Edukira zuzenean joan

Jenny Holzer. Zera deskribaezina

katalogoa

Inondik ez datozen albisteak

Philip Larratt-Smith

I. Sumatrako tigre eme bat hil du bere bikote-kide berria izan zitekeenak Londresko Zooan

LONDRES.– Londresko ZSL Zooak (Zoological Society of London, Londresko Elkarte Zoologikoa) ostiralean adierazi zuenez, Asim izeneko Sumatrako tigre ar berriak instalazioetako eme “maitea” hil du, Melati. Europar hazkunde-programa zabal baten baitan, Zooko zaindariek bi harrapakari mesfidatiei aurrenekoz fisikoki elkarreraginean aritzen utzi zieten, kopulatuko zutelako itxaropenez.

Zooko zaindariek animaliak bereizten zituen atea zabaldu baino lehen, Asimek eta Melatik 10 egun eman zituzten elkarrekin ohitzen, nor bere kaiolan. “Ageriko keinu positiboak” azaldu zituzten, zooak jakinarazi duenez.

Baina Asim Melatirengana hurbildu zenean, kontuak “bizkor egin zuen elkarreragin agresiboago batera”, esan zuen zooak1.

II.

Spoon River Anthology izeneko obran, Edgar Lee Masters estatubatuar poetak AEBko fikziozko hiri txiki baten autoerretratu kolektibo bat osatu du bertako egoiliarren epitafioen bitartez, zeinek hilobiaren beste aldetik kontatzen baitituzte beren istorioak. Antologia osatzen duen poemetako bakoitza monologo dramatiko bat da, ikuspegi subjektibo batetik kontatua. Batzuek nola hil ziren azaltzen dute, beste batzuek esan gabeko sekretuak zabaltzen dituzte, eta badira existentzia bera dutenak gogoetagai.

Jenny Holzer-en lana zirkulu bat da, zirkunferentzia toki orotan daukana eta zentroa inon ez. Bera da sermoilaria, hiriko pregoilaria, ehorzlea, tabernako zerbitzaria, presoa, zoro-zaina, ama eta polizia. Holzer bizkor biratzen da subjektuen posizioen artean. Identifikaziorako dohaina du, neutrala izatetik urruti badago ere. Zeharka mintzatzen da bere testuen bitartez –bere kamiseten, bere LEDen, idazketa-pinturen, proiekzioen eta abarren bitartez–, ezpainak batere mugitu gabe bere ahotsa panpina baten barruan sartzen duen bentrilokuo bat bezala.

III. Maleta baten barruan aurkitu da desagertuta zegoen australiar dentista baten gorpua

SYDNEY.– Australiako poliziak maleta baten barruan aurkitu du desagertuta zegoen Sydneyko dentista baten gorpua.

Asteartean, Kingsford-eko kale batean aparkatua topatu zuen poliziak emakumearen autoa, hiriko zentroaren hegoaldean. Autoa miatu ostean, maleta baten barruan topatu zuten Reddy-ren gorpua. “Hainbat aldiz” sastatu zuten, poliziaren arabera.

“Ikerketa-lanak aurrera egin ahala, jakin dugu Preethi igandean Market Streeteko hotel batean egon zela, Sydney CBD-n, ezagutzen zuen gizon batekin” esan zuen poliziak adierazpen batean.

Gizon hori, zeina ez baita identifikatu, autobide bateko auto-istripu batean hil zen astelehen gauean berandu. Poliziak esan zuenez, beren ustez txokea “berariazko ekintza” izan zen2.

IV.

Munduak nolakoa izan beharko lukeen: horrekin arduratua dago Holzer; munduak, den bezala, ordea, nazkatu egiten du artista. Nightcrawler filmeko Jake Gyllenhaal-en pertsonaiak bezala, ezin dio munduaren izugarrikeriak dokumentatzeari utzi, gaiez hornitzen baitute. Holzer inpartziala da eta arreta erakartzen du, ez du epaitzen eta sutsua da, Crímenes imperfectos (Forensic Files) behin eta berriz ikusten duen ongile inozo bat balitz bezala, giza jokamoldearen misterioaren aztarrenen bila. Alde horretatik, Holzer Freud-engandik gertu dago, hark esaten baitzuen anormaltasuna eta neurosia aztertuz helduko garela normaltasuna ulertzera. Oso antzeko moduan, Holzerrek parekotasun estrukturala aurkitzen du gizabanakoaren krimenen eta krimen kolektiboen artean; bere neska-laguna maleta batean sartzen duen gizonaren, Estatu Batuek gidaturiko Iraken inbasioaren edo Anna Swir poetak abesturiko Varsoviako ghettoaren suntsiketaren artean.

