Edukira zuzenean joan

Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik

katalogoa

Hegoaldera arraunean laguntzaren bila

Lynette Yiadom-Boakye

Izenburua:
Hegoaldera arraunean laguntzaren bila
Egilea:
Lynette Yiadom-Boakye
Argitalpena:
Madril: La Fábrica eta Guggenheim Bilbao Museoa, 2023
Neurriak:
24 x 32 cm
Orrialdeak:
160
ISBN:
978-84-18934-49-0
Lege gordailua:
M-7779-2023
Erakusketa:
Lynette Yiadom-Boakye. Halako ilunabar bizirik
Gaiak:
Emakumea artean | Ibilbide artistikoa | Sorkuntza artistikoa | Sinbologia | Poesia | Hitzak | Kontakizun-eraikuntza
Mugimendu artistikoak:
Arte Garaikidea
Aipatutako artistak:
Yiadom-Boakye, Lynette

Mota gisa, espezie gisa, Hontz Estigiarrek ez dute

eskuhartzea atsegin.

Eta, orduan, gutxitan sartzen dira zuzenean ez dagozkien kontuetan.

Askoz nahiago dute

euren kontuez arduratzea.

 

Emakumeak emeki egiten zuen arraun ibaian behera, eta kontu handiz orekatzen zuen bere pisua txalupan zeraman zamarenaren aurka: Karga Dohakabea, anonimoa, beruna bezain pisutsua eta mantetan bildua.

Hontz Estigiarrak, erriberaren goialdean atseden hartzen ari zirela arrats erdian, gai ziren emakumea ikusteko behe-laino eta lanbro arin artean. Eszenak ez zuen inolako komentariorik piztu euren artean.

Urak motelak, lasaiak eta egonkorrak ziren toki batean, emakumeak arraunak txalupan gorde zituen atseden hartzera geratzeko, trizepsak akituta eta zangosagarrak karranpatuta baitzituen kargaren aurka, txaluparen beste muturrean mantetan bildutako Karga Dohakabearen aurka.

Hontz Estigiarrek fardela antzeman zuten, baina ez zehaztasunez. Eta, edozein kasutan, ez zuten jakin nahi zer zen.

Ibaiaren lanbroak, anbar gris eta izpilikuz kargatuak, emakume nekatua loarazi egin zuen. Beroki zaharrari tira egin zion hobeto biltzeko, zetazko zapia estu lotu zuen ilea hobeto babesteko, eta etzan bitartean txabusina zikinduaren azpildura jaitsi zuen orkatila biluziak estaltzeko. Eten ugariko loaldi zuhurra egin zuen, loaldi aski ernea, ez zezan oreka galdu, eta bere burua eta bere Karga Ezin Dohakabeagoa (indiferentzia, alfonbra eta zorroztasunean bildua) iraul ez zitezen ibaiaren ur more transluzidoetan.

Hontzek egoeraren prekarietatea ikusi zuten (beti bezala), baina ez zuten komentariorik egin nahi izan.

Distantzia jakin batera, beste txalupa bat geldi zegoen uretan. Emakumeak ez zuen ikusi, ibaian behera egindako bidaiak, haren aurretik izandako istiluak eta Karga Dohakabea garraiatzeak eragindako nekearen ondorioz. Beste txalupa luzea eta dotorea eta iridiszentea zen eta azkar hurbiltzen ari zen ilunabarrean, eta distira egiten zuen horizontean. Txaluparen jabea, inguru haietan txera handirik gabe Zilarrezko Txaluparia izenez ezaguna, lo zetzan barruan; haren sepia koloreko gorputz-adar hezurtsuak anorak zuri orbandu luze baten azpian biltzen ziren, hura ere iridiszentea, txalupa bezala, eta burua eta aurpegiaren zati bat kaputxa handi batek estaltzen zizkion. Begi itxiak estalita zeuden, baina sudurra, ezpainak, masailak eta afro papilota luzeak ikusgai zeuden ibaiko elementuentzat. Hatz zaintsu luzeak estututa zeuzkan gora eta behera modu sumagaitzean egiten zuen bularraren gainean.

