Edukira zuzenean joan

Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik

katalogoa

Kukuak oker jotzean: Lynette Yiadom-Boakyeren azterlana aztertzen

Kodwo Eshun

Izenburua:
Kukuak oker jotzean: Lynette Yiadom-Boakyeren azterlana aztertzen
Egilea:
Kodwo Eshun
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
24 x 32 cm
Orrialdeak:
160
ISBN:
978-84-18934-49-0
Lege gordailua:
M-7779-2023
Erakusketa:
Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik
Gaiak:
Gizakia | Emakumea artean | Giza gorputza | Eragin artistikoa | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Argia | Kolorea | Sinbologia | Erretratua eta autorretratua | Londres | Poesia | Hitzak | Musika | Teknika eta materialak
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Teknikak:
Olio-pintura
Aipatutako artistak:
Yiadom-Boakye, Lynette

Koloreak berotu egin ninduen, zirraratu, ernegarazi, erre, baretu, elikatu eta, azkenean, leher egina utzi ninduen. Izan ere, kolorearen bizitza, bizitza loriatsua bada ere, laburra da.

Virginia Woolf 

 

1.

Hontzak dakiena (What the Owl Knows) aurrenekoz ikustean, itxuraz margolari bat dokumentatzen duen bideo digital baten parez pare aurkitzen duzu zeure burua; bideoak zenbait margolan egiten ari dela erakusten du artista, bere estudioa izan daitekeen toki batean, Londres aldean, 2022ko udan. Margotze-lana eta aztertze-lana elkarrengandik ezin bereizikoak nola diren erakusten duen, margotzea aztertze-lanaren praktika eta teoria baizik ez dela azaleratzen duen azterlan bisuala ikusten ari den margolaria aztergai duen bideoan, ustez agerikoa dena, pixkanaka, galtzen hasten da agerikotasun hori. Agerikoa bihurtzen dena zera da: arreta margolariak bere lanaren alderdi bakoitza aztertzeko duen moduari jarriz gero —hatzen espresioa, une batez mahai gaineko pintzel-metaren gainetik hegan dabiltzala, zein haztatu, zein hartu, zein utzi; mihiseko margolanaren barruko margolanerantz hurbiltzean, jaistean, zuzentzean eta haren gainazala ukitzean pintzelak hartzen dituen angelu zehatzak—, bideoa aldendu egiten da margotze-prozesuaren aurrerabidea erakusteko xedetik. Bideoa ez da arduratzen margolana zer bihurtzen ari den azaltzeko arku narratibo bat eskaintzeaz; aitzitik, margolariaren bizkarraz arduratzen da: laneko jaka zuri batez jantzitako bizkar bat, pixkana-pixkana atzera egiten duena harik eta oihalak eremu-sakonera estali eta ikuspegia iluntzen dizun arte. Margolaria bere margolanaren aurrez aurre geratzen den une horietan, gogoetazko urrats neurtuz atzera eginez, mihisea perspektiban mantenduz, argi geratzen da ez dela inondik ere kamerarentzat margotzen ari, oso bestela baizik: kamera egon arren ere, margotzen ari da. Margolariak, atzeraka, kameraren aldera egiten duenean, bada hurbiltasun bat, presentzia bat, bideoaren irakurgarritasunari gain hartzen diona. Margolariak bere burua gorde du, bere espresioa gorde du; kamera ez da haren aurpegira iritsi, mugimendu hori frustratua geratu da. Artistaren begien joan-etorria imajinatzera gonbidatzen zaitu bideoak beharbada, lepoan edo sorbaldetan antzeman dakiokeen ahaleginetik haren kontzentrazioa ondorioztatzera. Baina margolariaren bizkarrak bere espresio-bide propioak ditu; bere bizkar-hizkera propioaz mintzatzen da; zuri ari zaizu. Kontzentratuz gero, margolariaren jokamoldean entzungo duzu bizkarra hizketan. Bizkarra hizketan entzungo duzu margolariak berak mihisearen aurrean hartzen dituen jarreretan.

