- Izenburua:
- Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz
- Data:
- 2018ko ekainak 29 - 2018ko azaroak 11
- Komisariotza:
- Petra Joos eta Enrique Juncosa
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Emakumea artean | Pertsonaia mitologikoak | Artea eta gizartea | Artea eta musika | Artea eta politika | Artea eta emozioa | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Espazioa | Forma | Gainazala | Kolorea | Materiala | Mugimendua | Soinua | Tamaina | Luxua | Herri-kultura | Masa-kultura | Dualtasuna | Maitasuna
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua | Arte Garaikidea
- Erakusketa birtuala:
- https://joanavasconcelos.guggenheim-bilbao.eus/eu/
Guggenheim Bilbao Museoak Joana Vasconcelos-en erakusketa antologikoa aurkezten du, artistari Espainian eskaintzen zaion lehena. Ezbairik gabe, nazioartean etorkizunik oparoena duen bere belaunaldiko sortzaile portugaldarra da (nahiz Parisen jaio zen, 1971n), eta 2005ean Veneziako Bienalean parte hartzearen edo 2010ean Versalles Jauregian egindako erakusketa handiaren harira egin zen ezaguna batez ere. Joana Vasconcelos. Zure ispilua naiz atzera begirako honek 1997tik gaur egun arte egindako 30 bat artelan hartzen ditu, eta Nico abeslari alemaniarrari omenaldia egiten dio bere izenburuarekin; izan ere, hark abestu zuen I’ll Be Your Mirror kantua The Velvet Underground talde newyorktarrarekin. Hautatutako lanen artean, artistaren ibilbideko obra ezagunenetako batzuk daude, hala nola Burka (2002) edo Andregaia (2001–05), sortu-berri diren eta erakusketa honetarako propio egindako beste batzuekin batera: Egeria (2018) izugarria, esaterako, Atrioan instalatuko dena. Gainera, Museoaren ingurumarietan bi eskultura erraldoi jarri dira: Pop oilarra (2016) eta Solitarioa (2018).
Vasconcelosen ekoizpenak erreferentzia egiten dio bai bere herrialdeko kultura herrikoiari —Barcelos-eko oilarra, Viana do Castelo-ko bihotza edo Bordalo Pinheiro-ren zeramikak bereganatzen ditu—, bai eta arte garaikidearen baitako eztabaida teoriko berrienei ere, artelanen interpretazioan ikuslearen parte-hartzea errazteko borondateari dagokionez bereziki. Material arrunt ugari erabiltzen ditu artistak, hala nola, etxetresna elektrikoak, azulejuak, ehunak, medikamentuak, pixalekuak, eltzeak edo plastikozko mahai-tresnak, eta elementu horiek daukaten edo jariatzen duten karga narratiboa eta emozionala esplotatzen du. Bere eskulturek oparotasuna eta kromatismoa dituzte ezaugarri nagusi: mugimendua, argia eta soinua dute batzuetan, eta eskala handian eginak dira gehienak. Umore-sen erakargarriarekin eta dogmatismotik ihes egin nahian, artistaren lanak identitate-auziei ere heltzen die: kontu oso intimoetatik gai sozio-politiko unibertsaletaraino, nola diren emigrazioa edo emakumearen esplotazioa, gizarte poskolonial globalizatuei lotuak.
Egeria, 2018
Egeria lan monumentala Guggenheim Bilbao Museoko Atriorako bereziki sortu da, eta Walkiriak multzo garrantzitsuko lan handienetako bat da, Eskandinaviako mitologiako emakumezko pertsonaiak inspirazio iturritzat hartuta Vasconcelosek sortu zuen sailekoa. Bertako lanen artean, Veneziako Palazzo Grassi jauregia, Versailles Jauregi ospetsua, ARoS Aarhus Kunstmuseum eta Tel Aviveko Arteko Museoa bezalako guneetarako egindako obrak daude.