Sumagaitza gehienentzat, baina ez Hontz Estigiarrentzat.

Aspalditik ibaiertzeko bizilagunak izanik, ezagun zuten txalupako gizona, nahiz eta ez jakin haren izena eta ez arduratu galdetzeaz ere. Haren hainbeste ekintza ikusita, ez zuten izena jakiteko premiarik.

Egun-argia ilunabarrean desagertu zen eta emakumea zurrungaka hasi zen. Burua atzeraka eta ahoa zabal-zabalik, moskitoak hegan zebilzkion lepo eta orkatilen inguruan. Ibaian behera, zurrungak zaratatsuak ziren, txistu altu eta finean aienatutako arnasots arrastatuak. Zarata handia hain gorputz txikiarentzat. Txalupa kulunkatu egin zen pixka bat, baina emakumea eta bere Karga Dohakabea ez ziren mugitu, ezta zirkinik egin ere, Tanok berak, ganbelan lokartzeko asmoz, azpitik kulunkatzen zituen umetxo bi balira bezala.

Hegaztiak, Hontz Estigiarrak, ernegatuta zeuden zarata harekin, baina ez zuten ezer esan. Gaua zenez jada, denak esnarik zeuden eta, hortaz, emakumeak ez zuen haien lozorroa eten.

Hala ere, ezin zitekeen gauza bera esan beste txalupako figura luze eta misteriotsuaz; txalupak orain zilar-distira egiten zuen ilargiaren argitan. Zilarrezko Txaluparia, inguru haietan hala ezaguna zena, nahiz inoiz inork izenik galdetu ez, zurrungek zakarki iratzarririk, astiro eseri zen zarataren jatorria aurkitzeko: maspildutako arraun-txalupa berde bat, arropetan bildutako bi silueta zituena, bata zaratatsua, isila bestea.

Zilarrezko Txaluparia, ikusita gonbidatu bat zuela (ibaiaren eremu hartara etortzen zen oro bera ikustera etortzen zen, nahiz eta sekula ez onartu), arraunean hasi zen, leunki, beste ontziari harrera egiteko.

Emakumeak lo jarraitu zuen. Ametsak beteta zeuzkan etorkizun zegoen bizitza batekin, egun hura igaro ondoren, guztia amaitu ondoren, leku ezezagun hartara egindako txalupa-bidaia inprobisatu haren ondoren, eta Karga Dohakabeari zegokion guztia konpondu ondoren etorriko zen bizitza batekin. Etorkizun zegoen bizitza hori aukeraz betea izango zen. Hura bezalako egunik gabeko bizitza.

Erresuminez betetako egunak.

Arrazoirik gabeko egunak.

Ontasunari Uko egiteak,

Pentsamendu Biolentoen trukean,

Hitz Biolentoak ekarri zituen,

Egintza Biolentoak ekarri zituen,

Eta Ekintza Odoltsuak,

Txaluparen beste aldeko Karga Dohakabe bat,

Pertsona bat, eta leku bat, eta berak ez zuen inolako loturarik izan nahi haiekin.

 

Bere txalupak jasotako kolpe gogor batek iratzarri zuen. Supituki eseri zen eta buruko zapia, korapilo eta guzti, erori egin zitzaion, eta halamoduz lisatutako ile anabasa agerian geratu zitzaion, erdia lisatuta, erdia hanpatua, eta guztia forma erabat galdua. Emakumeak kaputxari erreparatu zion eta Zilarrezko Txalupariaren aurpegia ikusi zuen. Soslai bitxiko aurpegi ederra zuen; urdin-beltz koloreko begi bizi alaiek kontrastea egiten zuten albo bietan papilota luzez inguratutako aho triste eta desinteresatu samarrarekin. Emakumeak ez zuen espero halako gizon erakargarririk, trauskilagoa baizik. Presaz jaso zuen zapia eta berriz lotu zuen. 