Hontzak dakiena piezak, eszena horietan, margolariarekin batu nahi ditu  indarrak, ikusleak haren aurpegia ikusteko duen gogoa zapuzteko ahaleginean. Margolariaren aurpegia ikusleen gozamenerako ikusgai egotearen itxaropena eten nahiko luke bideoak. Kontua ez da hainbeste aurpegia planotik kentzea; gehiago da margolariaren aurpegia ikusgai izatearen espektatiba automatiko hori aldizkako, gorabeheratsu, jasangaitz bihurtzea. Gauzak agerian uztea espero izaten da dokumentalengandik; Hontzak dakiena lanak, aldiz, espektatiba hori bertan behera utzi ahal izateko moduak bilatzen ditu. Dokumentalak, zentzurik zabalenean ulerturik, berarekin omen dakarren agerikotasuna —margolariaren aurpegia erakustea— zapuztea du helburu bideoak artistarekin elkartzerakoan, bere estudioa delakoan azaltzen zaigun ingurune batean ikusten dugun margolariaren irudian pertsonifikatutako artistarekin elkartzerakoan. Dokumentalak margolaria margolari gisa bere estudioan topatzen duen guztietan, artistaren barrenaldea ikusteko aukera eta plazera eskaintzen dizkio ikusleari, hantxe omen dago-eta haren asmo artistikoa. Artistaren psikera iristeko irrika horrexek, haren barren-barreneneko motibaziora heldu nahiak, bultzatzen du dokumentalaren fantasia epistemikoa. Agerikotasunaren fantasia areagotu egiten da lanean ari den margolaria Lynette Yiadom-Boakye denean, eta ikus-entzunezko artistak, berriz, The Otolith Group taldeko Anjalika Sagar eta Kodwo Eshun. Dokumentalak gauzak agerian uzteko duen grinaren espektatiba-mailak gora egiten du haren aztergaia artista arrazializatuaren irudi publikoa denean —artista arrazializatuarena zentzurik zabalenean hartu behar den kategoria bat da hemen—. Artista beltzaren irudi publikoa eskaintzen du, ahalik eta modurik zabalenean ulertua, hiperikusgaiak, hiperliteralak, hiperazalgarriak eta hiperbolikoak izateari inoiz uzten ez dioten terminoetan eskaini ere.

Hontzak dakiena lanak arretagai den margolariarengandik margolariak margoari eskaintzen dion arretaren nolakotasunera darama arreta, eta dokumentalak berezko duen jakin-nahiaren fantasia aztertze-lanaren azterketara bideratzea du helburu. Margolari batek margotzen ari den horrengan arreta jartzeko duen moduan bideoak arreta nola jartzen duen aztertzeak zera esan nahi du, ulertzen hastea Yiadom-Boakyek nola pentsatzen duen margoan, margoarekin eta margoaren bidez. Margolariarenganako hurbilketa bat da, baina pentsalari gisan hartuta, margolariaren praktikak bere teoriak irudikatzen baititu: margolaritza zer den, zer izan daitekeen eta zer izan beharko lukeen, bere xehetasunetan, bere inplikazioetan, bere eraginetan. Koreografia moduko bat ateratzen da hortik, non Otolith Groupek baliaturiko kameraren objektiboaren pentsamendua eta soinu-grabagailuaren pentsamendua elkarrizketa betean lotzen baitira Yiadom-Boakyek margotzearen inguruan duen pentsamenduaren ibilera-pentsamenduarekin eta geldialdi-pentsamenduarekin. Bideoaren arreta irisgarritasunaren xedetik margolariak bere pinturari eskaintzen dion arretaren testurara eramateak berekin dakar ikusleak Yiadom-Boakyeren margolanen baitan dagoen eskalaren aurrez aurre jartzea. Hontzak dakiena piezaren helburua eta jomuga higiduraren eta mugimenduaren arteko denbora-igarotzearen areagotze sentsoriala da, teoriaren bizkortze fenomenologikoa, teoria hori praktikara eramanik posearen, pausaren eta posturaren, begiradaren, jarreraren eta begi-mugimenduen artean. Bideoak gogoetagai bihurtzen du margolariaren beraren gogoeta, artistak egiten dituen marka zehatzetan adierazia, angelu zehatzetatik begiratuta eta ikuspegi zehatzetatik ikusita.