Sabaitik zintzilikatzeko sortu diren pieza ikoniko horiek ezohiko itxura organikoa dute bereizgarri. Walkiria delakoek nabarmen eboluzionatu dute lehenengo lana sortu zenetik, 2004. urtean. Egeria instalazio handiak Museoko Atrioa okupatuko du, Frank Gehry-ren arkitekturarekin elkarrekintzan, eta baita kanpoaldearekin ere, beirazko horma handien bidez. Forma erraboilkara iradokitzaileak eta beso luzangak gorputz nagusitik atera, eta eraikineko maila desberdinetara heltzen dira. Egeria lanak kolore aukera oparoa, askotariko ehundurak eta xehetasun aberatsak jarriko ditu erakusgai: industria-ehundurak eta artisau teknikak modu bikainean uztartzearen emaitza; esaterako, txatalen lana, aleekin eta beira-aleekin egindako brodatua eta katekorratza. Lan ausart honek hamaika led bonbilla ere hartzen ditu barne, eta horiek guztiek argi joko zoragarria sortuko dute. Egeria lanak emakume zaindari adeitsu baten zereginak hartzen ditu beregain Museoaren bihotz bikainean, eta emakumearen espiritu sortzailea islatzen du.
Pop oilarra (Pop galo), 2016
Pop oilarra arte publikoko lan monumentala da, eta Portugaleko kultura ikur garrantzitsuenetako bat du oinarri: Barceloseko oilarra. Bere balio estetikoaz eta indar sinbolikoaz jabetua, artistak Barceloseko oilarra birsortu du begirada garaikidearekin, eta eskuz egindako Portugaleko lauzaren tradizioa led teknologia modernoarekin batu du.
Barceloseko oilarraren aberastasun estetikoa errespetatuz, Vasconcelosek sinbolo honetan lau aldaketa garrantzitsu burutu ditu: eskala monumentalera handitu du (10 metroko altuera); artistaren estudioan diseinatutako eta Viúva Lamego ehun urteko tailerrean fabrikatutako eta eskuz margotutako 17.000 lauzez estali du; eta argi eta soinu joko zoragarria sartu du, Jonas Runa musikariaren konposizio bat eta lanaren azalera koloretsuak estaltzen dituzten 15.000 led bonbilla inguru barne hartuta. Bonbilla horiek interpretazio desberdinak eskaintzen dituzte, pieza eraldatzen doan neurrian, egunaren orduak aurrera doazen heinean. Oilarrarekin lotutako sinbolo anitzen aberastasun bikainak, herrialde eta kultura desberdinetan, lan honi nazioarteko dimentsio berezi nabarmena ematen dio.
Andregaia (A noiva), 2001−2005
Andregaia argi-armiarma itzel gisa ikus daiteke urrutitik. Lits distiratsuen ur-jauzi zuria eskaintzen dio gure begiradari. Baina hartara gerturatzerakoan, konturatzen gara beirazkoak edo kristalezkoak ziruditen milaka lits horiek lana osatzen duten emakumezkoen tanpoi aratzen plastikozko bilgarri gardenaren isla besterik ez direla. Ironiaren eta anbiguetatearen jarduera korrosiboaren bidez, pieza honen izenburuak agerian uzten du emakumezkoen sexualitate hipokritaren eta erreprimituaren ohiko inposaketa.
Call Center, 2014–2016
Call Center Beretta pistola erraldoi baten itxurapean aurkezten zaigu, pilatutako 168 telefono beltzez osatua, denak modelo berdinekoak. Hamarnaka telefonoz egindako Beretta pistola baten itxura hiperbolikoak komunikazio masiboak eragin dezaken indarkeriari erreparatzen dio zuzenean. Izenburuak, komunikazio-objektu horiei lotuta, call center ugarik berezkoak dituzten gehiegizko manipulazioa eta gizagabetzeari erreferentzia egiten dio, itxuraz. Arma batek ezin du alde batera utzi daukan indarkeria-karga, hura erabiltzeko arrazoia oso zintzoa izanda ere; era berean, eskala handiko komunikazioa, normalizatua, kontrolatua eta manipulatzeko helburua duena, beti izango da banakakoaren berezitasun anitzak mugatzen dituen jarduera bat.