Zilarrezko Txalupariak atzera egin zuen eta ez zuen deus esan.

Begira geratu zitzaion emakumeari eta ez zuen deus esan.

Urak gizonaren txalupa emakumearenaren aurka bultzatu zuen hainbat alditan.

Zilarrezko Txalupariak ez zuen deus esan.

 

Kontrastean, emakumea ezinegon handiz mugitzen zen. Dardarka, arnasestuka eta begiradari eutsi ezinik.

Begiak dardoen gisa zebilzkion hara eta hona.

Ihesbide baten gisako zerbaiten bila.

Edo aitzakia baten bila.

 

Bien bitartean, Karga Dohakabeak geldi jarraitzen zuen emakumearen oinetan.

 

Hontz Estigiarrek oraindik goialdean bilduta jarraitzen zuten, euren kontuez arduratzen. Diskrezioaren maisuak izanik, baita hegaztien artean kritikarako joera apalena dutenak ere, gertatuko zen guztiaren lekuko izan ziren, baina, jakina, ez zuten elkarrizketaren berririk eman. Galdetu izan balitzaie (eta izan balute egia, egia osoa eta soilik egia esateko borondatea, Jainkoaren laguntzarekin), hauxe da kontatuko zuketena:

Zilarrezko Txaluparia: Kontaidazu.

Emakumea: Zer?

Zilarrezko Txaluparia: Kontatu guztia.

Emakumea:  Nor zara Zu?

Zilarrezko Txaluparia: Badakizu nor naizen.

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: Ez zinatekeen hemen egongo, ez bazeneki nor naizen.

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: Zerbait ekarri didazu?

Emakumea: (Isilik eta begira-begira)

Zilarrezko Txaluparia: Tira, hona etortzen den orok beti ekartzen dit zerbait.

Emakumea: (Oraindik isilik eta begirada Karga Dohakabeari zuzenduta)

Zilarrezko Txaluparia: Hara! Hori niretzat da? (Azal iluneko atzamar hezurtsu bat arropetan bildutako fardelari zuzenduta)

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: Tira! Zergatik hain lotsati? Andere maitea, sinetsiko ez zenituzkeen hamaika gauza ikusi ditut. Entzun ditut errepikatzea nahiko ez zenituzkeen hamaika kontu. Heriotza, hau da, Heriotza Larritua, Bizitza bezain zaharra da eta harenganako bide gutxi daude harrituko nautenak. Tira, esan zerbait. Kontatu Guztia.

Emakumea: Istripua izan zen.

Zilarrezko Txaluparia: (Gizonaren algara eta entzuten ari ez zirela simulatzen zuten Hontz Estigiarren ulu bat edo bi edo hiru) Ez ote da hala beti! Hainbeste istripu. Miraria da gu oraindik hemen egotea.

Emakumea: Ez zen horrela gertatu behar.

Zilarrezko Txaluparia: “Ez zen horrela gertatu behar”. Baina gertatu behar zen, ezta? Baina ez horrela, ez?

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: Ikus dezaket? (Txaluparen beste aldeko fardelari keinu eginez)

Hontz Estigiarrek, galdetu izan balitzaie zer ikusi zuten eta kontatu nahi izan balute, deskribatuko zuten Zilarrezko Txalupariaren azal iluneko atzamar hezurtsuek kendu egin zutela Karga Dohakabea biltzen zuen manta, haren aurpegia ikusteko. Hontz Estigiarrek jarraituko zuten deskribatuz gizonaren aurpegi leuneko irri txikia. Irria baina estatikoa; ematen zuen lo zegoela, baina loaz haratago zegoen, Betiko Bizitzan sakonki murgildua. Hontzek ikusiko zuten haren gorputz-adarrak tolestuta zeudela, izara zurietan kontu handiz bilduta, itsas urdin koloreko mantaren azpian. Hontzek, galdetu izan balitzaie, esango zuketen aski gorpu ikusiak zituztela jakiteko gizon hark ordu ugari zeramatzala hilik. Hala ere, Hontzek zalantzak izango zituzketen heriotzaren edo irri txikiaren jatorriaren kausak komentatzeko. 