V. Floridako gizon batek dio ipurdian aurkitu dizkioten 3 xiringak ez direla bereak

CLEARWATER, Florida.– Clearwater hiriko gizon batek dio Pinellas Konderriko kartzelan egin dioten gorputz-miaketan kendutako hiru xiringak ez direla bereak.

Wesley Dasher Scott, 40 urtekoa, ostiral goizean atxilotu zuten drogekin lotutako karguengatik, eta Pinellas Konderriko kartzelako harrera-aretora eraman zuten.

Scotten gorputza miatzen ari zirela, atxilotuak berak hiru xiringa atera zituen ipurditik eta zuzendariorde bati eman zizkion, atxiloketa-deklarazioaren arabera.

Dirudienez, zuzendariordeei esan zien xiringak ez zirela bereak3.

VI.

Zibilizazioa errepresioaren eta sublimazioaren gainean eraikia da. Engels-ek, Freudi aurrea hartuz, honako hau idatzi zuen: “Animalien erresumarengandik jaso duguna da jatorriz sakratua dena: aberetiarra4. Holzerrek jakinarazten digu ezin dela espero desagertuko denik plazeraren printzipioaren eta errealitatearen printzipioaren arteko kontraesana. Auto-kontserbazioaren sena, izan sexualitate moduan, izan eraso moduan, espezieen anatomian taxutua dago: “Hortzak hazten direnean, ahoak koska egin dezake, zurrupa dezakeen bezalaxe”5.

VII. Sute ikaragarri batek eliza bat osorik erre du. Biblia bakar bat ere ez zuten sugarrek ukitu

GRANDVIEW, Mendebaldeko Virginia.– Suhiltzaileak Freedom Ministries elizara heldu zirenean, Grandview hirian, West Virginian, txundituta geratu ziren ikusi zutenarekin6.

VIII.

Bere testu propioak idaztetik besteren testuez jabetzera igaro da Holzer hein handi batean, eta bere ordez mintzatzeko hautatu dituen egileak —Swir, Anne Carson, Elfriede Jelinek, baten batzuk aipatzeagatik— bakarlarien gisan nabarmentzen dira haren formen orkestrazio zabalaren baitan. Aukeraketa horiek egileak bere lanean artearen historiari egiten dizkion erreferentzien parekoak gertatzen dira: Holbein-engandik eta Mantegna-rengandik hasita, Kelly-rengainaino eta Warhol-enganaino.

Holzerren lanaren zorroztasun kontzeptuala eta adimen lehorra direla medio, haren formen edertasun bisual finak ez du merezi duen arreta jasotzen. Haren LEDak kurbatu egiten dira, bira eta kulunka egiten dute eta espazioan sartzen dira. Proiekzioak pintura mugikorrak dira, hartzen dituen gainazalaren ezaugarriak taxutzen dituzte, eta alderantziz: aldi berean ezaugarri horiek berek taxutzen dituzte proiektatutako testuak.

IX. 23 urteko emakume batek zubi batetik salto egitekotan zegoen gizon bat salbatu du

TAMPA, Florida.– Nicole Oyola etxera zihoan autoz ostegunean, eta Tampako Howard Frankland zubitik igarotzen ari zela, auto bat ikusi zuen errepide-bazterrean geldi, larrialdi-argiak piztuta. Autoko gizonak laguntzarik behar ote zuen ikusteko abiadura moteldu zuenean konturatu zen gidaria zubiaren ertzean zegoela zutik, oin bat uretarantz luzatuta zintzilik eta aurpegia malkoz beterik.

Emakumeak hurrena zer egin pentsatzeko behar izan zituen une laburretan, zubitik salto egiteko prestatu omen zen gizona. Oyola ekintzara pasa zen: autoa bazterrean gelditu eta lasterka joan zen arrotzari errukia eskaintzera.

