- Izenburua:
- Hilma af Klint
- Data:
- 2024ko urriak 18 - 2025ko otsailak 2
- Komisariotza:
- Tracey R. Bashkoff eta Lucía Agirre
- Erakusketa mota:
- Banakakoa
- Gaiak:
- Emakumea artean | Artearen historia | Artistak | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Esperimentazio artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Kolorea | Konposizioa | Stockholmeko Arte Ederren Errege Akademia | Erlijioa | Espiritualtasuna | Natura | Stockholm | Suedia | Espiritismoa
- Mugimendu artistikoak:
- Arte Abstraktua
- Erakusketa birtuala:
- https://www.guggenheim-bilbao.eus/eu/erakusketak/hilma-af-klint
Hilma af Klint (Stockholm, 1862–1944) margolariak bere proiekturik garrantzitsu eta berritzaileenenari ekin zion 1906an: Tenplurako pinturak. Ia hamarkada batean zehar, 193 margolan eta marrazki egin zituen, ordura arteko irudikapen-moldeetatik nabarmen aldentzen zirenak. Kolorez beteriko pieza ausartak ziren guztiak ere, ageriko errealitateari erreferentzia egin beharrak dakartzan loturetatik askeak sarritan, Af Klinten arabera bistatik ezkutuan ziren indar eta egiturak esploratzen zituztenak. Lan horiek egiterakoan artistak Suediako tradizio akademikoaren konbentzioak alde batera utzi zituen eta bere garaiko korronte zientifiko-espiritualetan jarri zuen arreta. Bere obran eremu horietako ideiak eta ikonografia txertatu zituen, eta, aldi berean, hiztegi artistiko pertsonal eta bakarra sortu zuen. Ikusezina irudikatzeko eta ikusgai egiteko zeregin horretan aitzindari izan zen Af Klint.
Artista gisa bere bidea egin bitartean, Af Klintek bertatik bertara bizi izan zituen bere garaiko aldaketa sozial sakonak, emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak barne. XX. mendearen bueltan emakumeek debekuak eta eragozpenak pairatuagatik, Af Klintek Suediako Arte Ederren Errege Akademian ikasteko eta bere lan figuratibo tradizionalenak erakusteko modua izan zuen. Hori bai, gogor borrokatu behar izan zuen bere artea askatasun osoz garatu ahal izateko. Emakume artistak kopiatzeko bai baina berritzeko gai ez zirela uste zen testuinguru batean, Af Klintek oso gutxitan jarri zuen ikusgai bere arterik abstraktu eta erradikalena; asko kostatu zitzaion, gainera, arte hori aintzat hartzeko gai zen publiko bat aurkitzea. Langile saiatua eta nekaezina izaki, Af Klintek xehetasunez antolatu, kontserbatu eta katalogatu zuen bere obra, betiere etorkizuneko ikusleengan jarrita gogoa. Are gehiago, bere margolanak bera hil eta hogei urte igaro arte ez erakusteko agindu zuen, pentsatzen baitzuen mundua prestatuago egongo zela orduan bere obra ulertzeko. Azkenik, 1986an antolatu zuten haren obraren lehen erakusketa, hura hil eta berrogeita bi urtera. Dena dela, beste zenbait hamarkada igaro behar izan dira Hilma af Klintek utzitako ondare bikainak merezitako lekua har dezan.
Erakusketa honetan, artista suediarraren ibilbidearen panoramika zabal bat aurkezten da: funtsezko obra duen Tenplurako pinturak saileko 110 margolan, lehenagoko lan konbentzionalago batzuk, Bostak talde espiritistarekin egindako marrazki automatikoak, Tenplurako pinturak sailaren ondorengo margolan geometrikoak, eta azken aldiko akuarelak eta ohar-koadernoak.