Zilarrezko Txaluparia: Hara, hara… (buruarekin baietz eginez, bekainak jasota eta nolabait harrituta)

Emakumea: (Isilik)

(Puntu honetan, Zilarrezko Txalupariak, ohiturari jarraiki, boligrafoa eta karpetatxoa hartu zituen paper-kontuak egiteko).

Zilarrezko Txaluparia: Senarra, Maitalea, Neba, Lehengusua, Laguna edo Guztiz Ezezaguna?

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: Ez duzu esan nahi?

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: Ados. (Ohar bat idatzi du formularioan) Maitasuna, Lizunkeria, Dirua edo Eromena?

Emakumea: (Isilik. Moskito bat uxatu du)

Zilarrezko Txaluparia: Edo aurreko guztiak?

Emakumea: (Begirada jaitsi du nolabait arrazoia emanez)

Zilarrezko Txaluparia: Ene doluminak. Gupidatuko nintzateke zutaz, nire lana balitz zutaz gupidatzea.

Emakumea: (Isilik, malkorik ez)

Zilarrezko Txaluparia: Labana, bala, pozoia edo aurretiaz planeatutako ezbeharra?

Emakumea: Lehenago esan dizut. Istripua izan zen.

Zilarrezko Txaluparia: A, bai. (Beste ohar bat idatzi du). Hori esan duzu.

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: (Okotz bizartsua laztanduz) Noski, istripuen alde interesgarriena da sekula ez direla istripuz gertatzen, ez duzu uste?

Emakumea: (Isilik, malkorik ez, baina begiak sutan eta amorru gorriz)

Zilarrezko Txaluparia: (Barretxo lehor lotsagabea, ohar gehiago idatzi bitartean)

Emakumea: (Isilik)

 

Denbora-tarte bat igaro zen isiltasunean eta Hontz Estigiarrek ikusi zuten Zilarrezko Txaluparia karpetatxoan ohar luzeak zirriborratzen Emakumeak begiratzen zion bitartean, Emakumearen begien dardo azkarrak gizonaren aurpegian, boligrafoan eta Karga Dohakabean iltzatzen ziren bitartean. Bat-batean, Zilarrezko Txalupariak boligrafoa eta karpetatxoa utzi eta hustasunez begiratu zion Emakumeari.

Zilarrezko Txaluparia: Hartuko dut?

Emakumea: (Buruarekin baietz eginez)

Abileziaz, laguntzarik eta ageriko zailtasunik gabe, Zilarrezko Txalupariak Karga Dohakabea txalupa batetik bestera bota zuen. Hontzak harrituta zeuden; bazekiten zein astuna izan zitekeen gorpu bat, eta ezin zuten ulertu nola beso eta esku pare xume batek altxa zezakeen inolako laguntzarik gabe. Baina Hontz Estigiarrek bazekiten badirela munduan (eta bereziki erribera hartan) zientziari, arrazoiari eta azalpen logikoei desafio egiten zieten gauzak. Hortaz, euren sinesgaiztasuna alde batera utzi zuten. Emakumeak gauza bera egin zuen, ez naturaz gaindiko sinesmenen batenganako edo Magiarekiko Begirunez, baizik eta desesperatuta dagoenak ez duelako bere arazoen konponbidea aztertzea bilatzen.

Gorpua, Karga Dohakabea, bere txalupan guztiz seguru izandakoan, Zilarrezko Txalupariak oinak jarri zizkion gainean eta lasai eseri zen, eskuak magalean gurutzatuz kontu handiz. Berriro ere, Emakumeari begiratu zion eta ez zuen deus esan.

Emakumea:  Orduan?

Zilarrezko Txaluparia: Barkatu, zer?

Emakumea: Zenbat? Zer zor dizut?