“Zu hor bazina, zer nahi zenuke norbaitek esatea?”, horixe pentsatu omen zuen Oyolak gizonarekin hitz egin aurretik. “Esan nion, ‘Begiratu niri. Ez dakit zer ari zaren sufritzen, baina nik besarkada bat nahi dut, besterik ez. Esan nahi dizut zuretzako nagoela ni hemen, maite zaitudala, eta zuk hau gainditzea behar dudala, indartsua zarelako eta garrantzitsua zarelako’”7.

X.

Holzerren arteak egia erabilgarriak eskaintzen ditu mundu etsai batean bizirik irauteko jarraibide gisa. Buruaskia izatea apustu hobea da harentzat, zorteaz edo probidentziaz fidatzea baino. Estatubatuar pragmatismo bat dago haren artean adierazten diren uste sarritan kontraesankorren azpian.

Utopiazaleak mundua leku hobea bihur dezakeela sinesten duen artean, fatalistak onartzen du ezin duela halakorik egin. Arteak errealitatea gainditu eta aldatzeko duen gaitasunean sinesten du Holzerrek, eta fede horretan sustraitzen da haren artearen tentsio utopikoa; eroritako mundu bateko giza ahulguneen behaketak, ostera, haren tentsio fatalista berresten du. Malevich versus Parkland da.

XI. Kaliforniako gizon bat ezezagunen txirrinak miazkatzen harrapatu dute

SALINAS, Kalifornia.– Poliziak Kaliforniako gizon bat atxilotu du, ezagutzen ez zuen familia baten txirrina miazkatzen harrapatu ostean bideo bidez. Etxe bereko Eguberrietako dekorazioko kable luzagarri batzuk ere lapurtu zituen8.

XII.

Ozeko aztia amesgaiztoa ere baden amets bati buruzko filma da. Kansaseko landa-eremu aspergarriko sepiaz tindaturiko eszenek eutsita, Dorothy-ren ikuspegia teknikolor distiratsuan zabaltzen da ortzadarretik harago dagoen toki baten. Erresuma fantastiko hori hainbat eratara irakur daiteke: inkontzientearen bizitza, gizarte harmoniatsu baten ezin iritsizko utopia, edo artistak bizi nahi duen absolutuaren erresuma balitz bezala. Dorothy esna dagoeneko bizitzaren zatiak irudikapen sinboliko bihurtzen dira. Dorothyk Adreilu Horizko Bideari jarraitu artean harekin elkartzen diren hiru lagunak —txorimalo garunik gabea, letoizko gizon bihotzik gabea eta lehoi koldarra—, neskaren beraren beldur eta segurtasun-falta proiektatuen agerpenak dira. Sorgin zintzoaren eta sorgin gaiztoaren arteko antagonismoak forma konkretua ematen die Dorothyren barne-borrokaren kontrako eragileei. Neskatoak aztia bizi den Esmeralda Hirira egiten duen bidaia erromesaldia eta odisea da aldi berean; esperientziaren (eta beharbada inozentzia sexualaren galeraren) alegoria bat, geure burua eta mundua aldatzeko ahalmena geure baitan dagoelako egia ulertzen duena.

Zeluloidezko maitagarri-ipuin hori analogia egokia da Holzerren artearen alderdi jakin batzuk ulertzeko. Haren testu gehienak, gutxi asko, kategoria hauen baitan sailka daitezke: arrazoiarena (txorimaloa), emozioarena (letoizko gizona) edo borondatearena (lehoia). Badira desiraz eta senaz mintzo diren testuak, kritikatu, epaitu eta mehatxatu egiten zaituzten testuak, eta badira arreta-neurriz eta jarraibideez osatutakoak. Holzer bera Dorothy moduko bat izan liteke, gizadi osoa ordezkatzen duen emakume arrunta, nahiz eta baduen parekotasunik, nolabait ere, aztiaren irudi anbiguoarekin, zeina ez baita dirudiena eta zeinak, zeharka bada ere, Dorothyri argitzen laguntzen baitio. Holzerrek Guggenheim Bilbao Museoaren atzealdeko goragunean egindako proiekzioak haren Oz bihurtzen dute museoa.

