Edukira zuzenean joan

Espresionismo Abstraktua

Sarrera

Espresionismo Abstraktua

Izenburua:
Espresionismo Abstraktua
Erakusketa:
Espresionismo Abstraktua
Gaiak:
Federal Art Project | Gerra Hotza | Gerra Zibila (Espainia) | Depresio Handia
Mugimendu artistikoak:
Espresionismo Abstraktua
Aipatutako artistak:
Pollock, Jackson

Espresionismo Abstraktua fenomeno heterogeneoa izan zen, haren protagonistak bezain beste. Robert Coates kritikariak guztiak biltzeko termino hori asmatu zuen 1946an, bi polaritate hauek iradokitzen dituena: Alemaniako Espresionismoaren emozio-intentsitatea eta Europako abstrakzioaren estetika formala. Artista batzuk New Yorken jaiotakoak ziren, beste batzuk Europatik joandakoak, baita Estatu Batuen erdialdean eta mendebaldean jaiotakoak. Hala ere, jatorri eta bizitza ezberdinak eduki arren, lehenengo espresionista abstraktuek, beste hainbat gertakari historiko ikaragarriren artean, bi Mundu Gerra, Depresio Handia, Espainiako Gerra Zibila, suntsipen atomikoa eta honen ondoriozko Gerra Hotza bizi izan zituzten, hots, muturreko gertaeren eta hondamendien garai modernoa. Alabaina, Estatu Batuek gero eta botere handiagoa zuen eta horrek bertan hazten ari zen artegintzan konfiantza sustatzea ekarri zuen.

Artista batzuek New Deal egitarauko Federal Art Project-erako horma-irudiak margotzen aritu ziren eta horren eragina jaso zuten. Maiz artelan erraldoiak egin zituzten, batzuetan, biziak, espontaneoak eta oso adierazkorrak, eta beste batzuetan, kontenplazio-kutsu handiagoa dutenak eta kolore eremu zabalak —ia ezin ederragoak— erakusten dituztenak. Artistek artelanetan emozioak adierazi zituzten eta haien presentzia iradoki zuten arren, ikuslearen pertzepzioa elkarrekintzaren azken osagaia da. Pintura abstraktuak “aurre egiten dizu”, esaten zuen Pollock-ek 1950ean.

Mugimendua xx. mendeko artearen bilakaeran une erabakigarrian sortu zen, baina, harrigarria bada ere, Europan, 1959. urteaz geroztik ez da hari buruzko azterketa garrantzitsurik egin. Mundu osoko bilduma publikotako eta pribatutako 130 pintura, eskultura eta argazki baino gehiago biltzen dituen erakusketa handinahi honetan, mugimendu honetako artista estatubatuar arrakastatsuenen eta, hain ezagunak ez izan arren, goimailako beste artista batzuen maisulanak ikus daitezke. Erakusketa honen bitartez Espresionismo Abstraktua berriro baloratu nahi da, honako hau aitortuz: mugimendu bateratutzat jo arren, oso fenomeno konplexua, aldakorra eta anitza izan zela.

Londresko Royal Academy of Artsek antolatutako erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoarekin elkarlanean.