Edukira zuzenean joan

Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz

Atalak

Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz

Guggenheim Bilbao Museoak Joana Vasconcelos-en erakusketa antologikoa aurkezten du, artistari Espainian eskaintzen zaion lehena. Ezbairik gabe, nazioartean etorkizunik oparoena duen bere belaunaldiko sortzaile portugaldarra da (nahiz Parisen jaio zen, 1971n), eta 2005ean Veneziako Bienalean parte hartzearen edo 2010ean Versalles Jauregian egindako erakusketa handiaren harira egin zen ezaguna batez ere. Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz atzera begirako honek 1997tik gaur egun arte egindako 30 bat artelan hartzen ditu, eta Nico abeslari alemaniarrari omenaldia egiten dio bere izenburuarekin; izan ere, hark abestu zuen I’ll Be Your Mirror kantua The Velvet Underground talde newyorktarrarekin. Hautatutako lanen artean, artistaren ibilbideko obra ezagunenetako batzuk daude, hala nola Burka (2002) edo Andregaia (2001–05), sortu-berri diren eta erakusketa honetarako propio egindako beste batzuekin batera: Egeria (2018) izugarria, esaterako, Atrioan instalatuko dena. Gainera, Museoaren ingurumarietan bi eskultura erraldoi jarri dira: Pop oilarra (2016) eta Solitarioa (2018).

Vasconcelosen ekoizpenak erreferentzia egiten dio bai bere herrialdeko kultura herrikoiari —Barcelos-eko oilarra, Viana do Castelo-ko bihotza edo Bordalo Pinheiro-ren zeramikak bereganatzen ditu—, bai eta arte garaikidearen baitako eztabaida teoriko berrienei ere, artelanen interpretazioan ikuslearen parte-hartzea errazteko borondateari dagokionez bereziki. Material arrunt ugari erabiltzen ditu artistak, hala nola, etxetresna elektrikoak, azulejuak, ehunak, medikamentuak, pixalekuak, eltzeak edo plastikozko mahai-tresnak, eta elementu horiek daukaten edo jariatzen duten karga narratiboa eta emozionala esplotatzen du. Bere eskulturek oparotasuna eta kromatismoa dituzte ezaugarri nagusi: mugimendua, argia eta soinua dute batzuetan, eta eskala handian eginak dira gehienak. Umore-sen erakargarriarekin eta dogmatismotik ihes egin nahian, artistaren lanak identitate-auziei ere heltzen die: kontu oso intimoetatik gai sozio-politiko unibertsaletaraino, nola diren emigrazioa edo emakumearen esplotazioa, gizarte poskolonial globalizatuei lotuak.