Bere errubizko zapatak elkarren kontra hiru bider jo aurretik, bidaiak zer erakutsi zion laburbiltzen du Dorothyk: “Sekula berriz abiatzen baldin banaiz nire bihotzaren desiraren bila, ez dut neure etxeko patioa baino urrutiago begiratuko. Izan ere, han ez badago, ez nuen inoiz galduko, hasteko”. Ukoaren adierazpena da, errealitatearen printzipioa onartu izanaren adierazpena. Freudek uste zuen zoritxar neurotikoa beharrean zorigaitz arrunta hautatzea zela zentzutasunaren froga, eta baliteke horren berrespena izatea Dorothyren poza, esnatu eta bere burua ostera ere Kansasen topatzen duenean. Hala ere, filmaren bukaerak Holzerren aforismo polifonikoen artean lekuz kanpo ez legokeen anbiguotasun-sentipen batekin uzten gaitu. Izan ere, etxea bezalako lekurik ez badago, ez al du horrek esan nahi itzuleraren nozioa bera dela egiazko utopia?

XIII. New York hiriaren bi halako den izeberg bat Antartidatik bereiztekotan

Neurriz gutxi asko New York hiriaren bi halako den izeberg bat Antartidako izotz-geruzatik bereizteko puntuan dago, NASA monitorizatzen ari den eta oso bizkor luzatzen ari den arrakala baten ondorioz.

2016ko urrian agertu zen aurrenekoz pitzadura bat Brunt izotz-plataforman, Antartidan, NASAren arabera (National Aeronautics and Space Administration; Aeronautika eta Espazio Administrazio Nazionala). Pitzadura ekialderantz ari da hedatzen. Arrakala Halloween pitzadura izenaz ezagutzen da9.

XIV.

Bada Xerezaderena den zer edo zer Holzerren mezu-isuri etengabean. Haren lanaren izaera morbosoak, alde batetik, giza jokamoldearen sustraiko kausak azpimarratzen dituela adierazten du, eta, beste aldetik, orobat adierazten du giza ulermena gainditzen duen heriotzaren ikara uxatzeko duen desira.

XV. Zendu berria den West Pointeko kadete militar baten gurasoek haren esperma gorde nahi dute; oraingoz, auzitegi batek esan du gorde dezaketela

West Pointeko Akademia Militarreko kadete batek zauri hilgarriak izan zituen joan den hilean eski-istripu batean. Egun batzuk geroago, estatuko Auzitegi Goreneko epaile batek ontzat eman zuen gurasoek semearen esperma gordetzeko eskaera, haren ondorengotza eta familiaren leinua jarraitzeko xedeaz.

Gazteak arrantxo batean bizi nahi izan zuen beti, familia bat hazi eta zaldiak eduki, horixe esan zuten gurasoek beren eskaeran10.

[Itzultzailea: Rosetta Itzulpen-Zerbitzuak]

Oharrak

  1. https://news.yahoo.com/zookeepers-wanted-two-tigers-mate-201529782.html. Hau eta zenbaki erromatar bakoitiekin aipatutako egunkari-zatiak testuaren formatuan sartzeko egokitu dira. [itzuli]
  2. https://edition.cnn.com/2019/03/5/australia/australia-preethi-reddy-body-intl/index.html. [itzuli]
  3. https://www.nbc-2.com/story/39752563/florida-man-says-3-syringes-found-in-his-butt-arent-his. [itzuli]
  4. Friedrich Engels-ek Karl Marx-i, 1882ko abenduak 8, Selected Correspondence, 1934 edizioa, 406. or. Hemen aipatua: Juliet Mitchell, Psychoanalysis and Feminism (1974), Basic Books: New York, 2000, 359. or. [itzuli]
  5. Mitchell, 326. or. [itzuli]
  6. https://wgntv.com/2019/03/05/a-devastating-fire-burned-a-church-down-not-a-single-bible-was-touched-by-the-flames/. [itzuli]
  7. https://www.yahoo.com/lifestyle/23-year-old-woman-saves-man-jumping-off-bridge-god-purpose-everyone-135551047.html. [itzuli]
  8. https://www.rt.com/usa/448343-man-licks-doorbell-arrested/. [itzuli]
  9. https://www.theguardian.com/world/219/feb/26/iceberg-break-away-antarctica-ice-shelf. [itzuli]
  10. https://wtvr.com/2019/03/05/parents-of-a-deceased-west-point-military-cadet-want-to-save-his-sperm-so-far-a-court-says-they-can/. [itzuli]