L’Art en guerre. Frantzia, 1938–1947: Picasso-tik Dubuffet-era erakusketak kronologia ezezaguna hartuko du bere baitan, garai hartako Frantziako kontsigna ofizialetatik ihes egin zuen sormen artistikoari erreparatzeko. Modu horretan, orain arte historiaren itzalean ezkutuan egon diren alderdiak bistaraziko dira.
Artistek erreakzionatu egin zuten egoera politikoaren eta militarraren aurrean, eta, gauzak nola zeuden erakusteko, etengabe ibili behar izan zuten baliabideak aldatzen. Testuinguru horretan, arteak funtzio katartikoa hartu zuen, eta tresna modura erabili zuten: sortzaileek “gerrari gerra” egin zioten, nahiz eta eskasiaren eskasiaz askotan ezusteko forma eta materialak erabili behar. Adierazpen-askatasun ororen aurkakoenak ziren espetxeratze-esparruetan ere, artistek sortzen jarraitu zuten.
Erakusketa hamabi atalez, edo gaiez, osatua dago. “Historia”, Frantzian zegoen diktadura bikoitzarena, alegia, naziena eta Vichyko gobernuarena. “Gustu ofiziala”, horren adibide Arte Modernoko Museo Nazionalaren irekiera 1942an, okupazio bete-betean. “Surrealistak”, hots, Surrealismoaren Nazioarteko Erakustaldia. “Esparruetan” eta “Erbestean, gordelekuetan eta sasian”, egoera larrian eta mehatxagarrian sortutako artelanak gai dituztenak, material inprobisatuekin espetxeratze-esparruetan zein babesleku bitxi klandestinoetan egindakoak. “Frantziako tradizioaren erreferentziazko maisuak eta margolari gazteak”, hain zuzen, nazien izu-ikaratik ihes egingo zutelakoan oinordetza frantsesa aldarrikatu zuten artistak, bai gailenak (besteak beste, Matisse eta Bonnard) bai gazteak. “Picasso bere tailerrean” eta “Jeanne Bucher arte-galeria”, hau da, erresistentzia; horren adibide baitira galeria gutxi batzuk, tartean aipatu berria, arriskuan zeuden artistei lagundu zietenak eta ‘dekadentetzat’ jotzen ziren obrak erakutsi zituztenak. “Esparruetan eta espetxeetan”, sarraskitutako artisten hil aurreko lanak. “Liberazioa”, nazien eta kolaboratzaileen izugarrikeriak argitara atera ziren momentua. “Estutasuna ondoren”, bizitakotik askatzeko arte-modu bereziak barne hartzen dituena, adibidez, artista batzuek espetxeratze-urteen ondotik egindako lanak. Eta, azkenik, “Anartistak”, ezarritako ordenarekin hautsi zuten sortzaileak; artelanak ospitale psikiatrikoetako tailerretan eta antzeko lekuetan egin zituzten, azken finean, amesgaizto luze horren zamatik askatutako edozein arte-lekutan.
Erakusketa hau honako hauek antolatu dute: Musée d’Art Moderne de la Ville de Paris, Paris-Musées eta Guggenheim Bilbao Museoa.