Artistak ezarritako erronkari erantzunez, Jonas Runa musikariak sinfonia elektroakustiko bat konposatu du telefono-soinu gisa. Soinu bakoitza zertxobait aldatu da, nota desberdinak sortzeko, eta horrek lana musika-tresna bilakatzen du. Zintzilik dauden aurikularretako batzuek eta, batez ere, “pistolaren” barneko kanoian instalatutako bozgorailu indartsuak sinfonia elektroakustiko berezi eta bizi honetan integratutako baliabide elektroniko moduan funtzionatzen dute, gu inguru anitzetara eramateko.
Call Center lanak eguneroko bizitzako eta garai zehatz bateko objektuak biltzen ditu, horiek soinu-dimentsio batera konektatzen ditu eta, deslokalizazio jarduera burutsuen bidez, lan irekia, dimentsio anitzekoa eta denboragabea eskaintzen digu.
Lilikopteroa, 2012
Lilikopteroa urre koloreko helikoptero bat da, milaka Swarovski beira-alez apaindua. Bere kabinaren kanpoaldea ostruka lumen geruza nabarmen eta koloretsuez estalia dago. Ahoarena egiten duen irekidura txiki batek, lumarik gabe, egurrezko barnealde bikaina uzten du agerian, urre koloreko edergarriekin eta Maria Antonieta-ren inizialen letrekin bordatutako tapizeriarekin. Lan hau Antzinako Erregimenaren azken aldiko errege-erreginen estetikaz zipriztindua dago: aberatsa, glamourrez betea eta ausarta da, eta animalia bilakatu den makinaren metamorfosia iradokitzen du, alegia, gizakiari hegan egiteko desioa sorrarazi zion jatorrira eta inspiraziora itzultzen gaitu.
Bihotz independente gorria (Coração independente vermelho), 2005
Bihotz independente gorria lanak “Vianako bihotz” erraldoia irudikatzen du, alegia, Portugaleko filigranaren pieza ikonikoa; bihotz hau, ordea, gorri koloreko plastikozko mahai-tresnaz soilik osaturik dago. Ardatz batetik zintzilikatua, piezaren errotazio mugimenduek bizitzaren zikloak eta etengabeko itzulera gogora ekartzen dituzte, esanahi sakona duen hiru fadoren soinuaz lagunduta, XX. mendeko bigarren erdian Portugaleko musikaren izarra izandako Amália Rodrigues-en ahotsarekin: Estranha forma de vida [Bizimodu bitxia], Gaivota [Kaioa] eta Maldição [Madarikazioa]. Lanaren izenburua, hain zuzen ere, lehenengo fadoaren bertsoetako batetik hartua da, Alfredo Duarte-k (Marceneiro) eta Amália Rodriguesek konposatu zutelarik. Abestiaren letrak emozioaren eta arrazoiaren arteko gatazkaz hitz egiten du. Artelan hau urregintzako pieza eder batean inspiratua dago; plastikozko mahai-tresnen erabilera bikoiztearen eraginez, jatorrizko itxura abstraktu bilakatzea lortzen du, jatorrizko erreferenteak eskema sozial eta artistiko berriek eraldatuta azaleratzeko, eta modu horretan, erakusgai jartzen du luxua eta hutsalkeriaren artean, herri-kultura eta goi mailako kulturaren artean ezarritako mugen artifizialtasuna. Bihotz independente gorria soinuko eta mugimenduko instalazio indartsu eta hunkigarri bezala aurkeztu da, eta maitasunari eskainia dago, alegia, fadoen letrek behin eta berriro errepikatzen duten gaietako bati.