezagutu zituen India, Txina eta Japon bezalako herrialdeak, eta Un barbare en Asie liburuan utzi zuen idatzirik horren berri. Bidaldi horren ondoren, ekialdeko artearekiko, kulturarekiko eta filosofiarekiko interes bizia garatu zuen, bizi osoan zehar lagun izan zuena. 

 

ZER DA MESKALINA?

Meskalina landare-jatorria duen substantzia psikoaktibo bat da, peiotea bezalako kaktus-barietate batzuetan aurki daitekeena; tradizionalki Amerikako natiboek erabiltzen dute, bai medikuntzan bai erritualetan.

Substantzia horren erabilera, osasunarentzako kaltegarria suerta daitekeena, XIX. mendean hedatu zen Mendebaldean, psikiatriak diziplina mediko gisa sortu zen garaian; hala, hainbat esperimentutan erabili zuten bai medikuek, bai pentsalari eta artistek ere.

 

SUBKONTZIENTEAN BARNAKO BIDAIA

Zure eginkizuna zein den jakin nahi duzu? Deskonektatu. Bildu zaitez zeure baitara. Zuk bakar-bakarrik ikasiko duzu zer den funtsezkoa zuretzat...
Henri Michaux, Poteaux d’angle, Paris: Gallimard, 1981

Autoesplorazioa etengabeko bilaketa izan zen Henri Michauxren sormen-praktikan, eta etengabe landu zuen bere bizitza osoan zehar. Bere subkontzientearekin konexio bat ezartzeko moduen bilaketan ardaztu zen bere ikerketa-lanaren parte handi bat: norberak bere buruarengan ezartzen duen domeinutik libratzen saiatu zen eta, hala, introspekzioak eragin dezakeen arte-sormenarekin esperimentatu zuen.

Helburu horrekin, meditazioa edo amets-irudi bideratuak bezalako teknikekin esperimentatu zuen, kontzientzia-egoera aztoratuak lortzeko bidea eman ziotenak. Meskalina bezalako substantzien kontsumo puntual eta kontrolatu bat ere egin zuen, psikiatriako esparruko profesionalekin elkarlanean. Profesional horien artean Julian de Ajuriaguerra doktorea nabarmendu zen, 1950eko hamarkadan Parisen ezagutu zuena. 307 aretoan ikus daitezkeen Marrazki meskalinarrak, 1955 eta 1959–60 urteen artean gauzatuak, izaera abstraktukoak dira, substantzia horien esperientziatik abiatuta sortutako obren adibide. Michauxk ez zuen substantzia horien eraginpean marrazten, horien kontsumoak eragiten zizkion begitazioen abiadurak eta dinamismoak zaildu egiten ziotelako lan hori. Hala ere, zenbait ohar hartzeko gai izan ohi zen, berak baino ez zituenak ulertzen; gero, substantzien efektuak jada minimoak zirenean edo guztiz desagertzen zirenean, marraztu egiten zuen, esperientziaren oroitzapenetik abiatuta eta esperientzia horren testigantza gisa. 

 

JULIÁN DE AJURIAGUERRA OCHANDIANO

Julián de Ajuriaguerra (Bilbo, 1911–Milafranga, Frantzia 1993) euskal zientziako pertsonaia esanguratsuenetako bat da, eta historia garaikideko psikiatra garrantzitsuenetako bat. Parisen kointziditu zuen Michauxrekin eta elkarlanean aritu ziren artistaren esperimentu meskalinarrak gauzatzeko, substantziak artistarengan eragiten zituen efektu guztiak aztertuz eta erregistratuz.

Esperientzia horietatik abiatuta, eta F. Jaeggi-rekin batera, Psikosi toxikoak ezagutzeko ekarpena. Henri Michaux poetaren espirimentu eta aurkikuntzak (1963) entsegua argitaratu zuen.