Edukira zuzenean joan

Henri Rousseau

hezkuntza-edukia

Henri Rousseau. Biografia

Izenburua:
Henri Rousseau. Biografia
Erakusketa:
Henri Rousseau
Gaiak:
Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Lan intelektuala | Sorkuntza artistikoa | Erakusketak | Erretratua eta autorretratua | Paisaia | Natura | Paris
Mugimendu artistikoak:
Arte Figuratiboa | Arte Garaikidea
Artelan motak:
Pintura
Aipatutako artistak:
Rousseau, Henri

1844

Henri Julien Félix Rousseau maiatzaren 21ean jaio zen Laval-en, Frantzian.

1869

Abuztuaren 14an ezkondu zen Clémence Boitard-ekin (1888an hil zen).

1871

Abenduaren hasieran Parisko udal muga-zergen kudeaketan lana lortu zuen. “Mugazaina” ezizena bizitza osoan zehar eman zioten.

1884

Garai honetan hasi zen pintatzen. Baimena eman zioten Louvre Museoko, Luxemburgo Museoko eta Versailles eta Saint Germain jauregietako obrak kopiatzeko. Horrez gain, zuzeneko inspirazio-iturri izaten zituen zooak, lorategi botanikoak eta Paris irudikatzen zuten posta-txartelak. Garatze-bidean zegoen argazkigintzak Rousseau liluratu zuen, Modernotasunaren ikur baitzen, eta argazkietan oinarritu zen lan asko egiteko.

1885

Rousseauk pintore gisa debutatu zuen eta bere bi lan erakutsi zituen lehenbiziz Salon des Refusés aretoan.

Bere lehen tailerra alokatu zuen Montparnassen. Auzo hori, baita Montmartre ere, Parisko arte-giroaren erdigunea zen.

Frantziako Académie Littéraire et Musicale-k diploma bat eman zion sortu zuen bals bategatik: Clémence, emazteari eskaini ziona.

1886

Lau pintura erakutsi zituen epaimahairik gabeko Société des Artistes Indépendants elkartearen aretoan; lan horien artean Inauterietako gaua (Un soir de carnaval) zegoen. Urtero, hil arte, esku hartu zuen 1884an sortu zen elkarte horren aretoan, hots, Salon des Indépendants-en (1899an eta 1900ean izan ezik).

1889

Rousseauk Parisko Erakusketa Unibertsala ikusi zuen eta oso hunkitu zen. Hiru ekitaldiko vaudeville bat, Une visite à l’exposition de 1889, idaztera bultzatu zuen. Gerora La vengeance d’une orpheline russe (1899) idatziko zuen, bost ekitaldiko eta bederatzi eszenako drama.

1890

Paul Gauguin-ek (Paris, 1848–Markesa uharteak, 1903) Ni neu. Erretratu-paisaia (Moi-même: Portrait-paysage) lana miretsi zuen Salon des Indépendants-en.

1891

Rousseauk bere lehen oihanaren pintura, Ezustean (Surpris!), erakutsi zuen Salon des Indépendants-en. Félix Vallotton pintore eta arte-kritikari suitzarrak (1865–1925) lan hori goraipatu zuen martxoaren 25eko Le Journal Suisse egunkarian.

1893

Abenduan erretiro aurreratua hartu zuen eta harrezkero bete-betean aritu zen pinturan.

Alfred Jarry (1873–1907) poeta, Lavalekoa halaber, ezagutu zuen.

1894

Zenbait lan erakutsi zituen Salon des Indépendants aretoan, besteak beste, Gerra (La guerre, Musée d’Orsay, Paris) bikaina. Hiru urte geroago Buhamea lo (La bohémienne endormie, The Museum of Modern Art, New York) aurkeztu zuen.

1896

Diru arazoak direla eta, pintatzeko gaiak kredituan erosi behar izan zizkion Paul Foinet-i.

1898

Salon des Indépendants-en hainbat lan erakutsi zituen, besteak beste, Bizirauteko lehia (La lutte pour la vie); lan horren inguruan hamar kazetarik eta kritikok baino gehiagok idatzi zuten bere alde.

1899

Joséphine Noury (1903an hil zen) alargunarekin ezkondu zen irailaren 2an.

1901

Bi urteko etenaldiaren ondoren, Rousseauk berriro ekin zion Salon des Indépendants aretoan erakusteari; besteren artean Ustekabe desatsegina (Mauvaise surprise, The Barnes Foundation, Merion) aurkeztu zuen.

Emazte Joséphine-k idazteko gaien denda bat ireki zuen eta bertan Rousseauren pinturak ere salgai jarri zituen. Artistak zerga ugari zituen.

1902

Association Philotechnique-n, goi-mailako herri-ikastetxe antzeko batean, Rousseauk pintura-eskolak eman zituen. Hala hasi zen zergak kitatzen.

