Edukira zuzenean joan

Barbara Kruger: Another day. Another night

[202 Aretoa]

Info gehiago

Iruzkinak

[205 Aretoa]

Guggenheim Bilbao Museoaren izenean, ongi etorri artearen munduan eragin itzela izan duen Barbara Kruger artista estatubatuarrari espainiar estatuan eskainitako lehendabiziko atzerabegirako antologikora.

Krugerrek proiektu publiko ugari egin ditu, eta eguneroko objektu askotara ere eraman izan du bere artea. Horiei buruzko informazio gehiago nahi baduzu, erakusketaren Didaktika gunean aurkituko duzu.

Artista diseinu editorial eta arte-zuzendaritza lanetan aritu zen, besteak beste, Mademoiselle eta House & Garden aldizkarietan; eta lan-esperientzia horretatik abiatuta eta publizitatearen zein komunikabideen kode bisualak inspirazio-iturritzat hartuta garatu zituen, hain zuzen ere, bere arte enblematikoa eta bere metodologia. 1970eko hamarkadaren amaieraz geroztik, Krugerrek obra-multzo bikaina sortu du, zuri-beltzeko argazkiak —sarritan aldizkari eta artxiboetatik ateratakoak— eta gorriz zein berdez nabarmendutako testu zuri edo beltz probokatzaileak nahastuta. Lanok egiteko, irakurterrazak eta neutralak izateagatik ezagunak diren tipografia modernoak erabiltzen ditu, Futura edo Helvetica, kasurako. Bere hastapenetatik, “kopiatu eta itsatsi” metodoa erabili du Krugerrek, lehenik modu analogikoan, eta gerora, digitalean. Zuzenean paperarekin esperimentatzen hasi zen lehenik, eta, ondoren, plataforma digitaletara eraman zuen prozesu hori.

Hizkuntzak kultura eta giza harremanak definitzeko duen gaitasunarekiko interesak bultzaturik, Krugerrek deseraiki egiten du iruditeria herrikoia. Nahiz eta publizitate-munduko kodeak erabiltzen dituen, bere lanek ez dute ezer saltzen. Aitzitik, artistak berrinterpretatu egiten du lengoaia bisual hori botere-sistemak zalantzan jartzeko eta gu zuzenean interpelatzeko helburuarekin. Esate baterako, Untitled (Your body is a battleground) izeneko obra feminista ezagunean [euskaraz “Titulurik gabea (Zure gorputza gudu-zelaia da)”], Krugerrek estrategia bisual konbentzional bat erabili zuen, baina eraldatu egin zuen emakume-gorputzaren kosifikazioa gaitzesteko eta abortu-eskubidea aldarrikatzeko. Obra hura 1989an sortu zuen artistak, urte hartan bertan Washington DCn egindako Ugalketa Eskubideen aldeko Emakumeen Martxa babesteko egin ere.

Erakusketa honek agerian uzten du Krugerren lana handituz joan dela azken 25 urteotan. Haren proposamenak gero eta konplexuagoak eta murgiltzaileagoak dira, eta, orain, bideoa, soinu-piezak eta bitarteko digitalak ere barne hartzen dituzte. Bilakaera horren funtsezko alderdia dira formatu handiko bideo-instalazioak; horien bitartez, mugimendua eta denboraren dimentsioa biltzen dituzten esperientzia bilakatzen dira artistak hizkuntzari, botereari eta irudien hedapenari buruz dituen ideiak. Lan horietan, konbinaturik ageri dira testua, irudia eta soinua, eta erabat inguratzen gaituzten murgiltze-giro sentsorialak sortzen dituzte.

Adibiderik deigarrienetako bat Untitled (No Comment) izeneko lana da [tituluak “iruzkinik ez” edo “esateko ezer ez” esan nahi du]. Instalazio horretan, eduki digitalen etengabeko fluxua ageri zaigu: sare sozialetatik ateratako postak, memeak, iragarkiak eta iruzkinak. Piezak gure bizitza digitalean ditugun kaosa, kontraesanak eta asetasun emozionala islatzen ditu. Obra kritikoa da, bisualki indartsua, eta behartu egiten gaitu gaur egun bizi dugun irudiz betetako mundu honen intentsitate malkartsuari aurre egitera.