Hontzak dakiena lanak ez dizkio angelu horiek inposatzen Yiadom-Boakyeren margotze-lanari. Ikuspuntu horiek artistek duten kezka komun batetik sortzen dira: dena agerian jarri behar hori alboratzea, azterlanaren plazera askatzeko helburuz. Azterlana gertatzen den estiloa aztertzeko desira partekatzen dute artistek. Arretari, haren testurari, haren tonuari, haren tinbreari arreta ematearen ezaugarri berezi hori aintzat hartzeak agerian uzten du Yiadom-Boakye, Eshun eta Sagarrek aspaldidanik duten adiskidetasunari eusten dion gogaidetasuna eragiten duen kidetasuna ulertzeko moduetako bat. Hautazko kidetasun horretaz gabeturik, nekeza da oso Hontzak dakiena existitu litekeenik pentsatzea. Errepikakortasunarekiko eta gogoetarekiko zaletasun partekatu horrek azaltzen du Hontzak dakiena lanak jorratzen dituen estiloaren, ikuspuntuaren eta sentikortasunaren zergatia; orobat adierazten dute haren existentziaren arrazoia; haren aprioriak dira; artisten printzipio gidariak adierazten dituzte, artisten beren baitan, bitartekoen baitan, bitartekoen zehar; sendo eutsitako printzipio dira, sendotasunez egituratuak.

Kiribil bakoitzaren, apaingarrizko kizkur bakoitzaren barnean gordeta, zure ileko bai eta nire ileko —Afro ilea deitzen duguneko— kiribil eta kizkurretan bezalaxe, maitea, hortxe datza gu denon salbazio sekretua.

Shola von Reinhold2

2.

Elkarrizketetan, ahaleginak eta bi egiten ditu sarritan Yiadom-Boakyek bere lana argitzeko, eta margotzea bera azpimarratu ohi du, margotzeak, bere indar propioa izanik, eta bere joerak eta bere jiteak dituen material gisa harturik, bere margolanaren gainean egiten dituen eskaera formalak nabarmenduz. Solaskideek, ordea, 2020ko maiatzaren 25ean Derek Chauvin-ek George Floyd erail eta gero mundu osoan zabaldu ziren protestek piztu zuten arrazaren kontu-garbitze delakoaren ondotik, beti jotzen dute errealismoarekin, figurazioarekin, belztasunarekin, figurazio beltzarekin, gorputz beltzaren figurazioarekin lotutako galderetara. Yiadom-Boakyek bere lanak margolanean eta margolanarekin eragiten dituen arazo formalak azpimarratzen ditu, eta horrek galdeketen eskala aldatzera bultzatzen ditu solaskideak, figuraziotik, belztasunetik, figurazio beltzetik edo belztasunaren figuraziotik margolaritzara birbideratzera. Kontua ez da, berez, galdera horiek saihestea, baizik eta galdera horiek zein eskalatan egiten diren egokitzea. Kontua da galdera horiei heltzea, nondik eta indarrak artistak berak gobernatzen dituen, boterea berak duen, autoritatea eskubidez egokitzen zaion mundu baten baitatik. Margolariarekin margolanaren eremuan elkartzea da kontua. Margolariari intimoena zaion eta hura erosoen sentiarazten duen mailara jaistea da kontua. Maila bat non margolanak kronologiaren aginpidea nahiz historiak orainarekiko duen lehentasuna gainditzen dituen. Maila horretan transhistoriaren dimentsioan sartzen da margolana. Dimentsio horrexetan bizi dira margolari guztiak, eta hortxe eusten dio Yiadom-Boakyek bere buruari. Margolanean, poesian bezala, Derek Walcott-en hitzetan, “ohartzen da bat ez dagoela eragin-trukerik, ezta imitaziorik ere, baizik eta metropoliko hizkerak itsasaldika bezala egiten duen aurrerakada, haren inperioak egiten duena, nahi baduzu, zeinak era batera eramaten baititu, halako ibai-adar kolonial indartsuek elikaturik, sineste guztiz desberdinetako poetak, esaterako, Rimbaud, Char, Claudel, Perse eta Césaire. Hizkuntza da inperioa, eta poeta handiak ez dira haren morroiak, haren printzeak baizik”3. Margolaritzaren inperioaren baitan kokatzen du Yiadom-Boakyek bere lana: hantxe, haretxen olatuetan, haretxen ibai-adarretan behar duzue elkartu.