1905

Parisko Salon d’Automne aretoan esku hartu zuen Lehoi gosetia antilope bati eraso egiten (Le lion, ayant faim, se jette sur l’antilope, Fondation Beyeler) tamaina handiko oihanaren pinturarekin. Lehenbiziz epaimahai batek haren lan bat hautatu eta Eliseoko Zelaietako Grand Palais-en ikusgai jarri zuten, leku gailenean gainera: André Derain, Henri Matisse, Maurice de Vlaminck eta beste zenbait fauvisten ondoko aretoan.

Ambroise Vollard arte-salerosle frantsesak lana erosi zuen hurrengo urtean; hala, merkaturatu zen lehenengo lana izan zen.

1906

Robert Delaunay pintore gaztea ezagutu eta berehala lagun egin ziren. Delaunay lagunik minenetakoa izango zuen artisten artean, baita miresle amorratua ere. Hark, Vasily Kandinsky eta Franz Marc artistekin eta Herwarth Walden Der Sturm galeriaren jabearekin batera, Rousseau Frantziatik at ezagun izan zedin lan egin zuen.

Bigarrenez Salon d’Automne-n esku hartu zuen, Bufoi alaiak (Joyeux farceurs, Philadelphia Museum of Art) lanarekin. Alfred Jarry-ri esker, Rousseauk Guillaume Apollinaire (Erroma, 1880–Paris, 1918) ezagutu zuen, lagun eta babesle izango zuena.

1907

Rousseauk Suge-sorgintzailea (La charmeuse de serpents, Musée d’Orsay, Paris) funtsezko pintura erakutsi zuen Salon d’Automne-n eta Delaunay-ren amak, Berthe Félicie de Rose kondesak, eskuratu zuen.

Kondesaren arte- eta literatura-aretoetan ezagutu zituen, besteren artean, Wilhelm Uhde bildumagile, arte-merkatari eta historialari alemana (Rousseauren biografoa izango zena), Sonia Terk, Delaunay-ren emaztea izango zena, eta Max Weber margolari estatubatuarra.

1908

Artistak bi artelan garrantzitsu erakutsi zituen Salon des Indépendants-en: Futbol-jokalariak (Les joueurs de football, Solomon R. Guggenheim Museum) eta Tigre baten eta bufalo baten arteko lehia (Combat de tigre et de buffle, The Cleveland Museum of Art).

Pablo Picasso-k lehen aldiz erosi zuen Rousseau-ren margolan bat, Dama baten erretratua (Portrait de femme), Montmartre-ko trapuketari batek salgai zuena. Azaroan Picassok Bateau-Lavoir-en zuen tailerrean “Banquet Rousseau” delakoa antolatu zuen margolariaren omenez. Gonbidatuen artean zeuden Guillaume Apollinaire, Georges Braque, Max Jacob eta Marie Laurencin artistak, André Salmon kritikaria eta Gertrude eta Leo Stein bildumagileak. Diru-sarrerak handitzeko, Rue Perrel-eko bere etxetik gertu Rousseauk musika- eta marrazketa-eskolak ematen zizkien auzoko haurrei. “Familiako eta arte-bilerak” antolatzen zituen arratsaldez; horietan auzoko jendeak ez ezik, Braque, Delaunay, Picasso eta Constantin Brancusi gisako abangoardiako artista gazteek ere parte hartzen zuten.

1909

Rousseauk Wilhelm Uhderi, Ardengo Soffici margolariari eta Ambroise Vollard eta Joseph Brummer arte-merkatariei saldu zizkien lanak. Azken biek, gainera, gorputz osoko erretratuak agindu zizkioten.

1910

Rousseauk bere lan nagusietako bat erakutsi zuen Salon des Indépendants-en: Ametsa (Le rêve, The Museum of Modern Art, New York) eskala handiko oihanaren pintura. Artelan horri aldeko kritikak egin zizkioten.

Irailaren 2an hil zen Rousseau gangrenaren ondorioz. Zazpi pertsona besterik ez ziren ehorzketara joan, horien artean, Paul Signac eta Sonia eta Robert Delaunay.

1911

Salon des Indepéndants-ek hil ondoko atzera begirako erakusketa eskaini zion Rousseauri. Delaunayk antolatutako erakusketa horretan berrogei lan baino gehiago erakutsi ziren.

Irailean Uhdek idatzitako Rousseauren biografia argitaratu zen.

1912

Uhdek Rousseauren lanaren atzera begirako bat antolatu zuen Galerie Bernheim-Jeune-n.

Delaunayk, Rousseauren beste ezagun batekin batera, erosi zuen artistaren hilobia. Apollinairek idatzi zuen epitafioa eta Brancusik eta Manuel Ortiz de Zárate-k zizelkatu zuten hilarrian. 1947an artistaren gorpuzkinak Lavalera eraman ziren hilarriarekin.