Edukira zuzenean joan

Barbara Kruger: Another day. Another night

[205 Aretoa]

Info gehiago

Iruzkinak

[202 Aretoa]

Honako aretoetan aurrera egin ahala, Barbara Krugerren instalaziorik hedakorrenetako batzuk aurkituko dituzu: eskala monumentalarekin eta dentsitate tipografiko ikaragarriarekin goitik behera inguratuko gaituzten murgiltze-esperientziak denak ere. Haiekin, erakusketa klimax bisual eta kontzeptual indartsura iristen da.

Obra horietako bat Nuestra gente es mejor que la vuestra izenekoa da [hau da, Gure jendea zuena baino hobea da]. Piezak aretoaren zoru osoa hartzen du hondo gorri gainean jarritako letra zuriekin. Jatorrian Amerikako Estatu Batuetan sortua da 1990eko hamarkadan —hots, polarizazioaren gorakadak eta gorroto-diskurtsoek markatutako hamarraldi batean—, eta zalantzan jartzen ditu eskuin muturreko ideologia nazionalistei lotutako identitateari buruzko ideia esentzialistak. Krugerrek dei egiten digu, gogoeta egin dezagun “gu” kontzeptua eta balizko “zuek” kontzeptua bereizteak dakartzan inplikazioei buruz. Hemen, izenordainen erabilerak ez dauka batere neutraltasunik, artistaren beste lan askotan gertatzen den moduan. Krugerren ustetan, hizkuntza tresna politiko bat da: izenordainek diskurtsoa eraikitzen dute, eta zuzenean interpelatzen gaituzte ikusleok, geure usteei aurre egitera bultzatzen baikaituzte.

Argi-zuloan, The Globe Shrinks dago ikusgai. Obran ageri den esaldi osoak zera esan nahi du, “Mundua txikiagotuz doa haren jabe direnentzat”, eta Homi Bhabha izeneko postkolonialismoaren teorialariarengandik hartutako aipu bat da. Obraren bertsio berri honek Krugerrek espazioaren erabilerari buruz duen ikuspegi heterodoxoa nabarmentzen du: ez da hormetara mugatzen, arkitekturan bertan esku hartzen du. Krugerrek maiz erakusten du begirada kritikoa botere-sistemei dagokienez eta egungo teknologia eta komunikabideen bidez sistema horien eragina areagotzeko moduari dagokionez, eta pieza honek agerian uzten du, hain zuzen ere, begirada hori.

Pledge, Will, Vow (1988/2020) ere bideo-instalazio bat da, kasu honetan hiru kanalekoa, eta konpromiso pertsonalak eta instituzionalak formulatzeko erabiltzen den hizkuntza deseraikitzen du. Amerikako Estatu Batuetako leialtasun-zina, ezkontza-boto tradizionalak, testamentu bat eta beste zenbait testu abiapuntu hartuta, Krugerrek etengabe aldatuz doazen hitzak erakusten dizkigu pantailan: ingelesez agertzen diren terminoen euskarazko baliokideak erabiliz, esaterako, “aberatsago” hitza “diru-gose” eta “iruzur” bihurtzen da; eta “leialtasun” hitzak, berriz, “adorazio” edo “antsietate” hitzak ematen ditu, jatorrizko formara itzuli aurretik. Manipulazio dinamiko horrek agerian uzten ditu hizkuntzaren ezegonkortasuna, haren izaera eraikia eta karga ideologikoa. Etengabeko eraldaketa horren bidez, Krugerrek hitzei egozten dizkiegun esanahi sakonei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.

Ondoko aretoan, Untitled (Forever) dago ikusgai, [euskaraz, “Betirako”]. Instalazio horrek letra lodiko tipografiarekin mukuru betetzen du espazioa, eta, zeharkatzen dugun heinean, inguratu egiten gaitu. Obrak Krugerren ekoizpenaren funtsezko zenbait alderdi lotzen ditu: hizkuntzaren eskala handiko erabilera, gune arkitektonikoaren eraldaketa bitarteko digitalen bidez, eta gehiegitasun mediatikoari eta egia-oste delakoaren kulturari eginiko kritika zorrotza. Obraren erdian, George Orwellen aipamen bat agertzen da: aipu kezkagarria, gaur egun zeinen esanguratsu izaten jarraitzen duen ikusirik.

Azkenik, Untitled (Camino) obrak [hau da, “Titulurik gabea, bidea” izenekoak] erakusketako aretoak lotzen ditu. Kokapen zehatzeko pieza hori berariaz sortua da erakusketa honetarako, eta korridorean dago instalatuta, zoruan: euskarazko eta gaztelaniazko testuak ditu, Bilbok duen kultura- eta hizkuntza-testuinguruari erantzuteko asmoz. Lan horrek Krugerren usterik sakonenetako bat erakusten du; izan ere, artistarentzat hizkuntza ez da komunikatzeko bide huts bat, baizik eta identitate-kontu bat, nor garen definitzen duen indar bat.

BESTE ATALAK

[205 Aretoa]

Barbara Kruger: Another day. Another night, Iruzkina, 2025

Info gehiago

[202 Aretoa]

Barbara Kruger: Another day. Another night, Iruzkina, 2025

Info gehiago