Zilarrezko Txaluparia: Bizitza? Askatasuna? Lur honetako hiritar onen artean trabarik gabe ibiltzen jarraitzeko libertatea?

Emakumea: (Isilik)

Emakumea: Zer nahi duzu?!

Zilarrezko Txaluparia: (Irri isila, burua alde batera makurtuta, Emakumea goitik behera behatuz)

Emakumea: Ados, ongi da. Hori bada nahi duzuna, hala izan bedi.

Hontz Estigiarrak txundituta geratu ziren (baina ez zuten txundidurarik erakutsi) Emakumea hain gau hotzean berokia kentzen ikusi zutenean. Are gehiago kezkatu ziren txabusina zaharraren botoiak askatzen hasi zenean. Hontzetako askok (zaharrenek eta mundukoienek) gertatzen ari zena ulertu eta beste aldera begiratu zuten, erabat nahigabetuta.

Zilarrezko Txaluparia: Ez, mila esker. Oso eskuzabala zure aldetik, baina ordainketak zilarretan egin behar dira. Sekula ez jenerotan.

Emakumea: (Isilik, berriz berokia jantzita)

Zilarrezko Txaluparia: Aspaldi berbideratu nuen nire desira haragitik urrun. 

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: Zer duzu niretzat?

Hontz Estigiarrek, euren arreta beheko eszenara itzulita, entzun zuten (baina aipurik egin ez) metalaren errepika hotsa, Emakumeak plastikozko zorro bat atera zuenean berokiaren azpitik.  Poltsatik zilarrezko ontziteria bateko bost pieza atera zituen: ganderailu bat, esne-ontzi bat, azukre-ontzi bat, kafe-ontzi bat eta piperbeltz-ehogailu bat. Tresna guztiak Zilarrezko Txalupariari eman zizkion Hontzen begiek distira egiten zuten bitartean; zenbat begi-pare distiratsu goiko adarretatik behera begira.

Zilarrezko Txaluparia: Eta?

Emakumea: Eta zer?

Zilarrezko Txaluparia: Eta gainerakoa.

Hontz Estigiarrek Emakumearen sumindurazko kirrinka entzun zuten berokiko poltsiko batetik zorro txiki bat atera eta Zilarrezko Txalupariaren ahur grisean husten zuen bitartean. Zilarrezko txanpon batzuk erori ziren zorrotik. 

Zilarrezko Txaluparia: Eta gainerakoa?

Emakumeak haserre begiratu zion Zilarrezko Txalupariari belarrietako zilarrezko uztai txikiak eta eskuko urre zurizko eraztuna eranzten zituen bitartean. Lepotik zintzilik zuen gurutzea askatu eta bitxi guztiak Zilarrezko Txalupariari eman zizkion.

Guztia lortuta aski gogobeterik eta eskerrik edo agurrik edo etorkizunerako desio onik adierazi gabe, Zilarrezko Txaluparia arraunean urruntzen hasi zen, Karga Dohakabea txalupan eta zilarra oinetan. Oraindik urrunegi joan gabe, gurutzedun zilarrezko katea hartu zuen bere magaletik eta argitan zintzilikatu zuen pentsakor.

Zilarrezko Txaluparia: Tori. (Katea Emakumeari bota zion; Emakumeak zailtasunez harrapatu zuen)

Emakumea: (Isilik)

Zilarrezko Txaluparia: Zuri niri baino baliagarriagoa izango zaizu. Bereziki orain.

Emakumea: (Isilik, kopeta uzkurtuz Zilarrezko Txalupariari)

Eta halaxe, Zilarrezko Txalupariak arraun egin zuen astiro eta metodikoki; haren barre-algara krudela gero eta ozenago entzun zen, zuhaitzen artetik hegaztiengana eta are urrunago helduz.

Emakumeak eta Hontz Estigiarrek denbora luzez entzun zuten haren zantzo beldurgarria, baita ibaian gora lanbro artean desagertu eta askoz geroago ere.

Inork ere ez zuen aipurik egin.

Itzulpena: Xabier Paya Ruiz