Edukira zuzenean joan

Hermann eta Margrit Rupf Bilduma

hezkuntza-edukia

Espiritu askeak

Hermann Rupf (1880–1962) merkatari suitzarrak eta emazte Margrit Wirzek suitzar eta europar artista gazteen artelanak erosten hasi ziren XX. mendearen lehenengo hamarkadan. Hermann Rupfek gaztetatik ezagutzen zuen Daniel-Henry Kahnweiler arte-merkataria: arte-giroan murgiltzen lagundu zion eta bildumagile-sena handitu zion. Harreman estua izan zuten Rupftarrak harekin; izan ere, Lehen Mundu Gerraren hasieratik bukaerara etxean hartu zuten.

Lanak gogoz biltzeaz gain, Rupfek artista eta musikari batzuen lagun eta mezenas izan zen —Georges Braque, André Derain, Juan Gris, Paul Klee eta Pablo Picasso artistak eta Robert Casadeus eta Hans Kaiser musikariak, besteren artean—. Paul Klee eta haren emazte Lily-ren bidez, Rupftarrak Vasily eta Nina Kandinsky ezagutu zituzten, azken horiek Bernara bizitzera joan zirenean Dessauko Bauhausa itxi ondoren, eta haien lagun onak izan ziren; izan ere, Rupfek 1930eko hamarkadan finantza-aholkuak eman zizkien Kandinskytarrei. Pertsonaia gailen horietako asko, Margrit eta Hermann Rupfen bizitzaren parte izan zirenak, gune honetan proiektatzen diren irudietan agertzen dira. Rupfek mertzeria bat zuenez leku ona zuen gizartean, baita egoera ekonomiko ona. Modako salgaiak bilatzeko, modernotasunaren aitzinean zeuden Europako hirietara bidaiatzen zuen, Parisera eta Londresera, esaterako. Horrez gain, gizartearekiko ardura zuen, eta 1910ean, Bernako Langileen Elkartearen baitan, Hezkuntza-Batzordea sortu zuen, langileentzako bidaiak, hitzaldiak eta arte-bisitaldiak antolatzeko; proposamen berritzailea eta ez ohikoa izan zen.

Bernako gizarte tradizionalaren oso bestelako espiritu askea zuen Hermann Rupfek. 1909 eta 1931 artean Berner Tagwacht astekari sozialdemokratan kultur arloko kritikak idatzi zituen: 1914 arte-kontzertu eta operari arreta jarri zien eta ordutik aurrera arte-gaiak landu zituen orohar. Hermann eta Margrit Rupfen ondare, filosofia eta gizarte-ardurek gaur egunean ere oihartzuna dute, eta Fundazioak oraintsuko artelanak eskuratzen segitzen du, arte modernoaren eta garaikidearen arteko loturak ezartzen dituztenak.