Margolaritzaren botereari arreta ematea markaren indarrari eta zatikortasunari arreta ematea da. Markak beren logika biderkatzailearen arabera egiten direla pentsatzea da. Markak egiteko egintzak azterlan baten gisan ulertzea da. Bideoaren areagotze-boterearen bidez azter liteke margolanak markaren barruan egiten duen lana. Yiadom-Boakyek margolaritzaren baitan dagoen zatikatze-indarrarekiko duen kezka azterlan batera eramanaz —margolari batek bere margolana aztertzeko duen modua nola aztertu erabakitzen du bideoak—, eskala doitzeko modu bat iradokitzen du Hontzak dakiena piezak. Bideoak aztergai bihurtzen du marka, haren kontaktua eta gainazala miaketagai bihurtzen ditu angelu jakinen arabera, zeinak mintzatzen baitira azterlanaren baitako beharrezko mugez. Eskala-arteko ikuspegia hartzen du margolanarekiko. Markaren eskalen artean mugitzen da, markaren baitako kromatismoaren dimentsioa zabaltzen duen dimentsio intrakromatikoa hautemangarri egiteko xedeaz. Esan daiteke Hontzak dakiena eskala arteko garraio baten antzeko zerbait dela, eremu intrakromatikoan nabigatzeko diseinatua4. Marka bakoitzaren barruan, markan zehar eta marken artean begiztatzen ditu batek uztarri kromatikoak, istmoak, lagunak, mangladiak, uharteak, loturak, gurutzaketen mugak eta artxipelagoak, zeinen grabitatea, pisua, masa eta indarra margolariaren kritika sakadikoaren, epaiaren, estimuaren, ebaluazioaren eta esleipenaren mende baitaude. Hontzak dakiena piezak zera bilatzen du, ikusgai egitea figurazioaren formaren barruan dagoen abstrakzioaren indarra. Elkarri lotutako markak deskonposatzen saiatzen da  irakurgarri egiteko, markak berez iragartzen baitira hatzen forma ezaguterrazetan, zeinek bat egiten baitute esku-ahurra izan daitekeen zera batean, zeina, pixkanaka, bihurtzen baitoa eskumuturra dirudien zerbait. Eragotzi baino areago, atzeratu edo luzatu egin nahi da emakume gaztearen soslaia antzemateak ikuslearengan eragiten duen atsegina; soslai hori mihiserantz jiratzen den bizkarraren forman antzematen da, eta profil hori irakur daiteke besoek osatzen duten formaren barruko aire biribilduan, beso horiek gora egiten dutelarik lepoa izan behar duen horren gainetik, ezinbestean burua izan behar duen zera horri eusten dion lepoaren gainetik gora egin ere. Bideoa luzatu egiten da, morfologia beltzen barruan bermatzen eta garraiatzen den interkromatismoaren eremuarekin jolasten da5; haren gradienteak, haren bitarteak, haren aldamenekoak, haren jauziak esploratzen ditu, zeinak, inprobisatuak edo intuitiboak baino areago, inbentibistak baitira6.

Yiadom-Boakyeren inbentibismoak era askotako prozedurak aplikatzen dizkio kolore-sorta finitu bati, eta era horretan kolore horiek infinitu bihurtzen dira. Inbentibismoak mugagabetasuna sortzen du, infinitutasuna eragiten du. Bere margolaritzaren belztasunaz mintzatzen denean, sarritan, haien “infinitutasunaz” ari da Yiadom-Boakye. Formulazio estetiko-politiko hori, aldi berean dena politikaren formaren auzia eta formaren politikaren auzia, Yiadom-Boakyek oso zorrotz erabiltzen duen printzipio estetiko bati loturik eta harekin batera egituraturik behar da ulertu. Printzipio hori margo beltza erabiltzeko debekua da. Margolanaren baitako belztasunaren infinitutasuna ulertu ahal izateko, nahitaezkoa da margo beltza debekatzea, bere monokromatismoaren gutxiegitasunagatik debekatu ere. Margo beltzaren berezko agerikotasuna baztertzea da erresuma intrakromatikoaren atea irekitzen duen giltza; horrexek zabaltzen du belztasuna haren irrealtasunaren infinitutasunean, haren existentziaren indar baldintzazkoan, subjuntiboan, hipotetikoan osatzen duten koloreak asmatzeko lanaren bidea. Web orrietan saldoka sartzen zaizkigun online iragarkietan, modako dendetako erakusleihoetako beirazko paisaietan, aldizkarietako orrialde bikoitzetan, metroko eskailera mekanikoetan, autobusen saihetsetan ageri diren moda- eta publizitate-argazki garaikideetan, kromatismo hipersaturatua izaten du emakumezko, gizonezko eta genero ez binarioko modelo beltzen lengoaia bisualak, eta ikusleei segurtasun-forma bat eskaintzeko helburua izaten du. Irudika daitekeenak izan ditzakeen arraza-mugen inguruko zalantzak dituztenei segurtasun-formak eman beharrean7, irudika daitekeenaren alderdi osatugabea azpimarratzen duen infinitutasuna asmatzen du Yiadom-Boakyek, arrazialtasunak berak dituen eta haren baitan dauden muga mugagabeak irekitzeko xedez. Irekitze,  zabaltze horretan, margolaritza indefinizio definitibora jaisten da.

