Edukira zuzenean joan

Kaosa eta Klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936

Sarrera

Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936

Lehen Mundu Gerrak eragindako kaosaren ondoren, figuraziorako, diseinu soilerako eta modelatutako formetarako joera azaldu zen, hau da, artistak bi dimentsioko espazio abstraktuetatik, zatikatutako konposiziotik eta urratutako gorputzetatik aldendu ziren, hain zuzen, Kubismoaren, Futurismoaren, Espresionismoaren eta XX. mende hasierako abangoardiako beste mugimenduen ezaugarrietatik. Makinaren aroko gerrak ekarri zituen izugarrikeriei aurre egiteko, artistek gorputza osorik eta zauririk gabe irudikatu nahi izan zuten berriro. Hala, hurrengo hamarkada eta erdian klasizismoa gailendu zen artearen diskurtsoan: gerra aurreko nolanahiko berriztapena baztertu eta ordena, sintesia, arauak eta balore irmoak berreskuratu ziren.

Kaosa eta klasizismoa: artea Frantzian, Italian, Alemanian eta Espainian, 1918–1936 erakusketak gerra arteko garaiko joera horixe ikertzen du eta zer ezaugarri dituen azaltzen: Parisko abangoardiak mitoen nozio poetikoa landu zuen; Benito Mussoliniren gobernu pean Erromatar Inperioa berpiztu zen kontzeptu politiko eta historiko gisa, eta horren estetika garatu zuten; Alemanian Bauhaus eskolak modernitate neoplatondarra jorratu zuen, eta indartzen ari ziren nazien kulturak estetika beldugarria agertu zuten. Hurbileko hainbat gairen bidez lotzen ditu erakusketak eduki eta itxura garbiak aldarrikatzen zituzten mugimenduok: Purismoa, Italiako Novecento-a eta Neue Sachlichkeit-a (Objektibotasun Berria).

Guggenheim Bilbao Museoko erakusketan klasizismo horretara atxiki ziren Espainiako artisten lanak daude, gainera. Lehen Mundu Gerran zehar Espainiak jarrera neutroa izan bazuen ere, eragin egin zion gerraren ondoriozko aldaketa politikoak; izan ere, 1931n monarkia erori zen eta bost urteren buruan Gerra Zibila piztu zen.

Gerra arteko garaian mendebaldeko Europan gertatu zen estetikaren eraldaketa horrek diziplina asko barne hartu zituen, hala nola, eskultura, argazkigintza, arkitektura, zinema, moda eta dekorazio-arteak, eta erakusketan honakoen lanak ikusgai jarri ditugu: Balthus, Giorgio de Chirico, Jean Cocteau, Otto Dix, Pablo Gargallo, Hannah Höch, Fernand Léger, Henri Matisse, Ludwig Mies van der Rohe, Pablo Picasso eta August Sander.

Kaosa eta klasizismoaren komisarioa Kenneth E. Silver da, komisario gonbidatua eta Arte Moderno irakaslea New Yorkeko Unibertsitatean; laguntza eman diote Helen Hsu-k, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museum-en Arte arduradun Laguntzaileak, eta, arte aholkulari gisa, Vivien Greene-k, New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museumen XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Arte arduradunak.