Edukira zuzenean joan

Hiriko ikuspegiak: Parisko Eskola, 1900–1945

hezkuntza-edukia

Didaktika

Izenburua:
Didaktika
Erakusketa:
Hiriko ikuspegiak: Parisko Eskola, 1900–1945
Gaiak:
Historia | Nazioarteko Erakusketak | Paris
Mugimendu artistikoak:
Abangoardia

Erakusketa bakoitza osatzeko, gune didaktikoak eta jarduera bereziak antolatzen ditu Guggenheim Bilbao Museoak. Ikusgai dauden artelanak ulertzen laguntzen dituzten tresnak eta baliabideak dira.

Didaktika-gune hau “denboraren tunel” modura taxutu da: 1900. eta 1945. urteen arteko aldia aztertzen du, tarte horretan Paris nazioarteko abangoardiaren eta berrikuntzaren gune nagusi izan baitzen. Garai iraultzaile hartako kronika honek lau ardatz ditu, hirian ospatutako nazioarteko lau erakusketari dagozkionak; erakusketok agerian utzi zuten Frantzian kultur ekoizpena oparoa zela, diseinu eta teknologia alorretan berrikuntza handiak gertatzen ari zirela eta herrialdea oraindik ere koloniadun potentzia handia zela. Erakusketa horiek antolatzeko arrazoiak azaltzen dira eta kulturaren eta politikaren esparruetako jazoerak lotzen dira. Hasteko, kronologia interaktibo batean murgil zaitezkete.

Eguneroko bizimodua aldatu zuten gertaeren, hazten ari zen emakumea askatzeko mugimenduaren eta arte ederren, antzerkiaren, literaturaren eta arkitekturaren arteko hartu-emanen berri ematen dute gune honetako testuek, irudiek, ikus-entzunezkoek eta irakurketa-txokoko kontsultarako liburuek. Izan ere, aldakuntza-aldia izan zen.