Nire bakardadean

narriatu egiten nauzu

sekula hiltzen ez diren

oroitzapenekin.

Billie Holiday8

3.

Hontzak dakiena piezak bakarka nahiz taldeka ageri diren gizon-emakume margotuen azterlanean sakontzen duen heinean, gogoetagai bihurtzen dira sexu bereko taldekeriaren figurazioa —antzekotasuna baino areago, haren bakardadearen formak eta haren prestutasunaren aurpegiak adierazten dituena— aurrez aurre jartzen dizuten elkarretaratzeak. Agerikoa gertatzen dena da nolako arreta ipintzen duen Yiadom-Boakyek pertsona bakoitzak, irudi bakoitzak bere buruari eusteko dituen modu jakinetan, zeinak ez baitira margolanak pertsona haiei eusten dien moduak baizik, edo margolanak esanahiak adierazten dituen moduak. Neurri batean agerian jarritako entitate horien itxurari erreparatzean, deigarri gertatzen da Yiadom-Boakyek nolako arreta jartzen duen jokamolde-, portaera- eta postura-moduen berezitasunetan, posearen eta jarreraren berezitasunetan, jokabide, manierismo eta manera jakin batzuetan. Oro har harturik, gogo-aldarteari, moduei eta modalitateari buruzko hausnarketa horiek tentagarri gertatzen zaizkio ikusleari, harik eta konturatzen zaren arte asmo jakin bat egozten diozula iradokizunari. Inferentziaren bide goxoan barrena eginez, kontzienteki erabaki ez arren bide hori jarraitzea, zeure burua topatzen duzu haien nolakotasunaz gogoeta egiten, izaerak ondorioztatzen, haien bizitzen, haien amodioen, haien desiren, haien taldekeriaren etika estrapolatzen.

Genero-arauaren presuntzio heterosexualarekin bat ez datozen arren, horietatik desbideratu ere egiten ez diren jokamoldeak azaltzen dituzten gizon-emakume gazte horiek bere baitan biltzen den eta bere burua taxutzen duen autoaskitasuna aditzera ematen duten kodeak erakusten dituzte, eta konspirazioan dihardute beren misterio propioan; konspirazio hori ez da elkarrekin arnasteko duten modua besterik —misterio bat da, eta zuk, ikusle, misterio horren kontakizuna egiten topatuko duzu zeure burua—, euren sekretua eurentzat gordetzen dutelarik, euren baitan, elkarrekin. Euren misterioa ari dira babesten, ez elkarrengandik, baizik eta ikuslearen begiradatik. Gorde egiten dute euren misterioa, gorde egiten dute zertan ari diren, zertan ari daitezkeen, gorde egiten dute euren izaera baldintzatua, euren irrealtasun subjuntiboa, zeinak bere arau propioen arabera funtzionatzen baitu; arau horiexek dira haien arauak ere, eta arau horiek itzuri egiten diete zurigabetasunaren azterlan etengabea aurrez aurre aurkitzeko ohiturarik ez duten ikusleei. Eta zurigabetasun hori ez da kontingentea, baizik eta kategorikoa, egiturazkoa, aginduzkoa.