Azken 25 urteotan, bideoa funtsezko tresna bihurtu da, eta Krugerrek etengabe erabiltzen du bere jardun artistikoan. Bideoari esker, mugimendua, denbora eta erritmoa esploratu ditzake, irudi estatikoak uzten ez duen modu batean esploratu ere.

Soinurik gabeko bi kanaleko Untitled (Artforum) bideo-instalazioan, Krugerrek bere garaian ArtForum aldizkarian argitaratu zituen azalak eta artikuluak biziberritu egiten dira mugimendudun grafikoak erabilita; baliabide horren bidez, obrak hainbat ekintza simulatzen ditu: scrolling egitea edo pantailari beherantz eragitea, gauzak azpimarratzea, albo-ohar editorialak txertatzea eta abar. Hori guztia Krugerren estilo bereziarekin aurkeztuta ageri da, eta aise bereganatzen du gure arreta. Obrak ederki erakusten du artistak nola erabiltzen duen bideoa hizkuntza dinamizatzeko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko.

Geruzak gainjartzeak eta pieza hori errepikatzeak areagotu egiten dute publikoaren esperientzia sentsoriala, eta arte-kritikari, autosustapenari eta narrazio instituzionalei buruzko iruzkin dinamiko bihurtzen dute diseinu estatikoa.

Untitled (The Work is about) lanak, aldiz, soinurik gabeko begizta bat dauka, eta bertan esaldi bat agertzen da behin eta berriro: “The work is about” [hau da, “lan hau zerari buruzkoa da”]. Piezak ez du konponbiderik edo azalpenik eskaintzen, ez du inolako ondoriorik aurkezten: anbiguotasuna bizitzera gonbidatzen gaitu. Aipatutako bi lanek, ideiak transmititzeko ez ezik, esperientzia zehatzak eragiteko ere erabiltzen dute bideoa; bietan ere, erritmoak, errepikapenak eta denborak baldintzatzen dute esanahiaren pertzepzioa.

Bere ibilbidean zehar, Kruger teknologia berriez baliatu izan da bere mezuak azpimarratzeko. Sorkuntza batzuetan, esaterako, binilozko inprimaketa digitalera jotzen du, eta osorik estaltzen du erakusketa-gunea. Teknika horri esker, badirudi obrek inguratu egiten gaituztela, eta soinuaren presentziak areagotu egiten du sentipen hori.

Irudiaren eta soinuaren arteko fusio hori funtsezkoa da Krugerrek espazioan lan egiteko duen moduan. Haren lengoaia orrialdetik eta pantailatik harago doa, hedatu egiten da arkitektura aktibatzeraino, eta eraldatu egiten du nola gabiltzan arkitektura horren barruan.

Artistak soinua ere erabiltzen du, eta era sotilean egiten duen arren, inpaktu handia lortzen du. Bere soinu-piezetako batzuk erakusketan zehar banatuta daude, baita Museoko ezusteko lekuetan ere. Soinu-pasarteak dira —Internetetik hartuak—, besteak beste, esapide laburrak, barkamen-eskaerak, barreak edo danbor-hotsak. Harrigarriak, intimoak, ironikoak edo are nahasgarriak ere izan daitezke. Haien esanahia aldatu egiten da, bisitari gisa une horretan ikusten —edo sentitzen— ari garenaren arabera. Krugerrek berak adierazi izan duenez, obra irekiak dira nahita; izan ere, segundo gutxi irauten duten arren, gelditzeko, beste modu batera entzuteko eta pertzepzio-geruza berri bat aktibatzeko gonbita luzatzen digute. Artistaren ustez, ahots, tonu edo soinu egokia aurkitzea lanak espazioa aktibatzeko duen moduaren parte da, eta tentsio-, intimitate- eta erresonantzia-uneak sortzen ditu.

BESTE ATALAK

[205 Aretoa]

Barbara Kruger: Another day. Another night, Iruzkina, 2025

Info gehiago

[202 Aretoa]

Barbara Kruger: Another day. Another night, Iruzkina, 2025

Info gehiago