Zurigabetasun hori azaleratzen da, besteak beste, euren buruarekiko eta elkarrekiko duten kezkan eta kezka horren bidez. Galdera baten gisa aurkezten dute beren existentzia, eta bestearengan topatzen dituzte galdera horren erantzunak. Bizigaia euren buruengandik, euren adiskidetasun zehaztugabe, baldintzagabetik eskuratzen dutelako sentsazio horrek zeu ere gehiago hurbiltzera bultzatzen zaitu, zeure burua harrapatzera adiskidetasunaren isiltasunaz beteriko pentsamendura hurbiltzeko ekintzan. Haien denbora, haien konpainia partekatzeko, haiekin, haien ondoan egoteko gogoa pizten dute, eta badirudi Virginia Woolfek Walter Sickert artistaren margolanetan deskribatu zuen prozesu baten parte direla margolan guztiak. “Irudiak geldirik daude, jakina, baina krisi-une batean hartuta daude denak”, esan zuen Virginia Woolfek, “zaila da irudi horiei begiratzea eta istorio bat ez asmatzea, zer esaten ari diren ez aditzea”9. Yiadom-Boakyeren margolanak askatu egiten dira bizitza modernoko margolaritzan beltzaren irudia gehiegi agerrarazten duen emergentzia- eta emertsio-krisitik. Haren irudiak ez dira borrokatzen.

Honako pertsonaia hauek, honako pertsona hauek xarmaz, ahaleginik gabe mugitzen dira nesken barne-munduaren eta mutilen kanpo-munduaren arteko mugan10. Gizon-emakume gazteok gustura daude liburuen artean, balletean gustura dauden bezala, gustura dauden bezala liburuzaletasunaren belztasunarekin eta belztasunaren balletarekin. Atletismoak eta instrospekzioak bat egiten duten jokamoldearen kontzientzia handiagoa ematen die dantza-zaletasunak. Genero-desadostasuna feminitatearen eta maskulinitatearen baitako desalienazioaren eta desalienazioarentzako bitarteko bat den mundua. Izendapen-kontu bat, esan gabe doana. Mutilok maritxuak dira, soiltasunak haien seriotasunerako kai seguru baten gisa jokatzen duen mundu batetik etorriak. Emakumeok ikusleari ezer aitortzen eta ezer eskatzen ez dion ahizpatasun batez arduratzen dira. Horregatik topatuko duzu beharbada zeure burua behin eta berriz, erne dagoen lo-ibiltaria bazina bezala, homofilia beltzeko anatomian txertatzen haien jokamolde-lengoaiaren elementuak. Homotaldekeria homofiliko hori eroso dago leku arduraz denboragabe eta zehazki deslokalizatuetan; inorenak ez diren paisaia horietakoa da, paisaia horiexetan dago. Mundu bakoitzean —barrutik infrazehaztua kanpotik zehaztuegia baino areago—, handitu eta areagotu egiten dira emakume edo gizon bakoitzaren ezaugarriak eta tasunak, harik eta zehaztu gabe, kanpoko indarretatik jareginda geratzen diren arte. Baieztapen horiekiko distantzia da Yiadom-Boakyeren koadroetako bakoitzaren barruan eta haietan barna antzematen dena. Tasunik gabeko ezaugarri horiei esanahia emateko ahaleginak pertsonaren bereizgarriak irakurtzera bultzatzen du ikuslearen gaitasuna. Kontua zera da, ezagugarritasunaren, irakurgarritasunaren, ulergarritasunaren adierazpide piktorikoak galerien zein museoen arauetatik urrun existitzen diren mundu baten aurrez aurre jartzea, ikusleen instituzioarekiko asintotikoak diren arau propioekin funtzionatzen duen mundu baten aurrez aurre.

Granateak deabruak uxatzen zituen, eta hidrofana-harriak, berriz, kolorea kentzen zion ilargiari.

Oscar Wilde11

4.

Dokumentalaren azalpen-eskakizuna alboratzeak tartea zabaltzen dio margolari idazlearen hizkera poetikoari. Dokumentalak berez ekarri ohi duen elkarrizketa ezabaturik, poesiak erraz hartzen du biografiaren tokia. Yiadom-Boakyeren titulu, poema eta elezaharretan, margolaritzatik urrun dauden mailetan jokatzeko gai diren irakurketa-alegoriak sortzen dituzten pentsamendu-irudiak bereizten has zaitezke. Hontzak dakiena piezak bideoa erabiltzen du Yiadom-Boakyeren idazkera interpretatu ahal izateko, nola eta haren testua mugiaraziz. Poesia, prosa eta margolaritzaren arteko topaketak eragitea du xede, artistaren poetika paraleloaren presentzia asintotiko eta aposizionala alegoria aurikular bihurtu dadin. Poesiak esanahi-aberrazioak sortzen ditu, itsutasun- eta pertzepzio-uneak eragiten dituzten aberrazioak, eta une horien efektuak bideo bidez irudikatu, interpretatu eta banatu daitezke. Terminoen letrakera larriak erakartzen du begi irakurlearen arreta, horrek sinbolismo-ahalmen berezi batez hornitzen baitu termino bakoitza, arkaismo-ahalmen Sinbolista batez, eta ahalmen horrek, nahita, desordukoa gertatzen den entifikazio nominatiboko poetika batera eramaten ditu terminoak. Poema orok dauzka letra larriz idatzitako hitzak, beren munduaren irudimenaren ideian eta agertokian elkarrekin diharduten Entitate izendatu edo Pertsonifikazio izendun gisa ulertzen direnak. Entitate horiek ugariak dira oso Yiadom-Boakyeren idazkeran, zeina ez baita izaki horiek elkarri esandako esaldien multzoa besterik. Beren aliterazio-logika eta arkaismo-lege propioen arabera jokatzen dute, eta azken horiek ez diote ezer zor Zadie Smith idazleak Yiadom-Boakyeren margolanetako irudien “misterio narratibo” gisa izendatu duen horri12. Eta ez diete ikuslearen munduaren arauei ere jarraitzen. Irakurketaren alegoria gisa, ordea, setatiki eta berehala dira irakurtzeko modukoak, ulergarriak bientzat.

Izakiz betetzen du Yiadom-Boakyek bere elezahar-poetika: Hontzez, Usoz, Belez, Azeriz eta Basasaguz. Beren gizalege maltzurrak, kalkulu amarrutsuak eta amoraltasun morbosoak talaia bikaina eskaintzen diete bertatik komentatu ahal izateko afarietan zehar egongeletan, jangeletan eta logeletan ematen diren desengainuak, zurikeriak eta krudelkeriak, baita eurek uste dutena bezain buru-argiak eta sofistikatuak ez diren kapitalisten amodio-kontuak eta haiek egindako hilketak ere. Yiadom-Boakyeren idatzietan, aristokrata zarpatsuak eta burges zitalak beren maltzurkeriaren ustekabeko biktima bihurtzen dira. Kontakizun-bilbearen egitura horrek, non kukuak oker jotzen baitie pertsonaiei, badu Yiadom-Boakyeri erakargarri gertatzen zaion zorigaiztoko logika bat. Egokia da, beraz, haren ahotsa izatea Hontzak dakiena piezan entzuten dena pertsonaiek beren zoritxarra eraikitzean eta eraikitzeko darabiltzaten mekanismoen zitalkeria ezkutua errezitatuz. Hontzak dakiena lanean, Usoa, Hontzaren eskuetan, edo hobeto esanda, Hontzaren hegoetan dagoela, konturatzen da bera —Usoa— izango dela berak bere buruari eragindako heriotza pairatuko duena. Baina, Usoak ez bezala, Hontzak dakiena zera da, apetitua dela bere saria, bere bizigaia, bere motorra.

Margolaritzaren, prosaren, poesiaren eta bideoaren arteko egun argiko topaketak eszenaratzean, Hontzak dakiena lekuz aldatzen da, estudioaren barrenaldetik Londres hegoaldeko parke urbanoetara; Yiadom-Boakyeren gau-pentsamenduak argitasunetik iluntasunera daramatza, eta alderantziz. Bere poemak — edizio-prozesuaren denbora-egituraren mesedetan eta haren arabera antolatuak— irakurtzen dituen bitartean, espresionismo introspektiboak bere egiten du behaketaren denbora. Margolariaren irudia silueta gisa agertzen da sodio-argiaren pean, ibiltari bakartia balitz bezala, beren aieruaren garrantzia aditzera ematen duten agertoki ezezagunez osatutako paisaia urbanoan barrena dabilkion ameskerian murgildua. Margolariaren ahotsak kameraren irismenetik at dauden pentsamendu-irudiak dakartza gogora, eta halako inplikazio-zentzu batez ematen du pantailan gertatzen dena. Bideoak entzuteko moduko esanahiak antolatzen ditu. Margolaritzaren irrealtasuna, poesiaren leizea eta ahozkotasunaren araoa elkartzeko topaketa baterako deia egiten du. Gauaren argia aditzea egunaren gaua entzutea da. Margolariak hartzen duen pasabide bakoitzak oroitzapenaren geografia jakin bat hartzen du gogoan. Ibilaldi bakoitzak, aldiz, bere baitan bilakabide bat gordetzen duen desira-lerro jakin bat marrazten du.

Izan ere, Lynette Yiadom-Boakye Londres hegoaldekoa da azken batean. Bere lanetik Londres hegoaldearen ageriko erreferentziak desagerrarazi izanak hutsune bat uzten du, eta hutsune horri esker, margolariaren solaskide estatubatuarrek beren kezken araberako irizpideekin interpretatu dezakete Yiadom-Boakyeren lana. Margolaria bere hitzez adierazitako hirian barrena dabilen ibiltari gisa erakusten badu ere, Hontzak dakiena piezaren xedea ez da hutsune hori esanahiz betetzea; areago da poesiaren esanahi-leizea Londresko hiriaren beraren aldera birbideratzea. Zera galdetzen du: nahita eragindako infradeterminazioaren eta infinitutasun intrakromatikoaren estetikaren mende egonik —bai iraganean, bai orainean—, zer forma hartuko luke britainiartasun beltzaren nozioak, bereziki Londres hegoaldekoa den ghanar britainiartasunaren berariazko espezifikotasunean? Entzuten dakitenentzat, Londres hegoaldeko izaera berezi hori, ghanar britainiartasunaren forma jakin hori, entzun egin daiteke Yiadom-Boakyek irakurtzean darabilen ahotsean, haren adierazpen jasoaren zehaztasunean, haren kontsonantzia eta asonantzia nabarmenduetan. Margolariak irakurtzean darabilen ahotsaren tonalitate afektiboan poetikotasunaren indarra entzun daiteke, bere margolanetako eta bere margolanen identitateak deskribatu nahian zabiltzala ustekabean bilatzen duzun arrazializazioaren nolakotasunetik eta edukitik ikuslegoa urruntzen duen drama bat, arrozte-prozesuan zentratua, sortzeko duen ahalmena13.

 Itzulpena: Rosetta Testu Zerbitzuak

Oharrak:

 

1. Virginia Woolf, Walter Sickert: A Conversation, Oh, to Be a Painter!, Claudia Tobin (hitzaurrea eta hautaketa), David Zwirner Books, New York, 2021, 68. or.

2. Shola von Reinhold, LOTE, Jacaranda Books, Londres, 2020, 312. or.

3. Derek Walcott, “The Muse of History”, What the Twilight Says: Essays, Farrar, Straus & Giroux, New York, 1998, 51. or.

4. Ikus Gabrielle Hecht, “Interscalar Vehicles for an African Anthropocene: On Waste, Temporality and Violence”, Cultural Anthropology, 3. alea, 1. zk., 109–41. or.

5. Ikus Keith Hudson, The Black Morphologist of Reggae, Vista Sounds, 1983.

6. Termino hau Brian Massumi-rengandik hartua eta egokitua da. Hala dio Massumik: “Izan ere, Simondonen pentsamenduak oihartzunik izan dezan, konstruktibismoak bidea zabaldu behar dio inbentibismo integralari (halako pentsamendurik baldin badago). Naturaren eta naturaren sormenaren ikararik ez duen inbentibismoa.” Ikus “‘Technical Mentality’ Revisited: Brian Massumi on Gilbert Simondon”, honakoekin: Arne De Boever, Alex Murray eta Jon Roffe, Parrhesia, 7. zk., 2009, 38. or.

7. David Marriott, “The X of Representation: Rereading Stuart Hall”, New Formations, 2019, 96–7. zk., 178. or.

8. Billie Holiday, Solitude, 1956, Clef Records, 1956.

9. Virginia Woolf, Oh, to Be a Painter!, op. cit., 71. or.

10. Marlon B. Ross, Sissy Insurgencies: A Racial Anatomy of Unfit Manliness, Duke University Press, Durham eta Londres, 2022, 1–49. or.

11. Oscar Wilde, The Uncensored Picture of Dorian Gray, Nicholas Frankel (ed.), Harvard University Press, 2012, 167. or.

12. Zadie Smith, “Lynette Yiadom’s Imaginary Portraits”, The New Yorker, ekainak 12, 2017.

13 . David Marriott, “Bastard Allegories: Black British Independent Cinema”, Black Camera, 7. alea, 1. zk., 2015eko udazkena, 181. or.